Hizkuntzen kudeaketa erdigunean

Hizkuntzen kudeaketa erdigunean –

Hizkuntzen kudeaketak eragina du erakundeen lehiakortasunean? Hizkuntza bat erabiltzeak edo ez erabiltzeak enpresa baten lehiakortasunean eragiten du? Hizkuntzen erabilera egokiak onurak eta etekinak ekarri ohi dizkio enpresa bati? Hizkuntza bat ez kudeatzea arriskutsua izan daiteke erakunde batentzat? Hizkuntzen kudeaketa egokiak langileen, bezeroen eta kontsumitzaileen hizkuntza eskaerak eta eskubideak asetzen ditu? Zeintzuk dira Euskal Herriko enpresek eta erakundeek kudeatu beharreko hizkuntzak? Zergatik? Zein irizpideren arabera edota enpresaren zein ezaugarriren arabera zehaztu behar da hizkuntzak kudeatzearen garrantzia, komenigarritasuna edo derrigortasuna?

Hizkuntzen kudeaketa erdigunean

Esango nuke hizkuntzen kudeaketaz ia ez dela hitz egiten enpresak edota era guztietako erakundeak kudeatzen dituzten pertsonen artean. Ez da hizketa gai izaten, lege betebeharren bat egon ezean edo enpresan ohiko aktibista nekaezin horietako bat izan ezean. Baina hizkuntzen aldagaiari erreparatu beharko liokete, ezinbestez, enpresak zein erakundeak kudeatzen dihardutenek, era guztietako enpresen balio-katean, ekoizten den produktuari edo eskaintzen den zerbitzuari balioa eransten baitiote hizkuntzek. Horregatik, hizkuntza horien artean, euskara ere bada Euskal Herrian kokaturiko edota jarduna bertan dituzten enpresen eta era guztietako erakundeen balioa handitzen lagundu dezakeen eta kudeatu behar den faktorea, barrura begira eta kontsumitzaile zein erabiltzaileei begira ere. Enpresek, beste aldagai askoren artean, hizkuntzak ere kudeatu behar dituzte. Baita administrazioek eta langileok zein kontsumitzaileok ere.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileon eskubideei erreparatuta, EAEn dugu egoerarik aldekoena, oro har. Hizkuntza-eskubide hauek legez onartuak ditugu: batetik, ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzekoa; bestetik, autonomia erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa eta establezimenduekin ditugun harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea. Indarrean dagoen araudiaren arabera, hizkuntza ofizialetako edozeinetan arreta emateko prest egon beharko dute enpresa eta establezimendu horiek. Hala ere, eskubide horiek araudian ezartzen diren progresibotasun-baldintzen mende gauzatuko dira, eta kanpoan geratzen dira saltoki txikiak eta mikroenpresak. Oro har, esan dezakegu hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideak izanik ere, indarrean dagoen araudiak ez dituela betebeharrak nahikoa zehazten.

Egoera horretan, Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua arautuko duen legearen berrikusketari ekin dio eta ekarpenak jasotzen hasi da. Egoera soziolinguistikoa aldatu da aurreko legea 2003an onartu zenetik; elebidunen kopuruak gora egin du. Eremu sozioekonomikoaren espazioetan euskara baliatzea gero eta beharrezkoagoa da administrazioren zein euskalgintzako erakundeen adierazpenei erreparatuta, eta herritarren aldetik gero eta eskaera handiagoa dago. Euskara kontsumitzaile eta erabiltzaile irizpidedunaren ezaugarria ere bada. Bertakoa, hurbila, ekologikoa, kalitatekoa kontsumitu nahi izaten dugu, eta euskarari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile irizpidedun aktiboak giltzarri dira.

Jauzia behar da eremu horretan, kontuan izanik zerbitzuak eta produktuak euskaraz jasotze(ko eskubide)az ari garela. Egoera irauliko badugu, urratsak behar dira araugintzan, plangintzan eta baliabideetan. Jauzia emateko unea da, etorkizuna euskaraz irudikatuko badugu. Bakoitzak —administrazioek, enpresek, langileek, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek— bere erantzukizunak ditu. Horietaz jabetzea, arduraz kudeatzea eta neurri eragingarriagoak ezartzea dagokigu.

Hizkuntzen kudeaketa erdigunean Hizkuntzen kudeaketa erdigunean

Bai Euskarari Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude