[Simone Weil] Erroztamendua XVI
[Simone Weil] Erroztamendua XVI –
Erroztamendua (XVI. bidalketa)
Baina garrantzi gutxi du. Nork du behartzen gauza anitz mirestera? Funtsezkoena da mirestea bakarrik gure arima guziaz mirets dezakeguna. Nork dezake Alexandre bere arima guziaz mirets, arima eskasa ez badu?
Bada jendea historiaren irakaskuntza kendu nahi lukeena. Egia da, data eta erreferentzia eskeleto murriztu bat emaiteaz aparte, historiako ikasgaiak sinesteko ohitura zentzugabea abandonatu beharko ginukeela, eta historiari eman beharko geniokeela literaturari ematen diogun arreta-mota bera. Baina, historiaren ikaskuntza kentzea, desastre bat izango litzateke. Historiarik gabe, patriarik ez dago. Sobera ongi ikusten da Estatu Batuetan zer den populu bat denboraren neurriaz gabetua.
Beste batzuek proposatzen dute historia irakastea gerlak atzeko mailan jarriz. Hau gezurra izango litzateke. Gaur ez dugu sobera ongi ulertzen baizik, baina iraganean ere nabarmena zen, populuentzat deus ez dela gerla bezain inportantea. Gerlaz mintzatu behar da egiten dugun bezainbat edo gehiago, baina hartaz bestela mintzatu behar da.
Giza-bihotzaren ezagutzarentzat ez da beste metodorik, ezen ez eta historiaren estudioa bizitzaren esperientzarekin batera, biek elgar argi ditzaten. Betebeharra dugu hazkurri hori nerabeen eta gizonen izpirituei eskaintzea. Baina hazkurria izan behar da egiarena. Eta datuak ez dira bakarrik zuzenak izan behar kontrola ditzakegun neurrian, baina ikuspuntu egia batean erakutsiak izan behar dira ongiari eta gaizkiari begira.
Historia da tipikeriaz eta krudelkeriaz osaturiko ehun bat zeinean han edo hemen araztasun tanta batzuek distiratzen baitute. Horrela da, lehenik araztasun gutxi delako gizonen artean; eta gutxi horren parterik gehiena ezkutatua delako eta egoki da. Ahal badugu, saiheskako lekukotasunak bilatu behar ditugu. Eliza erromanoak, kantu gregorianoa ez dira sortu ahal izan baizik eta populazioetan zeinetan ondoko mendeetan baino araztasun askoz gehiago izan baitzen.
Frantzia maitatzeko, sentitu behar da iragan bat baduela, baina ez da iragan horren azal historikoa maitatu behar. Maitatu behar da bere parte mutua, anonimoa eta ezkutatua.
Osoki gezurra da probidentziazko mekanismo batek ondokoen oroimenari transmititzen liokeela garai batek duen onena. Gauzen izaerez, handitasun faltsua da transmititua. Bada araiz mekanismo probidentzial bat, baina bakarrik funtzionatzen du egiazko handitasun puska ttipi bat handitasun faltsu askorekin nahasiz; guri dagozkigu bereiztea. Hori gabe galduak izango ginateke.
Handitasun faltsuaren transmisioa historian zehar ez da historiari erreserbatua. Lege orokorra da. Adibidez, literatura eta arteak ere gobernatzen ditu. Izan ere bada mendeetan barna talentu literarioaren dominazio bat talentu politikoaren dominazioaren antzekoa dena espazioan. Izaera bereko dominzioak dira, biak berdin tenporalak, biak berdin materiaren eta indarraren esparrukoak dira, biak berdin eskasak. Horregatik bi dominazio-mota horiek izan daitezke sal-erospen edo trukaketa objektu.
L’Ariostek bere poeman ez du gorritzeko arrazoirik izan behar horrelako zerbait erranez: ene bizitzan zure menpean nago, eta zuri dagokizu ni aberats edo pobre izatea. Baina etorkizunean zure abizena ene menpean dago, eta eni dagokit hiru menderen buruan zutaz ongia ala gaizkia errana izatea, edo ezer. Hobe dugu ongi elgar aditzea biok. Eman iezadazkizu faborea eta aberastasuna eta nik laudatuko zaitut.
Virgilek komenigarritasunaren zentzu sobera zeukan, mota horretako tratu publikoan agertzeko. Baina egiaz, berau zen justu Augusto eta beraren artean izan zen tratua. Bere bertsoak, anitzetan, maitagarriak dira irakurtzerakoan, baina hori dela eta, berarentzat eta bere parekideentzat, poeta izena beste izen bat aurkitu behar litzateke. Poesia ez da saltzen. Jainkoa zuzengabea izango litzateke Eneide baldintza horietan osatua izan zenak Illiadak duen balio berdina izan balu. Baina Jainkoa justua da eta Eneide infinituki urruti da berdintasun horretatik.
Ongia ez da bakarrik mespretxatua historiaren ikasketetan, baina haurrei proposatutako ikasketa guzietan, eta behin gizondu eta gero, beren izpirituari eskainitako hazkurrietan ez dute aurkitzen beren burua mespretxu horretan gogortzeko arrazoiak baizik. Nabari da -topikoa bilakatu da gizonen eta haurren artean- talentuak ez duela deus ikusteko moralitatearekin. Alta ez da haurren eta gizonen miresmenari esparru guzietako talentuak baizik proposatzen.
Talentuaren agerraldi guzietan, edozeinetan ere, denek ikusten dute pratikatzeko gomendatzen zaizkien bertuteen falta lotsagabea. Zer ondoriozta dezakegu baizik eta mediokritatea bertuteari dagokiola? Konbentzimendu hori hain barna sartu da, non, lehen, zentzuz betea zen bertutearen izena bera orai erridikulua bilakatu den, onestatearena eta bihotz-ontasunarena bezalaxe. Ingelesak iraganetik hurbilagoak egoten dira beste herriak baino; horretarako frantsesez ez da hitzik «good» eta «wicked» erraiteko. Nola, haur batek historiako ikasketetan, krudelkeria eta anbizioa goretsiak ikusten dituenak; literaturako ikasketetetan, berekoitasuna, harrokeria, banitatea, harrabotsa egiteko egarria; zientziako ikasketetan, gizonen bizitza inarrosi duten aurkikuntza guziak, hauen metodoa ezta inarrosialdien ondorioa ere demendren kontuan hartu gabe; nola, bada, ikas lezake ongia miresten? Korrente hain orokor horren kontra iduriz doan guzia, adibidez Pasteurren laudorioa, doinutik kanpo hots egiten du. Handitasun faltsuaren giroan, egiazko handitasuna berreskuratu nahi izaitea alferrikakoa da. Handitasun faltsua erdeinatu behar da.