Amaiur, guduak eta narrazioak

Amaiur, guduak eta narrazioak –

Sinbolismo historiko handiko egunak datoz, eta ez dira falta izan oroimen ekitaldi eta ospakizunak Amaiurren, baita beste herri batzuetan ere. Duela 500 urte nafarren askatasuna aldezteko adoretsu borrokatu ziren bertan 200 nafar gerlari, etsi-etsian, tartean zirela Jakue Belaz de Medrano eta Migel Jatsu, Xabierko jauna, besteak beste. Hor eta Hondarribiko setioetan (1521-1524) jokatu zen Nafarroaren patua. Lehenago, hala ere, izan ziren beste gudu erabakigarri batzuk, euskaldunen kaltetan, gehienetan.

Amaiur, guduak eta narrazioak
Alfontso VII.a kalea. Arg: Ernestobanpiroa

Clavijoko gudua espainiarren mendetako oroimenaren leku horietako bat da. Clavijo herriaren inguruan (Errioxa), Leza eta Iregua ibaien eskualdeetan paisaia harrigarriak daude, baita leku historiko interesgarriak ere, hala nola Viguera eta Naiara herriak, azken hori 150 urtez eta gehiagoz Nafarroako erregeen egoitza eta hilobi leku izandakoa. Eskualde horretan, gogor borrokatu ziren nafarrak eta gaztelarrak XII. mendean, eta hor oinarritu zuen Errodrigo Ximenitz (Semenoitz?) Arradakoa Toledoko artzapezpiku nafarrak (euskaldunak) Clavijoko gudua, 1243an hala idatzita.

Arradakoak, baina, gudulariak aldatu zituen, pixka bat lehenago Errozabalgo guduarekin (778) egin zenaren antzera. Nafarren ordez, mairuak jarri, eta gaztelarren ordez, kristauak elkarturik; hori bai, gaztelarrek gidatuta. Beste espainiar mito nazional-katoliko asko bezala, gutxienez mende batez eskoletan irakatsiak, Clavijoko gudua asmatua da, bertan agertu omen zen Santiago Matamoros deitu zuten hori, eta gerlari kristauak gudura xaxatu zituen, ikonografia artistiko ugari baten sortzaile izan zena.

Clavijora heldu baino lehen La Union (de los Tres Ejercitos) herria pasa behar da, Espainiako banderaz eta pintada aberkoiez ondo apaindua hainbat etxe eta hormatan. Clavijora heldu orduko parafernalia nazional-katolikoa hasten da: gerlari (lausoki) musulmanak zapaltzen dituen Santiago Matamoros santu zaldunaren horma-irudiak. Herriko elizan Francoren garaiko plakak erakusten dira, Clavijoko bataila eta Francoren gurutzada loriatsua parekatu eta uztartzen dituztenak. Ez dirudi Espainiako herri horretako memoria asmatu eta gerrazale horri inork eragozpenik jarri dionik. Hor jarraitzen dute, ad aeternum. Amaiurko batailaren monolito oroigarria 1931n lehertarazi zuten uztailean bertan, oraingoaren arbasoa.

Guztiz bestelako oroigarri batean, Donostiako Polloe hilerrian, 1936ko estatu kolpearen alde borrokatu zirenen omenezko mausoleoko plaka bat kendu berri dute. Era horretako azkenetako plaka izango zen, azkena ez bada, eta txalo horregatik! Bertan hilobiratu gorpu atalak ez ziren kolpisten gorpuzkiak, Donostia kolpistengandik babestu zuten milizianoenak baizik. Hor ere fikzioa eta narrazioa sartu digute, espainiar militarismoaren prepotentziaz.

Ondo dago memoria gune horiek kentzea, baina Donostian badira okupazioa ospatzen duten beste leku batzuk, eta horien artean nabarmen Erdialdeko Alfontso VIII.a kalea, Donostiaren konkista bortitza zuzendu zuen Gaztelako erregea, 1200. urte inguruan. Hain zuzen, Clavijoko guduaren kontakizuna zabaldu zuen berberak, Ximenitz Arradakoak, zuritu zuen konkista hori eta Nafarroako itsasaldearen okupazioa. Donostiako herria babesten, berriz, Joan(es) Bidaurre teniente nafarra ibili zen 1200. urtean. Noizko kentzea Donostiako kaleetatik Hispaniako enperadore nahi zuen Alfontso errege arrotz hori, eta trukean kale bat Joan Bidaurreren omenez? Hor ere, bada garaia.

Amaiur, guduak eta narrazioak  Amaiur, guduak eta narrazioak

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea