[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa V
Errogabetasuna eta nazioa V –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Hastapenean, Pariseko Komuna ez zen mugimendu sozial bat izan, baizik eta patriotismoaren agerraldi bat baita muturreko xobinismoaren agerraldi bat ere. Gainera XIX. mende guzian zehar, frantses patriotismoaren itxura erasotzaileak Europa izitu zuen; 1870eko gerla horren ondorio zuzena izan zen; Izan ere Frantziak gerla hori ez zuen prestatu, baina hala ere inolako arrazoirik gabe deklaratu zuen. Mende guzian zehar konkista inperialen ametsa populuaren baitan bizirik egon zen. Denbora berean, mundua guziaren independentziaren osasunean edaten zen. Mundua konkistatzea eta mundua askatzea izatez bi ospe mota bateraezinak dira, baina ameskerian biziki ongi bateratzen dira.
Nazio-sentimentu herrikoi irakite hori geratu zen 1871. urtearen ondoren. Hala ere bi arrazoik patriotismoaren jarraipenaren itxura mantendu zuten. Lehenik bazen derrota militarrak eraginiko aiherkundea. Alta orduko ez zen oraindik alemanei buruz aiher izaiteko arrazoirik. Izan ere, Alemanek ez zuten atakatu. Ez zuten ja sarraskirik egin. Eta, Anamerako gure lehen espedizioez geroztik, parte handi batean germanikoa zen Altzatzia-Lorrenari dagokionez ez ginien alemaniei populu-eskubideen bortxaketa leporatzen ahal; Baina aiher izan gintzaizkien gu garaitu izanagatik, jainkoaganiko Frantziaren garaipenarako eskubide betierekoa eta kenezina bat ebatsi baligute bezala.
Sentimentu bitxi hori sartzen da nolazpait gaurko gure gorrotoan zeina tamalez hainbeste arrazoi ulergarrik esplikatzen duten. Sentimendu hori izan da ere hasierako kolaboratzaile jakin batzuen asmoetariko bat. Frantzia garaituen aldean bazen, pentsatzen zuten, ez zitakeen izan baizik eta karta emanaldi makur baten gatik, erru edo gaizki-ulertze batengatik; Frantziaren toki naturala, alabaina, irabazleen alderdian da. Manera errazena, gutien dorpea, gutien mingarria zuzenketa beharrezkoa egiteko alderdiz aldatzea da. Izpiritu egoera horrek gailentzen zuen 1940ko uztailan Vichyko talde batzuetan.
Baina, ondoren kasik mami bizi guzia galdu zuen III. errepublikaren garaian, frantses patriotismoa ez zen desagertu ez baitzen beste ezer gehiago gelditzen. Frantziarrek zerbaiti fidel egoitekotan Frantzia besterik deus ez zuten. Eta 1940ko ekainean, une baterako patria abandonatu zutelarik ikusi zen zein itsusi eta urrikalgarri izan zitekeen fidelitate guzitik kanpo bizi zen populuaren ikusgarria.
Horregatik, geroago, Frantziari bakarrari ziren berriro lotu. Baina Frantziak egun batean berreskuratzen badu gaur soberania deitzen duguna, 1940 baino lehen zegoen zailtasun bera berragertuko da; ororen buruan Frantzia izenak izendatuko duen errealitatea estatu bat izanen da.
Estatua da maita ez litekeen gauza hotz bat baina maita litekeen guzia erahiltzen du. Horregatik maitatzera derrigortuak gara, baina soilik besterik ez dagoelako. Hau da gure garaikideen suplizio morala.
Hau da beharbada, denetan agertu den, eta hainbeste jende estonatzen duen lehendakari-beharraren fenomenoaren egiazko arrazoia. Gaurko egunean, herri guzietan, kausa guzietarako, bada gizon bat zeinaren pertsona konkretuarengana fidelitateak joaiten diren. Estatuaren hotz metalikoa besarkatu beharrak kontrastez jendea bihurtu du aragiz eta odolezko zerbait maitatzeko gosez hamilkatua. Fenomeno hau ez eiki da bukatzear, eta haren ondorioak hain kaltegarriak izan arren, sorpresa biziki larriak ekarri ahalko dizkigu oraindik. Izan ere zinemako izarrak edozein giza materialekin egiteko arteak, Hollywooden ongi ezagutuak, giza-masenganikako mirespena ekarri ahal dizkio nornahiri.
Makur ez banaiz, estatua fidelitate objektu gisa, Richelieurekin, agertu zen lehen aldiz Frantzian eta Europan. Ordura arte atxikimendua, erligiozkoaren moduan, ongi publikoaz, erregeaz edo jantxoaz mintza zitekeen; baina Richelieuk lehenbizi sortu zuen printzipioa zeinaren arabera funtzio publikoa betetzen duen edonork, funtzio publiko horren betetzean, fidelitatea zor ziola ez publikoari, ezta erregeari ere, baina estatuari eta ez beste deusi. Zaila litzateke estatua definitzea modu zehatzean. Baina ukaezina da hitz horrek errealitate bat izendatzen duela.
Richelieuk bazuen garai hartan hain zabaldua zegon inteligentziaren argitasuna. Hitz argitan definitu zuen moralaren eta politikaren arteko diferentzia, zeinaren inguruan orduz geroztik hainbeste nahasmendu errana eta egina izan baita. Richelieuk horrela mintzatu zen guti gora behera: Ez omen ditugu arau berdinak aplikatu behar estatuaren eta arimaren salbamenerako. Izan ere arimen salbamena beste munduan gauzatzen da, aldiz estatuarena ez da mundu honetan baizik gauzatzen.
Ideia hau egia gordina eiki da. Horregatik egiazko kristau batek ez luke konklusio bakar bat baizik atera. Arimaren salbamenari, hau da jainkoari, fidelitate erabatekoa, absolutua, baldintzagabekoa zor baldin badiogu, aldiz estatuaren salbamenaren kausa ez da fidelitate mugatu eta baldintzatua zor diegun kausetariko bat baizik.
Richelieuk kristau konbentzitua zatekeela uste izan arren, bere konklusioa ez zen batere uste horren araberakoa. Izan ere bere konklusioa zen estatuaren salbamenaren arduradunak, baita bere agindupekoek ere, haien helburua lortzeko baliabide eraginkor guziak, salbuespenik gabe, erabili behar zituztela, beren burua, erregea, populua, herri arrotzak eta edozein moduko obligazioak sakrifikatu behar bazituzten ere.
«Politika lehen» Maurrasen doktrina bera zen baina handitasun gehiagorekin. Alabaina Maurras biziki logikoki ateoa zen. Richelieu kardinal horrek, aldiz, errealitate guzia mundu behere honetan zeukan gauza bat absolutzat jarriz, idolatria krimena egiten zuen. Gainera metala, harria eta zura ez dira zinez lanjerosak. Idolatriazko krimenaren objektua beti estatua antzeko zerbait da. Krimen horixe zion debruak proposatu Kristori, mundu honetako erreinuak eskainiz. Kristok errefusatu zuen. Richelieuk onartu zuen. Bere saria ukan zuen. Baina beti uste izan zuen bihotz zabaltasunez aritzen zela, eta, zentzu batean egia zen.
Pasarte honetan argi agertzen da estatu gzien instituzioari buruzko filosofoaren kontzepzio ezaugarria: harentzat estatua ez da sekula izanen gaitz beharrezko bat baizik. Haren aburuz, estatuari zor diogu fidelitate eta amodio bat neurtua ez ordea absolutua ongiari bezala. Oroz gainetik estatuaren alderako idolatrian du ikusten arrisku handi bat.
Izan ere estatuek erahil baitzuten kolelektibitate natural guzien alderako atxikimendua beraien alderako atxikimendu bakarra inposatzeko.
Nabari da edozein estatuari buruzko uzkurtasun flosofiko hori ez zitzaiola sobera gustatu DeGaulle generalari zeina,justu, bere exiliotik, estatu berri bat ari zen osatzen .