[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa III
Errogabetasuna eta nazioa III –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Bourgogne-ko konderria kultura original biziki distiratsu baten egoitza zen, haren desagerpenari biziraun ez ziona. XIV. mende-amaieran, Flandriako hiriek harreman anaikor eta ezkutuak zituzten Parise eta Rouen hiriekin, baina flandriar gizaki zaurituek nahiago zuten hil CharlesVI-ren soldadoen eskutik artatuak izan baino. Soldado horiek egin zuten arpilaketa espedizio bat Holandan barna, eta handik ekarri zituzten burges batzu hiltzea erabaki zituzten; Gupida bulta batean bizia proposatu zieten, horren truk Frantziako erregearen menpeko izaitea onartu nahi bazuten, eta orduan, hauek erantzun zieten hilda ere haien hezurrek berek, ahal bazuten, ez zutela onartuko Frantziako erregearen autoritatearen menpeko izaitea. Garai bereko historialari katalan batek, bezpera siziliarren historiaz ari zenak, idazten zuen: “franrsesek, dominatzen duten toki guzietan bezala, izan daitekeen bezain krudelak direnak… “
Bretainiarrak etsitu ziren Anne beren erregina Frantziako erregearekin ezkontzera behartu zutelarik. Bretaniar horiek gaur, edo hobeto duela zenbait urte, itzuli balira, izanen ote zuten arrazoin onik erratu zirela pentsatzeko? Helburu aitorrezinak[1] xerkatzen eta kudeatzen dituzten pertsona batzuek autonomismo bretoia anitz zikindu baldinbadute ere, seguru da propaganda horrek baduela zerbait erreala dena faktuetan eta populazio horien sentimentuetan. Populu horretan badira alxor ezkutuak sor ezin direnak. Kultura frantsesa populu horri ez zaio egokia; eta berea ezin du hozitu. Ordutik beretik behereko kategoria sozialen hondoan mantendua da. Soldadu iletratu gehienak bretoiak dira; Pariseko prostitutuen kopuru handia bretoiarra omen da. Autonomia ez litzateke erremedioa izanen baina ezin da erran eritasuna ez dela existitzen.
Franche-Comté-ko lurraldea hain zoriontsu egon zena biziki aspaldiko espainolen mendepean, XVII. mendean borrokatu zuen frantziarra ez bilakatzeko. Strasbourg-ko jendeak negarrez hasi ziren Louis XIV-ren tropak, bake denbora betean, beren hirian sartzen ikusi zituztelarik, demendreneko gerla aldarrikapenik egin gabe, Hitlerri zegokiokeen hitz-jate baten ondotik.
Paolik, Kortsikako azken heroiak ahal guzia egin zuen bere herria ez dadin eror Frantziaren aztaparretan. Oroitarri bat badu Florentziako eliza batean. Frantzian, nunbaitik ere, ez da hartaz asko mintzatzen. Kortsika da errogabetzearen kutsaduraren etsenplua. Ugarte horren jendea konkistatu, kolonisatu, eta usteldu ondoren, pairatu behar izan dugu polizia, prefeta, polizia-gizon, adjudanta, lizeoko zaindari, edo antzeko funtzioetan, zeinei esker bere txandan frantsesak tratatzen zituen populazio guti edo asko konkistatu bat bezala. Neurri handi[2] batean haren falta da Frantziari bortizkeria eta krudeltasun fama emana izan bazaio kolonietako indigenoen artean.
Erregeak laudatzen ditugularik herri konkistatuak asimilatu izanagatik, zorigaitzez egiaren funtsa da neurri handi batean errogabetu dituztela. Hori asimilazio-modu erraza da nornahik egin lezakeena. Beren kultura kentzen zaien populuak edo kulturarik gabe egoiten dira, edo jasotzen dituzte eman nahi zaizkien purruskak. Kasu bietan, ez dute gehiago kolore desberdineko tatxarik egiten. Asimilatuak dirudite. Egiazki miretsi daitekeen asimilatze kasu bakarra da populazioek beren kulturak atxikitzen dituztelarik, nahiz beren kulturak modifikatuak izan. Bakanki gertatutako kasu miragesrria da.
Seguraski, erregimen zaharraren denboran, intentsitate handiko frantses kontzientzia bazen Frantziak dirdira handia zuen aldioro: adibidez, XIII. mendean, Europa guzia Pariseko unibertsitatera lasterka zetorrelarik; XVI. mendean, Berpizkundea jadanik itzaliak edo oraindik ez piztuak egoitza Frantzian eginda zeukalarik; Louis XIV. aren lehen urteetan, letren ospea armenarekin batera batzen zenean. Baina ez da gutiago egia ez zituztela erregeek lurralde desberdin horiek oro batu baizik eta Iraultzak xoilik.
Jadanik XVIII. mendean, ingurumen biziki desberdinetan, izigarriko korrupzioaren ondoan, bazen Frantzian patriotismo gar erregarri eta garden bat. Lekuko dugu laborari gazte hura, Restif de la Bretonnen anai gaztea, biziki dohatua, oraindik kasik haur zelarik soldado egin zena ongi publikoaren amodioz, eta hamazazpi urtetan erahila izan zena. Baina, egia erraiteko, Iraultzak zuen jadanik gaztearen gar hori eragiten. Izan ere, iraultza aurre-sentitu, goaitatu eta irrikatu zuten mende horretan guzian zehar.
Frantziako koronari menderatu populazio guziak Iraultzak urtu zituen masa bakar batean, eta hori lortu zuen nazio soberaniaren mozkorraldiaren [3] medioz. Denboran, frantses bortxaz egin izan ziren populazioak beraien nahiaz ziren bilakatu. Frantses ez ziren anitzek [4] frantses bilakatu nahi zuten. Izan ere, ordutik beretik frantses izaitea nazio soberranoa izaitea zen; Populuak denetan soberano bilakatu balira, espero zen bezala, Frantziak ez eiki zuen galtzen ahalko bide horretan hasi izanaren ospea. Gainera mugek ez zuten garrantzirik gehiago. Arrotzak ziren tiranoen esklabo gelditzen zirenak bakarrik. Zinez errepublikazale ziren arrotz guziak gogotik frantsestzat hartuak ziren titulu honorifikoz.
[1] Bretoi batzuek kolaboratu omen zuten naziekin independentzia haiengandik lortzeko asmoz eta SWek datu hori baliatzen du bretaniarren autonomia (erruz) kondenatzeko eta autonomia kondenatzen du nahiz ezin hobeki aitortzen zuen konkistak Bretainiari eta Kortsikari egin kaltea.
[2] handi hori exageratua izan daiteke
[3] anitzek beharbada baina denek ez ordea. Gainera anitzek ez zezakeen pentsa zer izan zitakeen frantses izaitea.
[4] “mozkorraldia” hori bera gertatu zitzaien Garat anaiei, 1789ko abuztuaren 4ko gau hartan, Versailleseko asanbladan, bozkatu zutelarik denekin batera “pribilegio” guzien deuseztaketa eskuetan zeukaten Lapurdi biltzarreko agindu- mandatuaren erabat kontra. Lapurtar gehienak, hobekuntza batzu goiti beheiti, lehen bezala beren foruekin egon nahi zuten eta.
Pozik ikusten dut Beñat gogotsu ari zarela Simone Weill gure artean ezagutarazten. Hegoaldean, iragan mendeko 60ko hamarkadan bereziki, lehenagotik ez bada, Karlos Santamaria aritu zen, eta jakinlariengan eta beste hainbatengan arrasto sakona utzi zuen, bereziki haren “L´Enracinement” liburuak. Joxe Azurmendik kontatzen du Euskal Herrian 60ko hamarkadan bereziki abertzaletasuna versus marxismoaz egon zen eztabaidan, Karlos Santamariak honela erantzun ziola “Gazte ezagutzeko bati” sinatzen zuenari:
“Neretzako gizona, egiazko gizona izateko, “erroduna” izan behar da, alegia, zuhaitz eta landare guztiak bezala, lur batean, herri batean, sartu behar ditu bere sustraiak, etsimen gorrian erori ez dadin.
Emaiozu nahi duzuna, dirua, aurrerapena, gizarte desalienatua sozial estrukturak eta ekonomiaren aldetik. Baldin familia baten eta herri baten, eta tradizio baten berotasuna eta goxotasuna ez badu, etsimenean eroriko da gizona ezinbestez eta halabeharrez. (…)
Simone Weil andreak marxistekin hartu-eman asko izan zituen. Frantziako résistance zelako garaian, baita hemengo gerlan, alde horretatik parte hartu zuen ere. Proletario-zale izugarria zen eta froga handiak eman zituen bere maitasunaz. Simone Weill andre burgesa zela, inork ez dizu esango.
Berak, errotasuna, sustraitasuna, nahitanahiezko gizonaren behar bat dela frogatu du, argi eta garbi, bere “L´enracinement izeneko liburuan. Diruak, kapitalismoak, egiazko errotasunaren kontra jokatzen duela esaten du Simone Weilek. “L´argent détruit les racines partout où il pénètre en remplaçant tous les mobiles par le désir de gagner”. Kapitalismoak, lurraren mamia eta amorea galduarazten die proletarioei, eta horrekin kalterik ikaragarriena egin ere.(…)
Irakurri zazu, arren, Simone Weillek idatzi ditun berrogei orriak “le déracinement ouvrier” gaiari buruz eta proletarioen nahigaberik handiena deserrotasuna dela ikusiko duzu. Leitu ere “La condition ouvrière” liburua eta uste bera hartuko duzu” (Azurmendi, Joxe: Karlos Santamariaren pentsamendua. Jakin eta UPV/EHU, 2013, 48-50orr.)
Patxi, testu hau ez nuen leitu eta xerkatuko dut. Milesker informaturik.
Joxe Azurmendik idatzi zuen nunbait Santamariak erran ziola bere konbikzio filosofiko asko SWi zor zizkiola.
Hala ere iduritzen zait ez dela oso guti ezagutua baizik gure Herrian.
AibidezSWen elkartean mundu guziko zaleak badira baita espinolak ere, baina euskaldunik, bihirik ere ez.
Alta “L’Enracinement” testuan gutik ikusten dutena eta eni gero ta gehiago interesatzen nauena da saiatu zela irudikatzen akzio politikoaren kontzepzio ez ohiko bat, bere filosofiarekin bat zena.
Akzio politikaren kontzepzio hori, izan zen De Gaulle Generalarekiko desadostasunaren arrazoia.
Gure estagnazio politikoa– gehiago ez erraiteko– ikusita, iduritzen zaut untsa eginen ginukeela hurbildik aztertzen baginu.
Gau on zuri eta filosofiazale guziei.
Espero dut itzulpena ulerterraza dela frantsesesezko testua bezala. Ene iduriko zailtasuna gehiago etortzen dela bere estiloaren idortasunetik. Horregatik adore piska bat behar da arreta mantentzeko. Arreta hori gabe ezin da ulertu testuaren sakontasuna eta, trasposizio bat eginez, bere gaurkotasuna