[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa I
Errogabetasuna eta nazioa I –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Beste errogabetasun mota bat aztertu behar dugu, gure eritasun nagusia larri-larria ezagutzeko. “Geografikoa” izenda genezakeen errogabetzea da, erran nahi baitu lurralde batzuei dagokien kolektibitatearen errogabetasuna. Izan ere, kolektibitate horien zentzua bera kasik desagertu egin da orain, kolektibitate bakar batentzat izan ezik, nazioaren zentzua alegia. Oraindik ere kolektibitateak badira, nahiz eta lehen askoz gehiago izan ziren. Batzu tipiagoak, batzutan oso tipiak, hiri edo hiriska multzo, probintzia, hainbat nazio daukaten eskualdeak; hainbat nazio puska edukitzen dituzten eskualde batzu.
Nazioak kolektibitate horien guzien tokia hartua du. Nazioak edo estatuak. Izan ere, ezin da nazio hitzari aurkitu beste definiziorik baizik eta estatu beraren autoritatea aitortzen duten lurraldeen multxoarena. Horregatik, erran liteke gure garaian diruak eta estatuak dituztela ordeztu beste atxikimenduak oro.
Jadanik aspalditik, nazioak berak bakarrik zehazki betetzen du gizakiarentzat kolektibitateak lehen betetzen zuen misio bera, hau da, orainaren barna iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura segurtatzea. Zentzu horretan erran liteke oraiko unibertsoan, nazioa existitzen den kolektibitate bakarra gelditzen dela. Familia ez da gehiago egiazki existitzen. Izan ere, gaurko egunean, horrela deitzen duguna da gizaki-talde ñimiño bat gizakiaren itzulian: aita eta ama, senarra edo emaztea, haurrideak; nahiz anaiak eta arrebak jadanik piska bat urrunxkoak diren. Azken denboretan, isolamendu-sentimentu orokor honen erdian, familiako multxo tipi horrek erakargarritasun-indar bat kasik garaitezina hartua du, gizakiari beste eginbehar-motak oro ahanztarazteraino. Alabaina familia murriztu horretan zen bakarrik oraindik aurkitzen goxotasun bizi piska bat, kolpe batez erori zen hotz karruñaren erdian. Animalia-erreakzioa bezalako zerbait zen kasik.
Baina gaurko egunean nehork ez du gogoratzen bera sortu baino berrogeita hamar, edo hogei ala hamar urte lehenago hil ziren arbasoak, ezta pentsatzen bere heriotzaz geroztik berrogeita hamar edo hogei ala hamar urteren buruan sortuko diren ondokoei ere. Horregatik kolektibitatearen ikuspuntuti, eta bere funtzio propioaren ikuspuntutik, familiak ez du gehiago balio.
Ikuspuntu horretatik, orain lanbideak ere ez du gehiago balio. Lehen, korporazioa zen lokarri bat hilen, bizien eta oraindik sortu-beharrekoen artean lanbide zehatz baten markoan. Baina, gaur, funtzio horri buruz, deus ez dago demendren antolatua denik.
1900 inguruan, beharbada, frantses sindikalismoak horrelako nahikeria zerbait izan zukeen, baina laster utzi zuen.
Ororen buruan, hiriskak, hiriak, eskualdeak, probintziak, erregioak, alegia nazioa baino tipiagoko unitate guziek, ez dute kasik gehiago balio. Hainbat nazio edo hainbat nazio puska edukitzen dituztenek ere ez. Alta, duela zenbait mende, orduko «kristautasun»ak bazeukan gaurko Europak ez duen beste sentimenduzko oiartzun bat.
Ororen buruan, esparru tenporalean ontasun preziatuarena, alegia denboran zeharreko jarraipena, giza-existentziaz haraindikoa, bi norabidekoa, ontasun hori guzia estatuaren eskuetan erabat abandonatua izan da.
Alta nazioa bakarrik gelditzen den garaian berean horra nun nazioaren desagerpen bapateko eta burtzoragarri baten lekukoak garen. Horrenbeste burtzoratu gaitu nazioaren desagerpen horrek nun horretaz gogoetatzea ezin zailagoa egiten zaigun
1940ko ekainean eta uztailan, frantses populua ez eiki zen populu bat zeinari itzalean ezkutuko lapurrek sorpresaz patria ebatsi baitzioketen, baizik eta eskuak zabaldu eta patria lurrera erortzen utzi zuen populu bat. Geroago, baina epen luze baten buruan- entseiatu da patria lurrean berriz biltzen esfortzu gero eta etsituagoak eginez, baina beste norbaitek bere oina patriaren gainean jarri zuen.
Orai nazioaren sentimendua itzuli zaigu. «Frantziarentzat hiltzea» bi hitzek berriz hartu dute 1918tik aitzina galdu zuten esangura. Baina frantziar populua jeikiarazi duen ukapen-mugimenduan, goseak, hotzak, agintze-botere guziak zituzten soldado arrotzen presentziak, familien bereizketak, batzuen desterratzeak, gatibutasunak, sofrikario horiek guziek rola handia ukan dute gutienez, edo rola erabakigarria ere beharbada. Froga hoberena da zona okupatua eta zona librea bereizten dituen ezpiritu-diferentzia. Izan ere, izatez ez luke izan behar, ikusten den bezala, grazia patriotiko kantitate handiago bat Loire ibaiaz haraindian honaindian baino. Baina egoera desberdinek ezpiritu desberdinak eragin dituzte. Inglesen erresistentziaren etsenplua, baita alemanen porrotaren esperantza ere faktore inportanteak izan dira.
Gaur, Frantziak ez du beste errealitaterik baizik eta oroitzapena eta esperantza. Errepublika ez da sekula izan inperioaren denboran bezain ederra. Patria ez da sekula konkistatzaile baten zapalkunza batenpean bezain ederra, berriz osorik ikusteko esperantza baldinbadugu. Horregatik nazio-sentimentuak liberazioaren ondoren bizi publikoaren egonkortasunaren alde izanen duen eraginkortasuna ez dugu jujatu behar oraiko nazio sendimenduen intentsitatearen bidez.
Nazio-sendimendu horren desagertze bapatekoa, 1940ko ekainean, hain da ahalgez betea nun nahiago dugun ez gogoratu, begietatik baztertu eta bakarrik ondoko iratzartzeaz oroitu. Bizi pribatuan ere, norbera beti tentatua da bere faltak parentesi artean ezartzera, haiek puskategi batean zokoratzera, falta haiek kontuan hartzen ez duen kalkulatzeko modu bat hautatzera. Ahanzturaren tentazio horri amor emaitea, gure arima arruinatzea da; atsulutuki garaitu behar dugun tentazio bat da.
Zorigaitzez amor eman diogu denok ahanzturaren tentazio horri. Hain sakona izan zen nazio-sendimenduaren desagerpenaren ahalge publiko hori nun denok zaurtu gintuen gure ohorearen sentimentu intimoan. Tentazio horri ez baginio amor eman, hain harrigarria zen fenomeno horren inguruko gogoetek lortuko zuten doktrina berri bat asmatzea, patriaren kontzeptzio berri bat asmatzea.