Sartre Burgoseko prozesuaz

Sartre Burgoseko prozesuaz –

Jean Paul Sartrek Burgoseko prozesuaren inguruan egindako gogoeta, Bilketa.eus ataritik hartua.


Sartre Burgoseko prozesuaz1970ko abenduaren 3an, lasterbideko auzi baten ondotik, Espainiako auzitegi frankista batek ETAko 16 militante heriotza zigorrera kondenatu zituen Gertakari horrek oldartze mugimendu bat sortu zuen Euskal Herrian, Europako intelektuala andana bat posizio hartzera behartuko zuena. Francok gibelera egin beharko du, eta presondegi zigorrek ordezkatu zituzten heriotz kondenak Burgoseko prozesuan.

Jean-Paul Sartre (1905-1980), frantses idazle eta filosofoa, existentzialisten mugimenduaren burua, publikoki mintzatu zen auziaren garaian, eta bere ikuspuntua zehazki azaldu zuen Gisèle Halimi-ren Le procès de Burgos (Gallimard, 1971) liburuaren hitzaurre luze batean.

Burgosko auziaren hitzaurrea

Prentsari sinetsi behar bazaio, Burgosko prozesuak eskandalua eragin du soilik Francoren erregimenaren basakeria absurdua erakutsi duelako. Ez dut uste hori egia denik: benetan ote du basakeria faxistak frogatua izan dadin halako beharra? 1936az geroztik, ez al dira espetxeratzeak, torturak eta exekuzioak ia edonon gertatu, iberiar penintsularen lurrean? Epaiketak Espainiako eta Espainiaz kanpoko jendearen kontzientzia astindu du, ezjakinei euskal nazioaren berri eman dielako; argiro nabaritu da naziotasun hori, berezia izan arren, ez dela inolaz ere bakarra, eta nazio handiek beren buruari eman dizkioten mugen barruan koloniak dauzkatela. Burgosen, akusatuak, kateaturik, eta, nolabait esateko, bozaturik, etengabeko bataila baten ordainez, zentralizazioaren prozesua egitera iritsi dira. Trumoia Europan: adibide bat baino ez jartzearren, haur frantsesei erakusten zaie Frantziako historia ez dela funtsean «geure» probintzia guztien batzea baino, erregeen pean hasia, Frantziako Iraultzak jarraitua, XIX. mendean burutua.  (…)

Burgosko prozesuak egitate berri honi buruz erakarri du arreta: gobernu zentralek «separatista» deitzeko ohitura hartu duten joeren berpiztea, apur bat edonon. SESBeko anitz errepublika, Ukraina aurrena, indar zentrifugoek grinaturik dabiltza; Sizilia ez da arras bereizi zaharra; Yugoslavian, Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Belgikan, Kanadan, eta abar, gizarte gatazkek badute alde etniko bat; «probintziek» nazio gisa aurkitzen dute beren burua eta, argiro edo ez hain argiro, status nazional bat eskatzen dute. Ohartu gara egungo mugak klase menperatzaileen interesen araberakoak direla eta ez herriaren nahiaren araberakoak, potentzia handiak hainbeste harrotzen dituen batasunak etnien zanpatzea ezkutatzen duela eta biolentzia errepresiboaren erabilera ilun zein nabaria. (…)

Sartre Burgoseko prozesuazAlabaina, hor da Euskal Herriaren etsenplua guri erakusteko, batetik, berpizte hori ez dela noizean behingoa baizik ezinbestekoa, eta ez zatekeela gertatu ere egingo baldin probintzia aizun horiek ez balute izaera nazional bat, mendeetan gaindi kentzen ahalegindu zaizkiona, eta, garaileek hertsia eta estalia, bertako biztanleen lotura historiko eta oinarrizko gisa iraun egin duena; eta, bestetik, lotura horren existentziak, aginte zentralak tazituki onartua, etnia konkistatuaren egoera azpiratua nabaritzen duela herri konkistatzailearen baitan eta, ondorioz, burujabetzaren aldeko honen borroka basari arrazoia ematen diola.

Euskal egitateak, Burgosen bere beharrezkotasunean ezarria, ez du amaitu katalanei, bretoiei, galiziarrei eta okzitaniarrei beren destinoari buruz argia ematen. Hemen saiatuko naiz kontrajartzen humanismo burgesaren unibertsaltasun abstraktua eta euskal herriaren unibertsaltasun berezia, erakusten zein zirkunstantziak eraman duten hau, dialektika saihestezin baten bidez, mugimendu iraultzaile bat sortzera eta zein ondorio teoriko atera daitekeen zentzunez bere oraingo egoeratik, alegia, deszentralizatzeak zein aldaketa sakon ekar diezaiokeen hemendik aurrera sozialismo zentralizatzaileari.

Sartre Burgoseko prozesuaz
Jean-Paul Sartre, Burgosko Prozesua (Gisèle Halimi, Gallimard, 1971) liburuko Hitzaurrea, Markos Zapiain-en itzulpenetik
Sartre Burgoseko prozesuaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.