Raxoiren isiluneak

Ezer gutxi esan zuen bakegintza eta normalizazio politikoaren inguruan Raxoik bere inbestidura saioan. Hainbat teoria plazaratu dira jarrera hori azaldu nahian:  Batzuen arabera, diskrezioa gorde eta eskuin muturra bare-bare mantendu nahi izan zuen. Beste batzuen ustetan, aldiz, tipo honekin ez dago jakiterik badoan edo badatorren, eta edozer gauza gerta liteke hemendik aurrera.  Kritikoenek diote ez zuela tutik esan gaiari nondik heldu ez dakielako. Ziur asko, neurri batean edo bestean guztiek izango dute arrazoi, baina nik iturri onetik jakin ahal izan dut jarrera honen zergatia:

Bezperan Raxoi bere aholkulari taldearekin batu zen Kongresuko bulego batean, diskurtsoari azken ukituak eman asmoz. Hasi ziren sartu hemen al pan pan y al vino vino bat,  jarri zubiak kentzearena hor nonbaitez ahaztu dire la verdad aunque duela potoloa bukaerarako, eta horrela, ordu baten bueltan bukatua zuten errepasoa. Lasaitzear zeuden aholkulariak, atseden hartzeko irrikatan, pozik Raxoi, Real Madrilen norgehiagokara garaiz helduko zelakoan. Baina, halako batean, eta bilera bukatutzat ematear zeudela, zera galdetu zuen bekadun gazte batek: Ez dugu ETAren amaieraz ezer esan behar? Raxoi eta besteak elkarri begira geratu ziren, zer erantzun ez zekitela. Egia, esan zuen Raxoik gogogabe, erlojua begiratzen zuen bitartean: Real Madrilen partida hastear zen, eta ez zuen bilera gehiegi luzatzerik nahi. Ideiaren bat, galdetu zien On Marianok bere aholkulariei. Isiltasun luze baten ondoren, aholkularietako bat bere eserlekutik jaiki eta idatzi berri zuena irakurtzen hasi zen: La parte contratante de la primera parte sera considerada como la parte contratante de la primera parte. Raxoik musturra okertu zuen, nabarmen, eta ezer esateko beharrik gabe ezabatzea erabaki zuten. Jarraitu zuen: la parte contratante de la segunda parte sera considerada como la parte contratante de la segunda parte.

Hori ere kanpora.  Ondorengo beste hogei esaldiak ere ezabatuak izan ziren. Irakurketa bukatu zuenerako, hasierako testutik ez zen esaldi bat bera ere geratzen. Orain ondo dago, esan zuen Raxoik pozarren, bilera bukatzeko irrikatan. Norgehiagokaren bigarren zatia ikusteko garaiz iritsiko zen, behintzat.

MARTITZENA 13