Prestazio sistema
Prestazio sistema –
Laguntza sozialak, gizartean gehiago eta gutxiago dutenen arteko pitzadura, mailo arteko sakon izugarria bilaka ez dadin zabaltzen dira, bai eta gutxiago duten horiek, gizarte horren mugetan barna bizitzeari eutsi diezaioten, apurtze edo suntsitze faktore bilaka ez daitezen. Laguntza sozialen zenbatekoak argibide franko ematen digu gizarte bakoitzaren eta bertan agintzen duenaren uste eta ikuskerei buruz, baina auzi honetan, dirua tartean den kontu ia guztietan bezala, jakina da batzuentzat nahikoa ez dena, besteek gehiegitzat jo ohi dutela. Ez da, ba, batere erraza adostasunik iristea.
Bada ordea, laguntza sozialen kopuruaz haratagoko beste aspektua, uste eta ikuskera horiei buruz oso garbi mintzatzen zaiguna, eta desadostasunerako zirrikiturik uzten ez duena, nire irudiko behinik behin. Laguntza horiek galtzeko moduaz ari naiz, edo laguntza horietako bat, hobeki ezagutzen dudana hain zuzen, galtzeko moduaz.
Lanik gabe luzaroan geratutako adin nagusiko pribilejiatuenek, 430€ kobratzen dituzte hilero eta gainera gutxienekoa kotizatzen zaie Gizarte Segurantzan, erretiroa hartzeko garaian zeozer gera dakien. Gehienek halere, hori baino gutxiago jasotzen dute.
Prestazio horren onuradun direnei, 504€rainoko diru sarrera izatea onartzen zaie, jardunbideren batez osagarri hori eskuratzera iristen badira. Beraz, kasurik onenean 934€ sakelara ditzakete hilero (berez zerbait gutxiago, 504€ horiek gordinak direlako). Dena den, esan dugu ez gatzaizkiola kopuruei lotuko, eta eztabaida beraz beste maila batean plazaratuko dugu.
Zer gertatzen da luzaroko langabetu nagusi horrek aipatu muga €1ez gainditzen duenean? Bada, prestazio osoa galtzen duela. Hots, 934€ eta ia 280€ko kotizazioa izatetik, hilero 505€ izatera, edo kotizatzen jarraitzea erabakitzen badu, hilero 225€ izatera pasatzen dela. Harrigarria bezain erreala.
Ez dakit, sistema hau asmatu zuenak zer zuen gogoan horrela asmatu zuenean, baina lepoa egingo nuke, pertsona horrek edo horiek ez dutela haien bizitzan sekula santan lan egin funtzio publikoaren kabi goxotik kanpo. Baina hortaz haratago, gogoeta interesgarria plazaratzen zaigu sistemaren atzean dauden balio eta aurre iritzi ezkutuen inguruan.
Garbi dago sistemak ez dituela animatzen egoera horretan daudenak jardunbideren bat bila dezaten, luzaroko langabetu egoera horretatik jalkitzeko, zeren, horretan abiatzen denari tranpa zuloa prestatzen baitio bidearen erdian. Ekin eta ekin burua jasotzen hasten bazara, zulora! Zaude zeure horretan,- luzatzen dio gonbitea-, bizi zaitez gure karitatetik horrenbesterekin, eta itxoizu pazientziaz erretiroa heltzen zaizun arte.
Etsitzen ez duenari berriz, trikimailutan hasteko gonbitea luzatzen dio, baita horretarako lege-zirrikituak eskaini ere, bere burua mantentzeko behar duen diru-sarrera maila iritsi arte pixkanakako hobariak nola edo hala ezkuta ditzan, prestazioa ez galtzeko. Eta trikimailuak eta zirrikituak ez dira noski duintasunarekin ondo ezkontzen.
Euskal nortasunari lotu ohi zaizkion ekimena eta lanerako gogoa zigortu eta suntsitu egiten ditu indarrean dugun sistema honek. Luzaroko langabetua, pardel inutila izatera kondenatzen du, hortik ateratzeko egin ditzakeen ahaleginak zigortu egiten dituelako, saritu beharrean. Zoragarria litzateke luzaroko langabeziatik mileurista izatera bat-batean igarotzea posible balitz, lan-kontratu bat sinatuta edo autonomo gisa horrenbesteko aktibitatea lortuta. Zoragarria litzateke, baina ezinezkoa da ia beti. Gaur inguruan duguna, kasurik onenean, prekarietatea eta diru-sarrera gorabeheratsuak dira, eta prestazioen sistemak ez du errealitate hori aintzat hartzen inondik inora.
Zenbat kostako litzateke aipatu diru-sarrera muga gainditzen duenari, gainditutako kopuruaren beste hainbestekoa kentzea prestaziotik, prestazio osoa kendu beharrean? Zenbat kostatuko litzateke horrela eustea pixkanaka-pixkanaka, bere diru-sarrerak emendatuz prestaziotik ezer ez kobratzera iritsi arte? Aintzat hartuta, gaurko sistemak sustatzen duen iruzurra eta hemen proposatzen denak epe ertainean eragingo lukeen enplegu edo auto-enplegu berria sortzea, ez dut batere garbi koste horren astuntzea ala arintzea ekarriko ote luken. Eta nik garbi ez dudan bezala, ez dakit inork ziurtatzerik izango duen, saioa egin gabe.
Gaur Lanbidek kudeatzen duen arren ez dakit prestazio sistema hau Espainiatik bere horretan kopiatua ote den, ezta ere beste moduan egiteko konpetentziak gure gobernuen esku ba ote dauden. Dakidana da, bere oharkabeko balio eta iritziok baino anti-euskaldunagorik nekez asma daitekeela, ustez hain gureak eta hain maiteak ditugun ekimenaren, lanerako gogoaren eta gizakiaren duintasunaren galgarria delako. Bada garaia, karitate-duingabe-iruzur ideia esparrutik, laguntza-ekimena-duintasuna ideia esparrura igarotzeko
Gurean gizarte eta lan-harremanen esparruan diharduten agintari eta eragileek hortxe dute gai polit bat euskaldun bezala elkar hartuta gure herri nortasunaren arabera egokitu eta moldatzeko. Helduko ahal diote erronkari!
Eusko Oasian horrelako zurrunkerietan?
Ez da posiblle! Ezin liteke!
Artolazabal sailburuak, eta zer esanik ez, Urkullu Lehendakariak, ez lukete inoiz ametituko euskalerritarrik, are gutxiago euskaldunik, halakoxe kinkan biziraun behar izatea. Eusko Jaurlaritzak auzolana! Eusko Jaurlaritzak pertsonak helburu!
This is Basque Country, my friend…