Pikutara zuen indibidualismoa
Pikutara zuen indibidualismoa –
Urte berriaren hasierarekin batera, oso ohikoa da norberak bere buruari erronka berriak ezartzea. Hamaika motakoak izan daitezkeen arren, maiz errepikatzen diren batzuk badaude: kirol gehiago egin, erretzeari utzi, gehiago irakurri… Orokorrean, erronka guzti hauek maila indibidualean hartzen dira, norberarengan hasten baita ohituren aldaketa, norberak baitarama erantzukizunaren zama. Norberak. Banakoak. Subjetu singularrak. Nik. Zuk. Indibidualismoa, finean.
Ez da ausazkoa fenomeno hau, inondik inora. Kapitalismoaren ondorio anitzetatik bat besterik ez da, kolektibotasuna ekidin eta Ni-tasuna bilatzea. Geroz eta ohikoagoak dira arrakasta pertsonala eskuratzea posible dela saltzen diguten mezuak. Esku artean ezer ez zuenaren eta egun pertsonaia famatu eta aberatsa denaren adibideak aurki ditzakegu kasu guztietarako, halako helmugak lortu ez dituen gehiengoaren kasuak ezkutatuz. Eta guztiaren atzean esfortzu pertsonala dagoela esango digute, gainera. Pertsonala, norbanakoarena, indibiduala. Esfortzua eta sakrifizioa, baina norberarena. Gainontzekoak ez ditugu behar, gu gara gure bizitzaren erdigunea.
Bizitza ez dela hain txarra ulertu behar dugula diote, eta horretarako, irribarre egitea eskatzen digute, eta irribarre egin dezagun “Un dia sin sonreir es un día perdido / Une journée sans sourire est une journée perdue” edo “Sonrie, la vida puede ser maravillosa / Souriez, la vie peut être merveilleuse” bezalako mezu inozoz inguratzen gaituzte, gosaria hartzeko katiluan, goraino dugun agendaren azalean edo hain gogoko dugun kamiseta horretan. Esplotazio bortitzenaren emaitza diren produktuetan, zoriontasun mezuak salgai. Eta arrakastarik lortzen ez bada, norena da errua? Zeinek darama erantzukizunaren zama? Zuk, eta bakarrik zuk. Ez duzu esfortzu eta gogo nahikorik jarri zure eginbeharrekoan, ez dituzu baliatu merkatu- libreak eskaini dizkizun aukera guztiak, zu zara galtzailea. Hori da hitza, galtzailea.
Kapitalismo basatiak zuretzat esleiturik duen bizi- ereduaren errudun bakarra zu zara, sufritzen duzun mina zurea da, ez beste inorena. Gizartearen atomizazioak egoera honen iraunkortasuna dakar. Mina elkarbanatzeak ahul bihurtzen zaituela sinestarazi nahi digute. Merkatua oihana ba da, eta soilik onenek bizirauten dute bertan. Hautespen naturala. Arrakasta helmuga duen lasterketa honetan norbera da protagonista bakarra, eta gainontzekoak, arerioak dira, ez besterik.
Aski da. Bizitzarako jarrera gisa saltzen dizkiguten eta zoriontasuna promesten duten autogainditze mezuei burgesia usaina darie. “Irribarre egin, irabaztera goaz!” esan zuen behin Arnaldo Otegik, itxaropenaren sua bizirik mantentzeko mezu ezin aproposagoa. Baina, hartzailea, kasu honetan, ez zen norbanakoa, kolektiboa baizik. Irribarre egiteko eskubidea aldarrikatu izan ohi du ezkerreko ideiak defendatzen dituen edonork. Irribarrea lapurtzen saiatu direla diogu maiz, eta lortu izan dute ere.
Kapitalismoak fabrikaturiko irribarrea saldu digute, katilu, agenda edo kamiseta forman, irribarre prefabrikatua, ingurukoak zapaldu eta etekin propioa lortzetik sorturikoa. Joan daitezela pikutara. Joan dadila pikutara sistema osoa eta hau sustengatzen duten ideologia sortzaile guztiak, katilu ziztrinak, milioika pertsonengana heltzen diren indibidualismoaren aldarriak zabaltzen dituzten komunikabideak, joan daitezela pikutara Mr Wonderful eta bere mezu superyupiak, autolaguntzazko liburuak idazten dituzten putreak eta euren sasiliburuak.
Urte berriaren hasierarekin batera, nik ere erronka bat ezarri diot nire buruari: zoriontsu izateko bideak birplanteatzea. Horretarako, beharbada, mina senti dezakegun subjetuak garela onartu beharko dugu, ingurukoen zaintza beharrezkoa dugula esan, ahulak garela noizean behin. Sistema honek hamaika traba jarriko dizkigu gure eguneroko edozein alorretan, eta hauek gainditzeko, Ni-tasunetik Gu-tasunera egin behar dugu salto, norbanakotik kolektibora. Irabaztera goaz, eta irribarre egingo dugu, baina ez da lehiakortasuna eta sufrimendua oinarri hartuta fabrikatutako irribarrerik izango, elkartasunak eta elkar- zaintzak sortutako irribarrea baizik.
Gora Gu eta Gutarrak!
Hain herrena garapen pertsonal soila zein dena jendarteari emanikoa. Ezinbestekoak eta osagarriak biak ala biak.
Ni-tasunetik Gu-tasunera edo norbanakotik kolektibora proposatzen duzun saltoa ez zait zuzena iruditzen.
Niretzat egokiagoa litzateke biak modu osagarrian uztartzea, mutur batetik bestera joan gabe,
euskaldunon arteko harreman ohiturari eutsiz.
Gure Auzolana oreka horren adibide bat da.
Ez dut esaten uztartu behar ez direnik, are gehiago, beharrezkoa izango da uztartzea. Baina, noski, Ni-tasun hori ezingo da sistema honek saltzen digun indibidualismoan oinarritua egon.
Gure buruak maitatu behar ditugu, inoren menpe bizi gabe, baina beharbada onartu behar dugu gizartean bizitzeko eginak gauden izakiak garela, badugula inguratzen gaituztenen zaintzaren nolabaiteko beharra…
Gure herriaren izaera, ekintza eta ohitura zaharretan izkututa dago.
Gure historian zehar aztertzen ba dugu nola uztartu diren sujeto ezberdinak (gizabanakoak, baserriak, batzarrak, komunalak…) eremu ezberdinetan (soziala, penala, ekonomikoa, politikoa…), ikusiko dugu nola norbanakoa eta taldekoa, biak izan duten aprezioa, eta bien arteko lotura eta oreka egokia izan dela arazoei aurre egiteko modu eraginkorrena.
Denborarekin, kanpotik etorri zaizkigun biztanle kopuruekin eta logika arrotzen eraginez, geure izaera, bi zutabeetan (norbanakoa eta taldekoa) oinarritzen zen sen hori galtzen joan da.
Egun oreka hori galduta daukagu. Liberalismoak norbanako muturreraino eraman gaitu eta kolektibismoak beste muturreraino garamatza.
Nire ustez, alderdi bien oreka berreskuratzen dugun heinean bi helburu lortzen ditugu:
– Gure identitatean sakondu eta gure arteko elkarlana erraztu.
– Jarrera ez baztertzailea azaldu, denori irekita dagoelako.