PATXI LOPEZ LEHENDAKARI: HAZ QUE SUCEDA!

Patxi-Lopez-G

Martxoaren lehenengoa hortxe dator. Hurbiltzen doan beisbol pilota baten antzera ikusten dut. Une batez konturatzen naiz badatorrela, eta ikusten dut bere osotasunean, badator eta joko nau kopetean, baina ezin diot izkin egin.

Hauteskundeak anti-demokratikoak izanen direla diote batzuek. Beste batzuek ordea lehenengo hauteskunde demokratikoak bezala kalifikatzen dituzte datozenak. Beste batzuek ez dituzte kalifikatzen eta jokatzen jolastearen hautuarekin konformatzen dira. Botereak asko baitu balio. Nire iritziz demokraziarik ez dago inoiz. Inoiz ere ez. Ez Espainian behintzat.

D3M alderdia aurkeztuko balitz ere ez litzateke demokraziarik egongo. Beraz nire iritziz lehenago hauteskunde injustuak baziren, orain are injustuagoak dira.

Eta banoa apur bat botepronton idatzitako, baina ondo ausnartutako iritzi hau eraikitzen duten argumentuak botatzera. D3M ez aurkezteak balioa kentzen die martxoaren 1an ospatuko diren hauteskundeei, noski baietz. Ez dago demokraziarik ezin badira proiektu guztiak defendatu, baina kontuz! ez dago ezta ere demokraziarik proiektu guztiak ezin badira gauzatu. Hor dago gakoa. Lehen ere ezin ziren proiektu guztiak gauzatu, orain ere ezin dira gauzatu, eta hori hala den une beretik hauteskundeak ez dira demokratikoak.

zapatero-momento-debate.jpg

Ez diezagutela saldu betiko istorioa: “Herrialde honetan proiektu guztiak defenda daitezke bide politikoetatik!”
Nire galdera: Eta zertarako defendatu, gero ezin badira gauzatu?

Debekatuta dago beraz autodeterminazioa, debekatua independentzia. Honen errudunak konstituzioa eta berau defendatzen dutenak dira. Tira, hau hala izanda zertan ari dira bada EAJ, EA eta Aralar? Zertan ari dira hauteskunde hauetan? Jokatzera jolastu nahi al dute? Ez al dira konturatzen joko honek tranpa duela eta ezin dela inoiz irabazi?

Alderdi abertzaleek bide okerra hartu dute. Injustizia eta bortxaketa oro gaitzetsi behar da norbere buruarekin koherente izateko. Defendatzea noski, ez da esatea “Ilegalizazioa ez da bidea!”, horrek ez du ezertarako balio. Eta halaxe betikora goaz… zuk anaia ez baduzu defendatzen, anaiak ez zaitu gero defendatuko, eta honek anaien arteko banaketa sakona dakar. Banaketa sakona da herri honetako abertzaleok behar dugun azkenengo gauza.

EAJ, EA eta Aralar alderdiko kideok, estrategia txarra hartu duzue eta hondoratzen ari da txalupa. Hauteskunde hauetan planto egin behar zenuten, ez aurkeztu eta batearekin pilota konstituzionalisten kopetera bidali gogor. “Haz que suceda”

Oier Aranzabal

Ekaitza bainuontzi batean