Ostiral matematikoa

Ostiral matematikoa –

Esnatu, sistema hirurogeitarrean dabilen tresnaren soinuak esnatzen zaitu; erlojuak, alegia. Gaur ez da salbuespena; bihar agian bai, baina gaur ez. Begiak ireki eta 4 zifratako zenbaki bati begiratzen diozu: 07:00

Ostiral matematikoa

Egun osoan erabiliko dituzun beste zenbaki guztiak sistema hamartarrean emanda egongo dira, baina erlojuari begiratzen diozun bakoitzean sistema hirurogeitarrera salto egingo dizu buruak; automatikoki, konturatu gabe. Gogo onez edo txarrez, jaiki eta komunera joango zara. Pixa parrastada parabolikoa egingo duzu. Neskok ere bai? Bai, neskok ere bai. Erpina beherago duen parabola, baina parabola hala ere.

Gosaltzeko zerealak aukeratzen dituzu eta mundu harrigarri baten sartzen zara hurrengo ordu laurdenean. Zaporeetan denak antzera, baina formatan toroideak, esferak, lerro perpendikularren sareak, pentagonoen diagonaletatik eratorritako izarrak…edozer aurki dezakezu. Egunkaria eskuan duzu eta eguraldiaren aurreikuspenari begira zaude. “Gaur eguzkia eta zeru urdinak nagusi” Gaueko ordu txikietan Euskalmeten dantzan aritu dira ekuazio diferentzialak eta probabilitatea; dantza horren azken emanaldia duzu aurrean. Dantzariak dotore eta batera ariko ote diren ala lurrera plaust eroriko diren ez dago aldez aurretik jakiterik.

Kenketa azkar batekin konturatu zara 20 minutu dituzula jantzi eta autobusa hartzeko;  segundo batez geratu eta ideia kurioso bat datorkizu burura: Hogei, berrogei…euskararen kapritxoak. Hizkuntza gehienetan hamartarrean izendatzen dituzte zenbakiak, guk ez, guk hogeitarrean; zergatik? Burua astindu eta presaka mugitzen hasten zara.

Autobusaren ibilbideak eta zureak espazioko puntu eta denbora konkretu baten bat egitea lortzen duzu; ekuazio sistema ezezagun eta konplexu batek emaitza konkretu bat izatea otu da gaur. Oso gustuko duzu pentsatzea horrela izan ez balitz agian zure etorkizuneko bizitza guztia aldatuko litzatekela. Zirrara eragiten dizu. Autobusetik jaisterakoan ateak nola irekitzen diren ikustea oso gustuko duzu: atearen bi azalak simetria ardatza mantenduz zabaltzen dira. Ederra!

200 metro dituzu lantokira iristeko; gaur egingo duzun bidea, berdin-berdina, ez duzu gehiago sekula errepikatuko, kaosaren teoriak dioenez.

Iritsi zara lanera. Hortik aurrera, matematikakeriak utzi eta txintxo jardutea dagokizu. Hori bai, dirua gora, interesak behera, portzentaiak ezkerrera eta batezbestekoak eskumara emango dituzu orduak.

Lan-eguna bukatuta erosketak egitera zoaz. Bidean trafikoaren zarata da nagusi. Dezibelioak edonon, eskala logaritmikoan. Bat-batean euria hasten da; gogotik gainera. Dantzariek plaust azkenean. Parean bazar bat duzula ikusi eta euritako txiki bat erostera sartzen zara. Matematikaren eta logikaren arau guztiak apurtuko dituzu momentu batez. 5=15 berdintza daukazu aurrean. 15€ balio beharko lukeen euritakoak 5€ besterik ez du balio. Made in China; lekutan! Bateren batek materiala, teknologia, langileren baten zerbitzuak erosi ditu eta euritakoa Debagoienara ekartzeko garraioa ordaindu du eta hala ere 5€!

Momentu singularra bizi izan duzula pentsatu eta euritakoa zabaltzen duzu, gora begiratu eta proiekzio oktogonala duela ikusten duzu. Berriz ere espazio euklidearrean zaude. Eskerrak!

Erosketak egin dituzu azkenean, baina diru gutxi zeneukanez, poltsikoan kopuru zenbaki oso eta negatibo batekin bueltatu zara etxera; -6€. Zorretan utzi dituzu auzoko fruta-dendan.

Eguna bukatu aurretik, ordu erdi batez leku berezi batera joatea erabaki duzu; zuk burua erlaxatzea nahi duzu han. Ingurukoak, ordea, kalorien unitateekin batuketak eta segundoekin kenketak egiten ikusten dituzu jo eta egurra: gimnasiora zoaz.

Orain bai, etxera joan, afaldu eta ohera joatea geratzen zaizu. Ametsen mundura. Berriz ere munduak euklidearra izateari uzten dion esparrura. Gabon!

Matematiketan.eus

 

Ostiral matematikoa
Ostiral matematikoa

Arizmendi ikastolako irakaslea, Fisikan lizentziatua eta 3 umeren ama. Matematiketan.eus webgunea elikatzen.

2 pentsamendu “Ostiral matematikoa”-ri buruz