Osasuna, ipar edo horratz?
Osasuna, ipar edo horratz? –
Munduko Osasun Erakundeak hala definitzen du osasun hitza: “Ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa eta ez bakarrik gaixotasun eza”. Aitortu behar dut erdi ados nagoela, baina pare bat gauza ahaztu zaizkiela dirudi.
Osasuna, tailer zikin eta hotz batean goiz, arratsalde eta gau esplotatua ez egotea ere bada eta ez bakarrik gaixotasun eza.
Osasuna, zure herritik ihesean atera, berau espoliatu eta sarrera debekatuko dizun kontinente batera emigratu behar ez izatea ere bada eta ez bakarrik gaixotasun eza.
Osasuna etxebizitza duin, epel eta goxo baten babesean hazi eta hezitzeko eskubidea ere bada eta ez bakarrik gaixotasun eza.
Osasuna, bizirauteko zure existentziaren denboraren herenari gutxienez eskeinitako lan-indarra gero eta merkeago saldu behar ez izatea ere bada.
Osasuna, gaixotasun mentalak deituriko gaitzak pairatzeko zure errenta bajuaren araberako arrisku altuagoa ez izatea ere bada.
Osasuna, aita, senar, bezero, edo nagusiaren aldetik sexu-abusurik pairatu behar ez izatea ere bada.
Osasuna, bizitzari ezin eutsi zaudenean jaio, hazi eta hilko zaren auzoko per capita errenta suizidatzeko hautua egiteko erabakiorra izan ez dadila ere bada.
Osasuna kanon inposatu bezain eskuraezin baten atzetik azal, ile eta okela eraldatzeko dirua, denbora eta malkoak xahutzen ibili behar ez izatea ere bada.
Osasuna, penak orfidaletan ito ezinean egon ordez, baliabide ekonomikoek baldintzatuko ez duten atseden zein aisialdiaz osatzeko aukera edukitzea bera ere bada.
Osasuna, manta azpian hotzez akabatuko zaren edo ez megabatioaren salneurriak erabaki ez dezan ere bada.
Osasuna, kulturaz zein arteaz hunkitu eta gozatzeko izango dituzun aukerak munduratzean egokitu zaizkizun sorterri zein klase sozialaren araberakoak ez izatea ere bada.
Osasuna, haurrak ekoizpen eta kontsumo engranajerako peoi alienatu bihurtu ordez hezkuntza duin eta aberasgarri bat jasotzeko aukera izatea ere bada.
Osasuna ezintasun fisiko, sentsorial zein intelektualen ondorioz ingurunearekin interakzioan sortutako oztopoei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak eskuragarri izatea ere bada.
Osasuna, haurdunaldiarekin aurrera egiteko erabakia edota abortatzeko hautua unean uneko baliabide ekonomikoen menpe ez egotea ere bada.
Osasuna, etorkizun, amets eta itxaropen ezak eraginda droga merkeenen atzaparretan kulunkatzeko premiarik ez edukitzea ere bada eta ez bakarrik gaixotasun eza.
Osasuna, interes kokretu batzuen defentsan bildurtu eta pozoituko gaituzten komunikabideen tentakuluak nonahi ez topatzea ere bada eta ez bakarrik gaixotasun eza.
Osasuna, meritokrazia faltsu baten izenean zure ogibidea zein bizitza proiektua sehaska bertatiksententziatua ez egotea ere bada eta ez bakarrik gaixotasun eza.
…eta ez bakarrik gaixotasun eza.
Laburrean, hasierako definizio ofizialean osasuna baldintza materialen ondorio zuzena ere (edo batez ere) badela esatea falta zaie, esatea diot bai, jakin soberan baitakite. Esplotazioa zein zapalkuntza existitzen diren bitartean ez delako asmatuko oso-osorik osatuko gaituen txertorik, horratz horrek ez baitu iparra markatzen.
Zein ona eta sakona! Zorionak Naiara