Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin

Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin –

Gai ekologiko eta sozialak gertutik jarraitzen dituenak izango zuen aurtengo abuztuan klima aldaketaren gaineko adituen taldeak (IPCC) argitaratu zuen azken txostenaren berri. Txosten horretan, azken datuak eguneratzeaz gain iraunkorra den berotze globalaren joera are gehiago berresten du, adostasun zientifikoa zabaltzearekin batera.
Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin
Arg: FOKU

Aipagarriak diren ondorioen artean, bi dira bereziki azpimarra berezia merezi dutenak. i) Negutegi efektuko gasen murrizketa sakon eta esanguratsua gertatu ezean datozen 5-10 urteetan, XXI. mendeak 2ºC tik gorako berotzea ezagutuko du, 5,7ºC-ko berotzea aukera erreala izanik. ii) Jada gizarte industrialen aroak isuri dituen gasek konponezinak diren ondorio kaltegarriak lagako ditu mendeetan zehar, bereziki ozeanoetan, ipar eta hego poloetan eta itsasoaren altueran. Ez da kasualitatea Europako Ingurumen Agentziak gizarte sistema jasangarriak eta hazkunde ekonomikoaren helburua aldi berean bilatu ezin diren egitasmoak direla esan izana urte honen hasieretan.

Taulan antzeman litekeen gisa, IPCCko zientzialariek bost eszenatoki posible aurreikusten dituzte, mundu mailan hartzen diren neurrien araberakoak. Adostasun politiko zabalarekin eta karbono isuriak berehala jaitsita, 2100. urterako gradu 1 eta 1,8 artean igoko litzateke bataz besteko tenperatura SSP1- 1.9 agertokian. Adostasunik gabe eta isuriak apenas mugatuta 2081-2100 aldian 3,3ºC eta 5,7ºC arteko mailetara iritsiko ginateke, ondorio dramatikoekin planetaren lurralde askorentzat. Tarteko agertokiek ere (agian probableenak irakurketa politiko zorrotza egiten badugu) ez dakarte berri onik, 3ºCren bueltako berotze mailan kokatzen dira, horrek esan gura duen guztiarekin.

«Tarteko agertokiek ere (agian probableenak irakurketa politiko zorrotza egiten badugu) ez dakarte berri onik, 3ºCren bueltako berotze mailan kokatzen dira, horrek esan gura duen guztiarekin.»

Aipatu genezake ere gaur CO2 isuriak zerora mugatuko bagenitu planetak 50-60 urtetan berotzen jarraituko duela, bere erritmoak eta prozesuak behar baititu metatutako kopuru guzti hori desegiteko. Edo azpimarra egin genezake ere Artikoaren izotza urtzeak permafrostaren karbono galera dakarrela, eta horrek milloika tona metano zabalduko dituela atmosferan, berotze globalaren suari oraindik eta egur gehiago jaurtiz. Garrantzitsua da, ordea, auzia begirada zientifikotik bezainbeste begirada politikosozialetik aztertzea, Santiago Muiño antropologo eta ikerlari ekosozialak dioen moduan klima aldaketa modu atmosferikoan adierazten den problema soziala delako.

Entzuleen artean arakatzen hasirik, argia da herrialde batzuen jardun industrialaren eta masa-kontsumoaren inpaktua nabarmen handiagoa dela beste batzuena baino. Bloke geopolitikoetan pentsa dezakegu, ipar-hego harremanetan, nazioarteko lanaren banaketan (Txina egin genuen mendebaldearen lantegi) edota klase sozialen bereizketan. Zehazki, ipar aberatsak (biztanleriaren %10) jarraitzen du emisore nagusi izaten, tartean gu. Oroitu dezagun, EAEko herritar bakoitzak 4,32 hektarea globaleko kontsumoa izan zuen 2019. urtean.

«Garrantzitsua da auzia begirada zientifikotik bezainbeste begirada politiko-sozialetik aztertzea, klima aldaketa modu atmosferikoan adierazten den problema soziala delako.»

Horrez gain geure ekoizpen eta kontsumo ereduan horren barneratua dugu erregai fosilen erabilera, ezen sektore prekarioenek ere (mila eurotik beherako diru-sarrerekin) 2 planetatik gorako zor ekologikoa dutela. Besterik da mapa globalean posizio subalternoa duten herrialdeen langile eta herri klaseen egoera. Jakin badakigu balio-kate globalek estraktibismoa edo hango proletalgoaren lan-indarraren erabilera baliatzen dutela ipar aberatseko supermerkatuak, dendak eta industriak ondo hornituta egoteko.

Batek pentsa lezake etorriko dela hidrogeno berdea, asmatuko dutela auto elektrikoak masan ekoizteko modua edo energia berriztagarrietan sakonduta egon daitekeela konponbiderik. Eztabaidatu liteke asmakuntzez eta hipotesiez, ingeniarietan fedea izan, baina termodinamikaren bigarren legea burugogorra da oso, edozein bihurgune hartuta ere han egongo da gure zain, nondik ezin garen pasa esateko.

Arg: FOKU

Errelato berde eta digitalaren mozorroak hanka laburrak ditu beraz, zientifikoki sostengatu ezin delako batetik eta epe luzeko aterabide eraginkorra martxan jartzea oztopatzen duelako bestetik, krisia aukera gisa ikustearen printzipio neoliberal arriskutsuan. Soziologiaren lege klasikoak dio, berdin dela gertakari edo kontakizun bat faltsua izatea, errealtzat jotzen bada sozialki, erreala izango da bere ondorioetan. Araba eta Nafarroa eguzki-plakez eta haize-errotez betetzen ari diren honetan, ematen du zer pentsatua.

«Eztabaidatu liteke asmakuntzez eta hipotesiez, ingeniarietan fedea izan, baina termodinamikaren bigarren legea burugogorra da oso.»

Lurreratu gaitezen baina Euskal Herrian. Lurralde heze berde eta urdinak josi ditu irudiz gure literatura, kanta eta imaginario kolektiboa. IPCC-k aurreikusitako berotzea gauzatuko balitz, 2100ean Bilbon gaur Marrakech-en duten klimaren antzeko egoera izango genuke, eta gaur gaurkoz ezagutzen dugun euskal kostaldea guztiz itxuraldatuta legoke, itsas mailaren igoerak kalteturik. Ez dakit inork pentsatu duen Kantauriren oldarraldiari eusteko dike erraldoi bat sortzea Getxotik Angeluraino, edo Bilboko kaleak fresko mantentzeko hoztesistema konplexua instalatzea, azken Basque Innovation Center-i enkargua pasatuta. Ez dirudi geoingeinaritzan edo teknologia salbatzailean sinesteak arazoari ertz sensibleenetik eustea ahalbidetzen duenik; lagungarri izan daiteke, tokian tokiko energia sistemak egokitu, optimizatu eta sare orokorrarekin nolabaiteko oreka bilatzeko, baina ez da konponbidearen ardatz nagusia.

Ardatza beste nonbaiten dago, hegemoniaren borrokan, are, hegemonia ekosoziala eraikitzeko ariketan, prozesu sozial eta historikoekin lan egin behar den eremu ziurgabe eta prekario horretan. Zentzu gramsciarrean pentsatzeko, nola egin desazkundea zentzu komun? Nola itzuli ebidentzia zientifiko dena pentsabide eta mundu ikuskera hegemoniko? Zeregin horretan gure gaitasunik onenak jartzea dugu erronka, geure gizarteen azpikorronteetara jaitsi eta handik norabide berriak emanez iritzi fluxuei.

Lagunduko du teknologiak, ingeniaritzak, zuhaitzak landatzeak eta garraio sistema jasangarriagoak pentsatzeak, baina gatazkaren nerbio nagusia geure azpiegitura soziokulturala da, iraupen luzekoa, ondo errotua eta edozein eraldaketari oso erresistentea. Oinordekotza marxistatik jaso dugun begiradak sarritan eroan gaitu dimentsio kulturala zerbait arina, moldagarria eta gainegiturazkoa zela pentsatzera, baina nahikotasunaren kultura bat edo automugatutako norbanakorik ez dugu lortuko esku-hartze kultural sendo eta eraginkorrik gabe.

«Ez dakit inork pentsatu duen Kantauriren oldarraldiari eusteko dike erraldoi bat sortzea Getxotik Angeluraino.»

Zentzu horretan argigarri zaigu Jorge Riechmann pentsalari eta ekologo sozial entzutetsuak darabilen aporia: ekologikoki beharrezkoa dena eta teknikoki bideragarria, politiko eta kulturalki ezinezkoa da: bestela esanda, politikoki eta kulturalki gaur bideragarria dena dramatikoa da ekologikoki (eta ondorioz sozialki).

Alternatiba ekosozialaren eraikuntzak ezinbestez igaro beharko du horren harro aritzen den itsaso politiko-kulturaletik, bere atzera- aurrerekin, moldaketa eta konponketekin, baina norabidea garbi edukita. Eskura izango ditugun baliabide gutxiak justizia sozialeko terminoetan birbanatzeko ariketa politikoa posible izan dadin, aurrenik gehiengo sozial ekologisten artikulazioa egin behar dugu posible, bataila ideologiko eta kulturala planteatuz, zientziarik onenak (IPCC) ematen dizkigun datuekin eskutan, nahiz jakin badakigun egiak ez duela itzulpen politiko zuzenik izaten.

Postazkundearen gizartea sozialismoaren eskutik etorriko bada, eraldaketa material sakonetik bezainbeste eskatuko du erroko eraldaketa kultural-subjektibotik. Bilbotik Marrakech-era ordubetean iritsi gaitezke hegazkinez gaur. Termino historikoetan ere, berehala.

ERRIA aldizkariarentzat egindako artikulua

Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin Bilbotik Marrakech-era, hegaldi klimatiko laburra IPCCrekin

Sozio-ekologian ikerlaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude