Orrialde txuria begien aurrean

Orrialde txuria begien aurrean –

Orrialde txuria begien aurrean
Arg: ds_30

Hil honen nire kolaborazioa prestatzen ari naizelarik, orrialde txuri bat daukat begien aurrean. Orrialde edo pantaila txuriaren aurrean eserita, hutsik dirudi. Alta, orrialde edo pantaila txuriaren aurrean eseri den orok bizkarzorro bat darama; batzuek handiagoa, pisutsuagoa; bertze batzuek, txikiagoa, arinagoa. Bistan da, nork bere motxila darama. Motxilan judizioak eta aurrejuzkuak, baieztapenak eta ezeztapenak, argudioak eta eztabaidak, aurreiritziak eta iritziak, egitateak eta uste-ustelak, ustezko egitateak eta egia biribilak, hitzak, aditzak, aditzondoak, ñabardurak… Horiek guztiak norberaren bizkarzorroan, nahiz eta orrialde txuriaren aurrean hustasuna sentitu.

Motxilan sartuta daramat Laura Szwarc argentinarraren liburu bat, Leer y escribir, acciones de revuelta, (Irakurtzea eta idaztea, erreboltarako ekintzak) eta bere hitz, iritzi eta esaldi zenbait, irakurri, barneratu, egokitu, modatu, aldatu eta “nire” bihurtu ditudala uste dut… Baina horiek ere eten gabe aldatzen ari dire bizkarzorrora tai gabe sartzen ditudan ene bizipen, praktika eta eskarmentuarekin.

Izan ere, errealitatea ez da bat eta bakarra, errealitatea aldakorra, dinamikoa da; errealitatea eraiki eta deseraiki egiten da. Arazoa da boteretsuek, boterea dutenek, sinestarazi nahi digutela errealitate bat eta bakarra dela, eta errealitate hori aldaezina dela, eta beti izanen dela berdin, beti ere boterean daudenen mesedetan, statu quo zalantzatan jarri gabe. Horrela manipulatzen gaituzte, apal eta otzan joka dezagun, errealitatea iraultzeari uko egin diezaiogun etsipenaren etsipenez,

Laura Szwarc-en liburuak utzi didan lorratzaz gain, ene motxilan badaramat laurogeita hamasei urte bete berri dituen Noam Chomsky-ren aipu bat: “Manipulazio mediatikoa bonba atomikoa baino kaltegarriagoa da geure burmuniak suntsitzen dituelako”. Errealitatea ulertu eta eraldatu, irauli, nahi dugunontzat, ezinbesteko ikasgaia.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko abenduaren 11koa]

Orrialde txuria begien aurrean

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude