Obedientziaren alde

Obedientziaren alde –

Obedientziaren aldeKataluniak areagotu egin dio Euskal Herriko independentismoari urgentzia sentsazioa. Urgentziak ibiltzen hastera bultzatzen gaitu baina eskema zaharrek agortutako bideak soilik pentsatzera garamatzate. Bihotzak aurrera bultzatzen gaitu, buruak, berriz, mugitzen hasteko biderik ez dagoela diosku. Ataka honetan, batek baino gehiagok pazientzia estrategikoaren ideiari egin dio erreferentzia, arazoa, baina, pazientzia eza beharrean, estrategiarik eza dela uste dut. Edozein prozesuk kontraesanak behar ditu (hor dugu Garcia Lineraren kontraesanak zamalkatzearen kontua), baina independentismoaren kontraesanak ez dira martxan izatearen ondorioz sortuak, geldik egotearen ondorioz baizik. Blokeo egoera hau gainditzeko ezinbestekoa iruditzen zait eskema eta marko orokorrak zer diren argitzea.

Eskema orokorra, helburu politiko konkretu bat lortzeko mugimendu batek irudikatzen duen bidea da. Marko orokorra, berriz, eskema orokor hori pentsatzeko darabilzkien aurreiritzi-multzoa da. Zehaztuz, Espainiako Gobernua autodeterminazio eskubidea onartzera bultzatzea izan da azken hamarkadetan eskema orokor diferenteen iparra (aldebikotasuna). Marko orokorrak, berriz, independentzia batez ere abertzaleen kontua dela, jendartearen neurria alderdiak direla, artikulazio independentista alderdien arteko hitzarmenen bitartez egiten dela, eta, ondorioz, alderdien eliteei dagokiela eskema orokorrak pentsatzea diosku. Eskema orokorrek porrot egin dute, baina horiek pentsatzeko genuen marko orokorrak gugan dirau. Hortxe dago independentismoak duen blokeoaren arrazoia.

Alderdiak botere instituzionala eskuratu eta kudeatzeko tresna dira. Horregatik, etengabeko joera izango dute instituzionalismora. Instituzioak garrantzitsuak dira, baina ezin dira prozesuaren erdigunea izan gauden momentuan. Orain jendartean polarizazioa eta aktibazioa sortzea dagokigu eta hori lortzea oso zaila da, soilik, kudeaketa onaren eta alderdien arteko hitzarmenak erregutzearen bitartez. Alderdiek artikulaziorako modu klasikoa irudikatzen dute; alderdien arteko hitzarmenetatik, alegia, tetris politika; eta alderdi diren heinean, ia ezinezkoa zaie ikuskera horretatik ateratzea.

Atzo arte, jendartearen aktibaziorik gabe, alderdien akordioen bila ibili gara, eta, orain, jendartea aktibatu nahi da sindikatu/alderdien bitartez. Gurpil zoroan gabiltza; marko orokor zaharra gainetik kendu ezinda. Momentu hauetan, alderdi independentisten egiteko nagusia, jendartean, alderdiekiko autonomoa izango den mugimendu independentista jaiotzeko baldintzak sortzen laguntzea da. Baina adi, egiteko horretan, alderdiek hartuko balute protagonismoa, berauen mugak jartzen ariko ginateke independentismoari. Aurrera egiteko marko orokor berritik pentsatzen hastea hil ala bizikoa du independentismoak.

Obedientziaren aldeMarko orokor zaharretik pentsatuz gero, independentismoak, derrigorrean, PNV erakarri behar duela ondorioztatuko du, eta estrategia guztiak helburu hori lortzera bideratuko ditu. Eskema orokor berriak PNV zentroan jarri beharrean Euskal Herriko jendartea jarri beharko du. Independentismoaren dinamikotasuna onartuz, alderdien mugak ezarri gabe pentsatu behar ditugu independentismoa zabaltzeko posibilitateak. Hala ere, alderdiak agente oso garrantzitsuak direnez, sortu beharreko independentismo berriaren jaiotzan lagun dezaketela uste dut. Nola?

Agrabioaren kontua jarri da Kataluniako independentismoaren hazkundearen klabe garrantzitsuenetako bat bezala. Agrabioak ez datoz bakarrik, sortu egin behar dira. Horretarako (des)obedientziaren ideiak paper zentrala eduki dezake. Independentziaren aldeko alderdiek, kudeaketa onarekin batera, eta, beti ere, kudeaketa onaren izenean, (des)obedientzia ekintzak egin behar dituztela uste dut. Jendartearen gehiengo zabalenari onurak ekartzen dizkion eta legeak onartzen ez dituen esparruetan, legea ez errespetatzeak independentismoa aktibatzen eta zabaltzen lagunduko du.

Baina kontuz, independentismoak, marjinala izan nahi ez badu, ez du desobedientziaren apologia egiten duen mugimendu bilakatu behar. Desobedientziaren aldarrikapena baztertuz, indarrean dagoen lege ez-justuak desobeditu beharko ditu, gehiengoaren begietara justua dena obeditzeko. Desobedientziaren ideiak legedi estatalari ematen dio zentraltasuna; obedientziarenak, berriz, Euskal Herriko jendarteari.

(Des)obedientzia ekintzak azaldu dudan moduan ulertu eta praktikan jartzen badira, Estatua independentismoak aukeratutako joko zelaian erantzutera behartuta izango litzateke. Horrek, jendartearen zati handi bat Estatuaren erasoa jaso duela sentitzera eramango luke, agrabioaren faktorea azalduz.

(Des)obedientzia martxan jartzeko gehiengoak behar direla diogu, (des)obedientzia bera izan daitekeenean gehiengoak sortzeko giltza. Horregatik, (des)obedientziak hasieratik egon behar duela uste dut. (Des)obedientziek lagunduko dituzte sortzen DESOBEDIENTZIA (deskonexioa) egiteko baldintzak. Ikuskera hori indartzen du intsumisioaren adibideak. Intsumisioaren praktikak berak sortu baitzuen intsumisioa egiteko markoa. Baina, jakina, hori aurrera ateratzeko ezinbestekoa dugu pedagogia independentista.

Obedientziaren aldePedagogia independentista, egunerokotasunean eragiten diguten arazoetatik abiatuz Estatu propioaren beharra justifikatzea da. Modu koherente eta arrazoitu batean, batzuetan, eta demagogia erabiliz bestetan (gauzen egoera aldatu nahi dugunok ere demagogia erabili behar dugula uste dut), hau da, jendarteak errotuen dituen usteak aprobetxatuz.

Independentismoan dagoen pedagogia independentistaren absentziak bi arrazoi nagusi ditu. Eta biek dute zerikusia oraindik independentismoan dagoen marko orokor zaharraren nagusitasunarekin. Lehenengoa, eskema orokorra irudikatzeko ezintasunak, independentziaren aukera ez-posible egin du, beronen justifikazioa zailduz. Eta, bigarrena, marko orokor zaharrak utzi digun ikuspegi etapistaren ondorioa da. Prozesu independentistaren eskema orokorra aldebikotasunetik pentsatu izan dugu hamarkadatan; Gobernu espainiarra erabakitzeko eskubidea (autodeterminazio eskubidea, marko demokratikoa) adostera bultzatu behar zen. Erabakitzeko eskubidearen fasea (marko demokratikoa), independentziarako bidean pasatu beharreko derrigorrezko geltokia zen aldebikotasunean oinarritutako estrategiarentzat. Horrek sinestera eraman gaitu, lehenik erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar dela geroago estatuaren beharra aldarrikatzen hasteko. Horregatik pedagogia independentista egiteko garaia ez dela uste dugu.

Marko orokor zaharrak, fase honetan independentismoa erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu bilakatu behar dela diosku. Hori egiteak, baina, erabakitzeko eskubidearen mugimenduari independentismoaren mugak jarri dizkio eta independentismoari ezinbestekoa duen agenda propioa garatzen hasteko topea. Biak dira beharrezkoak, baina bakoitza bere bidetik badoa soilik, elkar mugatzetik elkar elikatzera pasatuko dira.

Erabakitzeko eskubidearen mugimenduak balio izan du marko diskurtsiboa desplazatzeko (ez da gutxi), baina ez estrategia independentistarik eraikitzeko. Marko orokor zaharretik ulertzearen ondorioz, alderdien (abertzaleen) hitzarmenak behartzeko instrumentutzat hartu dugu. Obedientziaren aldeHorrek, besteak beste, PNVren «zain» gelditzea eta estatuarekin tentsionamendua ekiditea (eta beraz polarizazioa ez sortzea) ekarri du. Erabakitzeko eskubidearen mugimenduak, marko orokor zaharretik ulertzearen ondorioz, ez du balio izan independentista berriak sortzeko.

Marko orokor berritik pentsatuz, independentzia abstraktuaren lainotik jaitsi eta pedagogia independentistaren bidez euskal errepublikari aurpegia jarri behar diogu, gehiengo zabalarentzat erakargarria izango den aurpegia. Bide horretan, pedagogia independentista eta (des)obedientzia elkarren beharra duten bi erpin direla kontuan eduki behar dugu.

Esandako guztiak kontuan hartuz, martxan jartzeko garaia da. Espazio independentista desagertuz joango da prozesu independentistarik ezean. Prozesua konfrontazioa da, eta, konfrontazio horretan, (des)obedientziak bere pisua izan behar du bai jendartean eta baita erakundeetan ere. Espazio independentista zabaldu eta indartuko duen, eta onura ekarriko dion, estatuekin konfrontatzeko modu berria sortu behar du errepublikaren aldeko mugimenduak.

Has gaitezen errepublikagintzan…

Obedientziaren alde

[Maltzaga VI] ZaMaltzaga

Obedientziaren alde   Obedientziaren alde  Obedientziaren alde

3 pentsamendu “Obedientziaren alde”-ri buruz

  • Horixe falta da, bai, abstrakziotik eta testu korapilatsuetatik, oinezkoen mundura jaistea, eta proposamen zehatzagoak egitea, nik uste.
    Eta falta da proposamen independentistei bide ematea, ze zentsura usaina gero eta nabariago ari da hedatzen inguruotan, alderdi abertzaleen eraginez nik uste.

  • Independentziarekin lotuta han dugu Katalunyak eman dizkigu lekzio batzuk.
    Horrekin lotuta hona hemen idatzi nahiko interesgarria:

    http://hamabost.net/categorias/se-dio-el-paso/

  • Balizko prozesu independentista martxan jartze bidean EAJ eta bere jendearengandik ez dut ezer espero, nahikoa frogatua dago komeni zaien bakarra “egonkortasuna” dela. EHBildu eta bere jendeak aldiz (batez ere Sortuz ari naiz) delako prozesua (martxan jarri ezkero) bere intereserako erabiliko duen susmoa dut, bai baitakite beraiek ere inora ez doala, Katalunian ikusi den gisa. Badakite EAJ ez dela bustiko eta prozesu horren etekin elektoralak beraiek irabaziko dituztela. Jendearen ilusioa era nazkagarri batean erabili botere instituzionalaren apur batzuk irabazteko, alegia. Patetikoa.

    Beren koadroak minimoetan daudelarik alderdi ustez abertzaleak beren doktrina irrealetan gotortu dira errealitateko arazo larri hainbati bizkarra emanaz. Egoera demografiko negargarria espainiar eta frantziar pentsioen akabera seguruarekin batera, euskararen egoera tamalgarria, industriaren gainbehera, inmigrazioa, turismoaren ondorioak, lehen sektorearen desagerpena… Nazioarteko (eta bereziki Europako) testuinguru ezegonkorrarekin batera gure herriaren etorkizunak kolore iluna du, abertzaletasun instituzionalak ikusi nahi ez arren.

    Gure Esku Dagok antolatutako gaurko galdeketetan 17:30etan parte hartzea %11koa zen orokorrean, horra hor jendeak inora ez doazen abenturetan sartzeko duen gogoa. Ni ere abertzalea eta independentista naiz, baina badakit gure herria estatu bihurtzeko aldez aurretik lan asko egin behar dela, euskaldunon hizkuntza eta natalitatea altxa eta gure kultura etxean hegemoniko bihurtzetik hasita. Gure herrian minoria izanik ahalegin guztiak antzuak izango dira. Goazen errealistak izatera, eta epe luzeko estrategia bat jarraitzera herria etorkizunean bizi dadin.

    Teoria posmodernoak alde batera utzita hel diezaiogun euskal senari indarrez, XXI. mendeari biziraun eta etorkizun hobe bat bihurtzeko gai gara eta! Aurrera euskaldunok!

    https://askatasunarenliga.eus