Negroak gara, geu ere

Madrilgo lagun kazetari espainiar batek galdegin zidanean nola ikusten nuen ETAren amaieraren kontua, esan nion orduantxe hasten zela benetako talka bere eta nire artean. Espainiako Konstituzioa tarteko, arazo kultural eta identitarioek ezin izango zutela hartu forma demokratiko egokirik, eta erresistentzia zibil bat antolatu beharko dugula baldin eta nor garen eta zer nahi dugun ahaztu nahi ez badugu. Euskaldunok, jakina, esan nion. Eta gero mutu geratu nintzen. Gaurdaino.

cc-by-sa pasukaru

Sekula ez bezala gozatu naiz isiltasunaren mantapean, azken hauteskundeetan ere ez dut egin batere txiorik, eta akordatu naiz, aspaldian ez bezala, Jorge Oteizarekin, harekin eginiko ibilera harrigarriekin, erokeria itzel eta eztabaida antzuekin: “Azkue era imbécil, Mitxelena era tonto…“, eta ni haserre berarekin. Barneko mina erakusten zidan gaizoak probokatzearekin. “¿Dónde estás Etxeberria?“, telefonoa jo zidan azkenekoz Zarauztik, eta Hendaian nintzela esan nionean, “!Espera que voy nadando!“.  Kito. Luze egon nintzen zain hondartzan, baina ez zen agertu mendebaletik.

Zahartzen ari naiz, fite, eta akordatu naiz, halaber —nola ez ba—, Martin Ugalderekin, haren zeta dotorez jantzitako irmotasun paregabearekin, Euskaldunon Egunkariaren sorrera ezinezko hartan eskaintzen zigun kontsolamendu britainiarrarekin, eta akordatu naiz Mikel Laboaren esan nahi baina ezin esan betierekoarekin… Ez dakit zergatik, baina akordatu naiz halako gauza pilo batekin. Artzeren poemekin, OTX, ATX, HUTS…, Mendibururen egur zulatuekin, Martin Larralderen zeruekin, Ezekielen esnaerekin, zer dakit nik ezagututako zenbat gauzarekin akordatu naizen, baita lagun izoztuarekin ere, eta belarri batetik sartzen zen muskerrarekin…

Hainbeste gauzarekin akordatu naiz, ezen joan bainaiz praka motzak nituen garaietaraino, eta aitaren bizkarrean babesturik Lambretta zaharrean,  izterrak eta sudurra izozturik iluntzeko hotzarekin, Mendaroko elizkizun ia ahaztu bateraino joan naiz, agur esateko orain autopistak estaltzen duen bihurgune batean istripuz hildako Rikardo Arregiri. Hamabi urte, nik.

Gaurko gazteok ez dakizue, baina Ramon Saizarbitoria zen txofer egun hartan Seat 850 berdeska batean eta Rikardo Arregi zen kopiloto. Dirurik ez eta Gabriel Arestiri zeramaioten autoa ordain moduan Bilbora , HARRI ETA HERRI argitaratzen uztearen truke, LUR argitaletxean… Ume nintzen, baina akordatzen naiz. Bai horixe.

Zenbat halako! Alde batetik begiratuta, ematen du, Tarzanen filmeetako elefanteak bezala, neu noala hiltzera eta errepaso handi bat eman nahi diodala neure iraganari. Baina ez dut hautsari hautsa gehitzeko asmorik. Oraingoz.

Blog honetako aurreko sarrera batek, esaterako, harreman zuzenean jarri nau Xalbador zenaren ondorengoekin. Gauza asko jakin dut, baita jakin behar ez nuen konturik ere.  Eta oroitu naiz, Urepelen, artzainaren  harlauza gaineko bakardadean ihes egin zidaten malko harrigarriekin ODOLAREN MINTZOA irakurri eta gero…

Blogeko azken sarrera berorrek erakutsi dit, halaber, zein gutxi behar den lagunak haserretu eta zalaparta bazterretan pizteko. Agerian eta ezkuturik, beti bada norbait, elkartu ordez, bazterren batean haserretzen zaizunik. Zinez diot, baina, ez dudala halakotarako gogorik, akitua naiz halakoz honez gero.

Idazteak horixe dauka, gaztetan asmatu egin behar izaten direla kontatzeko gauzak eta adin batetik aurrera estali edo ixildu… Hala ere, zer da, ba, honen moduko blog bat ez baduzu erabat zeuretzako moduko askaleku? Zein du egitekoa akatsetan akastuz nolabait loratzea ez bada ?

Eta dena pena eta dena zorigaitz den garaiotan, jartzen naiz pentsatzen zein dudan handia zoriona euskaldun suertatzearekin, herri txiki, zatitu eta ezdeus honetako partaide izatearekin. Hainbeste gauza eta jende ezagutu, gozatu eta partekatzearekin. Gure hizkuntza txiki honi beti bultza egiteko aukera bikain honekin, errealitatea aldarazteko aukerarekin… Zein alemaniarrek dauka halako zori onik, zein Alabamatako edo Tokiotako semek edo alabak nik adinako bedeinkaziorik?

Nahi nuke Madrilgo lagunari esplikatzen jarraitu zertan den gure kakoa, gozamena eta zorigaitza. Baina ez dit ulertuko. Ikasia dut hori. Hala ere nahi nuke Sarrik bere liburura ekarritako aipu bat berrerabili, Frantz Fanon handiarena izaki. Honela dio:

“Negroa gorrotatzen hasten naiz, harik eta negroa naizela konturatzen naizen arte. Gatazkatik alde egiteko bi soluzio daude. Edo eskatzen diet besteei nire larruaz ez ohartzeko, edo ohar daitezela eta ondo gainera”

Ba horixe, geu ere negroak garela, bistakoa denez. Eta preparatzeko.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Negroak gara, geu ere”-ri buruz

  • Hiretzat askaleku, guretzat bazkaleku. Zorionak artikuluagatik, Hasier.

  • Bai horixe.

  • Bultza eta bultza ibili “beharra” dugun bitartean, gogoa ere badugun seinale !
    PS: A ze birpasatxo hain freskoa eskaini diguzun zure “zahartze” horretan, Hasier !!! (Ugalde, Laboa…) Ondorioetako bat, bestalde, paregabea: “…gaztetan asmatu egin behar izaten direla kontatzeko gauzak eta adin batetik aurrera estali edo ixildu… )

  • Oso ona, Hasier! Segi horrela!
    Ruperrek kantatzen zuena gogora ekarriz “Inork ez zidan esan/Euskaldun izatea zein nekeza den,/Hobe nuela hautazea/Munduko hiritar izatea”.

  • Ederra idazlana, benetan!
    ‘Gu izatearen albo kalteak, ez izatearen ajeak’…Berri Txarrak taldeak dioen legez. Ba ote gara nahikoa ausart bagarela sinisteko? Baietz sinistu nahi dut.

  • Bizkaitarrak eta euskalduna naz . Hontxe bertan nator Durangoko azokatik. Durangotik bueltatxoa emotera konbidatu Madrieko laguna. Ixil ixilean ikusteko euskalduna izatea zer dan baña hizkuntza barik ezin deu sentitu euskalduna izatea zer dan. Zorionak zure bloggagaitik eta EITBko dokumentalagaitik ere.
    anauri