Nazionalismoa ez da sendatzen, sendatu egiten du!

Nazionalismoa ez da sendatzen, sendatu egiten du! – 

Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela entzun eta entzun ibili gara oso suerte bereziko intelektualen ahotik. Esan hori, pitokeria hutsetik duenaz aparte, tamalez jada topiko bilakatu zaigu, akaso, dagoeneko, horren topiko, esateak berak gero eta auzo-lotsa handiagoa ere ematen duela. Tamala, dena den, erdaraz esaten den lugar comun delako horren baitako esapide esloganezko honelako bat jada higatuagatik bazter geratu izana, eta, ez, aldiz, berez eta jatorriz txatxukeriatik duenagatik.

Izanez ere, barregarria dugu gero, horrelakorik zeintzuen ahotik entzun, eta goian “oso suerte bereziko intelektualtzat” jo ditudan horienetatik. Intelektual izan edo, hori bainoago, ziurrenik sasi-intelektualak izan, deigarriena baina beste zera hau baino ez da; estaturik gabeko komunitate batekiko besteen atxikimendu indentitarioak sortarazten zien herra. Bai, beste horiena da “nazionalismoa”; eurena, aldiz ez, eurena sen onak diotsenari jarraitu besterik ez da; eurak zer izan, eta, euren intelektualtasun mailak argituta, “ismo” guztien gainetik daudenak. Lotsagalduak izaten, dena den, baten batzuk areago ere nabarmendu dira eta, “progreetan progreenak” izate aldera, zer izan eta nazio gabeko jende irekia , zer izan eta mundutarrak, mundu-zabaleko hiritarrak… Ez dakit nik bada, zinez ote dagoen jende klase halakorik, frantsesak izan gabe, espainolak edo holandarrak izan gabe…. munduko hiritarrak baino ez direnak, mundukoak, bere soil-soilean, baino ez den jendea, ez dakit nik bada. Kontua baina ez da hor gelditzen, ez, aipatu sasi-intelektualtxo hauek, ausaz-edo, oso sabel edo poltsiko eskertukoak izan ohi dira, eta ez dute txahala musu-truk botatzen, ez, euren estatuko status quo-arekin bat-bat egitearekin aski ez, eta botere mediatiko handi horien epeletik aritu izan ohi dira maizenean.

Inteligentzia artifizialarekin ausartu dira. Txatxukeria artifizialarekin baina ezin animatu, hau sormen baztergabekoa baita, eta aurreikus ezina erabat, hortaz. Honako honekin ezin argiago horren adibide bat. Hasteko eta behin, nor bere komunitatekoa izatea gaitzat dute, gaixotasuntzat, bai. Dena den, ez gaitezen tranpetan ibili begi-bistakoaren aurre-aurrekoarekin; badakigu-eta “nonbaitekoa” izatea, “komunitate batean errotua egotea”, ez da berez osasun-faltaren seinale, ez, gaixotasunaren etiologia honetara bildu dezakegu: gorago esanda moduan, estaturik gabeko komunitate batetiko izatea atxikimendu delako hori, eta areago txikia izanez gero (sasi intelektual hauek “handia” denarekin oso temoso jarri ohi dira). Gure gaixotasunaren ezaugarririk nagusiena, dena den, honako hau da: kasualitatez, euren estatu “naturalak”, ura baino naturalagoa den horrek, gurea (gurea ez den, fikzio hori, edo gurea agian bai baina izan, ez dena, euren ustetan) barne-hartzea. Gurea artifiziala da; eurena natural-naturala. Gurea nahikeri gaixotia da, “ismoz” bukaturiko gaixotasun sorta horietakoa; eurak osasun betean daude eta, hori nahiko ez, eta gu sendatu nahian dabiltza, sendagileak eta guzti ditugu-eta.

Gurea senda daiteke. Hala-hola ez baina, badakite, ezagutzen gaituzte, eta jakin badakite ez dugula samur etsiko, temosoak garela garen horrekin, ondo baino hobeto dakite. Halere, senda gaitezkeela sinetsita daude. Eta zer eta bidaiatzea proposatzen digute. Ez dakit nondik heldu aholku honi. Zer da hori… bidaiatuz, eta beste leku batekin laketuta-edo, gerora, berriz bueltatu ez, eta gure komunitatea hustuz joan dadin nahi izatea? Ez dakit. Iñaki Segurolak ironia handiz zioskun moduan, ez al da kontrara izango? Ez al da izango nazionalismoz, edo “ismo”-rik gabe esan nahiko bagenu, hemengoak izanez, alegia, euskal herritarrok, sendatuko zaigula bidaiatzeko gurari kontsumitzaile itsu eta ase ezin hori? Ez dakigu geldirik egoten; ez dakigu eskuartean daukagun horrekin laketzen geure buruak; mundu-zabalean hara-hona gabiltza bidaiatzen, udarako bi astetan urte osoko gurea ahaztu nahian, gure etxea, gure egunerokotasuna, gure lana, gure bizimoduaren eraman ezinak nazka-nazka eginda… Hori bai gaixotasuna! Eta hori ez da bidaiatuz konpontzen, ez, oso bestela baizik, justu kontrakoa eginez, gero eta hemengoagoa izanez, nonbaitekoa izanez eta zaren hori izanez behingoagatik.

Dao De Jing (Lao Zi) (47)

Etxeko atetik atera gabe
Zeru azpiko gorabeherak jakin ditzakezu.
Leihotik begiratu gabe
Zeruko bideak ikus ditzakezu.

Zenbat eta urrutirago joan,
orduan eta gutxiago dakizu.

Beraz, jakintsuak bidaiatu gabe ezagutzen du,
begiratu gabe ikusten,
egin gabe egiten.

Nazionalismoa ez da sendatzen, sendatu egiten du!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.