Mundu hau ezer gutxi da, oso txikia da!

Mundu hau ezer gutxi da, oso txikia da! –

Mundu hau ezer gutxi da, oso txikia da!“Dena” ezer gutxi denean, ezer askorik ez denean “dena… Guztia” askoz gehiago baita, “dena” baino, askoz gehiago ez ezik, ezer kanpoan uzten ez duena. Horren berri eman zigun zuzen onez jada joana zaigun Iñaki Segurolak. Pentsamendu zahar etorkizko harako huraxe, jada iraungi-edo harako huraxe, gogora ekarri nahi izan zigun Segurolak, hizkuntza eta munduaren arteko sartu-irtenen ezpala asko hizpidera eramanda, eta, besteak beste, aipatutako dena eta guztiaren arteko alde itzela. Izan ere, hobe aldeaz mintzatzea, ezen dena eta guztia ez dira elkarren ezberdinak, txuri eta beltza nola, ez, dena eta guztia ez dira gauza bera, baina ez kualitatez, irismenez baizik. Guztiak dena barne-hartzen du bere baitan, bere erraietan ondo baitaratuz. Kontrakoa baina, ezin esan, denak ezin guztia bere baitan hartu, edalontzi batek itsaso luze-zabalaren basokada batto baino har ez dezakeen modutsuan. Izan ere, “guztia dena eta ez dena da”, Segurolak ondo gogorarazi zigun bezala.

“Dena” hemen egotea ahalbidetzen diguna da, bizitzeko behar adinako ziurtasuna ematen digu. Eskuartean dugun edo izankizun dugun hori da dena, begi bistan duguntxo hori, begiak jo dezakeen edota jotzear duen hori, hori, baina hori baino ez. Den hori da “dena”, zer eta soil-soilik den hori. Zer eta hori.

Xavier Zubirirekin ere egin genezake “guztia” eta “denaren” arteko bereizte honen gaineko hausnarketa gehigarririk, eta bereizte horren aberasgarri. Zubirik errealitateaz, bere osoan eta bere orokorrean, zein errealitateez, errealitate zehatz eta konkretuez, jardun zuen sakon filosofikoki. Eta honekikoan emandako ezin konta ahal zehaztapenen artean, segidako honako hauxe ekarriko dut orain hona gorago esandakoa osa lezakeelakoan-edo; existentzia ez da bere errealitatea dela-eta ulertzen, baizik-eta berez bera delako, bere berezkotasuna duelako. Honen haritik…gauzak errealak dira beren errealitate propio eta berezkoa dutelako, beren berezkotasuna dutelako, eta horrekin batera, existitu ere existitzen dira. Badaude gauzak errealak direnak eta errealak ez direnak, eta hala ere biek ala biek existentziarik dute.Badaude gauzak, existituz ere, errealak ez direnak. Existitzen dira, diren hori izaten, euren berezkotasuna dutelako, berez hori direlako, baina ez dute batere errealitaterik, hala nola, intentzioak, asmoak, gurariak, helburuak…zein oso bestelako zenbait eta zenbait. .Hauek guztiauek existentzia fisikorik ez, bai baina “intentzio-existentziarik”-edo dei genezakeen hori.

Intentzioarena adibide bat baino ez geneukake, gure, edo norbanakoaren baitako harrobitik sorkizun den horren guztiorren berri ematen duena, baina errealitateak ere, errealitateak bere osoan harturik ere, baditu, edo izan litzake “mutur-aurrekoak oraindik ez diren” baina bere “izankizunean” existitu-existitzen diren ezin konta hala gauzakizun, gertakizun eta izankizun.

Eta Wittgeinsteinen ustez, mundua agitzen den oro baldin bada, guretzat guztia mundua baino askoz gehiago da.

Mundu hau ezer gutxi da, oso txikia da!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.