Gure (zoro)etxea [2×03] – Mundu berria
Mundu berria –
Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.
Etxera sartu naizenean, hantxe topatu dut Labrit, egongelako sofan eserita, liburu bat esku artean. Azkenaldian, lantokitik bidali zutenetik, sarri egoten da halaxe, etxean liburu bati helduta.
-Zer, Labrit, zein ari zara irakurtzen orain? –bota diot, lagunkoi.
Isilunea jaso dut bueltan. Azkenaldian, lantokitik bidali zutenetik eta lantokiko nagusia nire aita zela jakin zuenetik, sarri egoten da halaxe, etxean liburu bati helduta eta nirekin hitz egiteko batere asmorik gabe. Eta sinetsidazue esaten badizuet, lagunaren isiltasuna baino ankerragorik gauza gutxi dagoela munduan.
Bere aurrean jarri naiz, gogaituta, eta bizkarra makurtu eta burua jiratu dut liburuaren azala ikusi ahal izateko. Aldous Huxleyren “Bai mundu berria” da. Ez nago amore emateko prest.
-Ondo etorriko litzaiguke soma pixka bat, ezta? Edo, ze kristo, eskatzen hasita, hobe miseria honetatik ateratzeko mundu berri bat behingoz! –bota diot aurpegira, probokatzeko-edo.
Burua altxatu, liburua itxi eta bere begiak iltzatu ditu nireetan.
-Mundu berri bat behingoz? Ondo ergelak zarete zuek, divine gaucheko ezkertiar sabelandiak! Beti zuen matraka kristau horrekin, mundu zaharra ordezkatzera eta gu guztiok salbatzera mundu berri bat etorriko dela esan eta esan. Serio, ez al zarete ohartu? Zer uste zenuten, zuen erretolika hanpatu horrekin berba eta berba ari zineten bitartean mundua zuei begira zegoela? Ba, ez. Badator mundu berria, eta ez da, ezta hurrik eman ere, espero zenuten hori. Gorriak ikusiko ditugu, eta orduan bai beharko ditugula soma dosiak kiloka.
Burua jaitsi, liburua ireki eta berriro iltzatu ditu letretan begiak, derrepentean desagertu izan banintz bezala.