M8ko greba feministak erakutsi diguna

M8ko greba feministak erakutsi diguna – 

Ez nuen oroitzen koadrilan guztiok gizonak ginela; martxoaren 9an konturatu nintzen. Afal aurreko poteoan txantxak, txisteak. Afal orduan, txotx deietan, “utzi pasatzen horiei, bestela…”, neskak zetozenean. Orduek aurrera egin ahala, iragazkiak ezabatuak, barruko minak, haserreak, erresistentziak, jarrera erreaktiboak. Bezperan, feministek Euskal Herriariari orri bat oparitu zioten mobilizazioen Guinnes errekorren liburuan, eta koadrilan, pozez zoratzen ospakizunetan egon ordez, erretxinduta zeuden batzuk.

M8ko greba feministak erakutsi diguna

M8 magikoaren hamaika irakurketa egin(go) dira, mila eta bat ikasgai atera; nik ere badut nirea: greba feministaren arrakasta Euskal Herriko mgimendu feministak azken urteotan egin duen lan nekagaitzaren fruitua izan da (eskerrik beroenak greba hau posible egin duzuenoi; badakit batzuentzat oso exijentea izan dela; esango nuke Bilboko Alternatiben herria amaitzean idatzi nuen postak ez duela gaurkotasunik galdu).

Helburuak garbi, bideari ekiteko prest zeudenen artean aliantza egin, bide orria, mugarriak, proiektuak… adostu eta aurrera. Emakumeen mundu martxa, feministok prest, indarkeria matxistaren kontrako erresistentzia, festetako antolakuntza, Bizkaiko zahar etxeetako langileen greba…

Autonomia osoz. Alderdi politiko baten edo bestearen jarrerak baldintzatu gabeko bidean. Diskurtso erradikala, garbia, ahoan bilorik gabe, tonua apaldu gabe, alderdi politiko hau edo hura minduko ote den arduratu gabe, erabakimenez, konplexurik gabe, mugimenduari inongo mugarik jarri gabe, potentzial osoa garatuz: mugimendura  gehitu nahi dena gehitu dadila.

Batzuek barre egingo zieten. “Nora zoazte hauekin edo haiekin kontatu gabe. Horrela ez duzue ezer lortuko. Betiko lau katuak besterik ez…”. Zer nolako ikasgaia.

Eta martxoaren 8an magia sortu zen.  Uholdea nonahi. Marea horretan murgilten ez zena itotzeko arriskua zuen. Samara Veltek Berrian esan zuen: Batzuei kezka sortu zaie, eskuineko alderdiak ere ahalegindu direlako protestaz jabetzen, bezperan grebari kritika biziak egiten zizkietenetako batzuk lanuztera gehitzeraino”.

Atzo agerraldia egin zuen Euskal Herriko mugimendu feministak: Alderdi politiko batzuek interes elektoralengatik egindako babes keinuak salatu nahi ditugu. Horixe da mugimendu sozial autonomo indartsu bat. Bere bidea egin, eta alderdiak interpelatzen ditu konplexurik gabe, gauzak garbi esanez. Zer nolako ikasgaia.

Burujabetza prozesua ere halakoxea imajinatzen nuen nik.

M8ko greba feministak erakutsi diguna