Monogamia eta polimaitasunaren arteko naufragioa

Monogamia eta polimaitasunaren arteko naufragioa –

Kaixomaitia.eus | Txintxurreta Agirregabiria, Maddi

Bikote eredu tradizionala izanik maitasun erromantikoaren kulturak onartzen duen erlazio bakarra, harreman afektibo-sexual anitzak salbamendu-txalupa izan daitezke. Baina, honek ere baditu deseraiki beharreko hainbat  mito eta estereotipo.

Monogamia eta polimaitasunaren arteko naufragioa

Ilustrazioa: Núria Frago (Pikara Magazinen argitaratua1)

Miren eta Andrearen erlazioa klandestinoa izan zen hasieratik, bikotea normatibatik at zegoelako. Biak emakumeak eta hamabost urteko adin-tartea. Buenos Airesen ezagutu zuten elkar eta bikote harremana mantendu zuten Mirenek Argentinan igaro zuen urtebetean.

Urte horretan, Mirenek bere klaseko Jorgerekin sexu harremanak izan zituen birritan. Lanean ere hasi zen, eta Lucia ezagutu zuen, bere nagusia. Gau batean, Lucia eta Miren ardo batzuen bueltan zebiltzala, Andrea gonbidatu zuten nagusiaren etxera, eta harreman sexualak izan zituzten hirurek.  Hortik bi astetara, berriro, zine festibal batean topo egin zutenean. Gau berean, Luciaren mutil-lagun ohia jolasera batu zen. Nagusiaren etxeko ohe txiki batean amaitu zuten laurek.

Miren Euskal Herrira itzuli da, Lucia Bartzelonan bizi da orain eta Andrea Argentinan geratu da. Miren bere nagusia bisitatzera joan da aurten Kataluniara. Lucia gizon batekin ezkonduta dago. Baina berdin dio. Gizonari morboa ematen dio norbaitek bere emaztea desiratzen duela jakiteak. Miren etxeko leiho ondoan zigarro bat erretzen ari zela, Lucia gerturatu zitzaion, eta, bere gizonaren aurrean, Miren ukitzen hasi zen.

Maitasun erromantikoa eta monogamia

Izan pasibo eta emozional bulbadun emakumea bazara, izan izaki arrazional zakildun gizona bazara. Eta bion artean, osatu betirako bikote harreman eredugarri bat.

Heteropatriarkatuaren kalte-ordainak etxeetako barrunbeetan daude, eta maitasun erromantikoan eraikitako harreman afektibo-sexualak dira horien adierazpide.  Monogamia fidelak promesten dituen amaiera zoriontsuak ez dira uste bezain ohikoak. Espainian, ezkonduen %60 dibortziatzen dira. Maitasun erromantikoa iraultzeko tresna gisa iradokitzen da polimaitasuna, zeinen bidez norbanakoak pertsona batekin baino gehiagorekin izan ditzaken harreman afektibo zein sexualak.

Ibai Fresnedo, sexu hezitzailea: “Maitasun erromantikoa sistema patriarkalaren biziraupena bermatzeko dispositiboa da”

“Maitasun erromantikoa sistema patriarkalaren biziraupena bermatzeko dispositiboa da”, Ibai Fresnedo sexu hezitzailearen ustez. Plax! bikote eta sexu aholkularitza programan egiten du lan berak, maitasun erromantikoaren ajeei aterabideak proposatzen. Bere aburuz, maitasun eredu honen estereotipo eta mitoek gizaki-erdi bihurtzen dute emakumea: “emakumeek espero dute printze urdina aurkituko dutela, eta printze urdin horren bitartez osatuko direla. Ez dira pertsona osoak, erdiak baizik.”

June Fernandez generoan espezializatutako kazetariak mandarina batengatik aldatu zuen laranja erdiaren ipuina, Argian argitaratutako  San Valentin eguneko artikuluan.[1] Mandarina-atal bakoitzak harreman mota bat ordezkatuko luke: lagunen artekoa, bikote harremana, familiarena, norbere buruarena, eta abar. Brigitte Vasallo kazetari feministaren hitzak berretsi ditu Fernandezek: “norbaiti esatea bere bizitzan pertsona bakarra desiratu eta maitatu behar duela oso eredu mugatua da, ez du norberaren auto-garapena ahalbidetzen”.

Bikote eredu tradizionalak ez dio lekurik uzten Fernandezek proposatutako harreman-aniztasunak ekarriko lukeen auto-garapenari. Bere ustez, hain dago normalizatuta monogamia, ez diegula askatasunez irekitzen ateak harreman afektibo eredu desberdinei.

Baina monogamiak heteropatriarkatuarekin lotura estua daukan arren, eskema hau jarraitzen duten harremanak ez dira kaltegarriak izan behar derrigor. June Fernandezek dio monogamia norbanakoen erabaki bat bada, edo bikote esparruan horren inguruko adostasun bat bada, ez dela patriarkala. Fresnedoren arabera, erlazio horretan eraikitzen dugun “kontratu mota” berrikusi behar da. Hau da, nahiz eta bikote monogamo bat izan, norberaren espazio independenteak eta identitate pertsonala garatzeko paktuak egitea.

Arazoa ez da monogamoa izatea, arazoa da monogamia dela kulturalki onartuta dagoen aukera bakarra eta horretan hezi dela gizartea. Sexualitatearekin antzeko zerbait gertatzen dela dio June Fernandezek: “heterosexualitatean eroso dagoenak inoiz ez dio bere buruari galdetu zergatik den heterosexuala. Monogamiarekin gauza bera gertatzen da, naturalizatuta dago eta ez dugu askatasunez erabaki ea hori den bikote esparruan nahi dugun akordioa”.

 

Irakurri iruzkin osoa kaixomaitia.eus-en blogean >> https://goo.gl/RkH29y

Kaixomaitia.eus blogeko beste iruzkin batzuk:

kaixomaitia, kaixomaitia.eus, Maddi Txintxurreta, maitasun erromantikoa, maitasuna, monogamia, polimaitasuna, sexua, zeloak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude