Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide

Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide –

Badira gertaera eta historia bitxiak oihartzun zabala uzten dutenak, baina badira ere, bestelako gertakizunak, ia arrastorik utzi gabe, berehala gure artetik aldentzen direnak. Horrelakoak izan daitezke, beharbada, Mixel Ibarburu azkaindarrari gertatu omen zitzaizkion esperientzia mistikoak. Gogora ekar ditzagun!

 

1.- Mixel Ibarbururen haur eta gazte urteak

Mixel Ibarburu Sorregieta, Lapurdiko Azkaine herrian, Arranea auzoko Etxezaharrian sortu zen 1923ko urtarrilaren 20an. Familia laboraria zen, garai hartako lapurtar familia gehienen antzera. Aita Janbattitt Ibarburu urruñarra zen, Mendixoko auzoko Attingaberri etxaltekoa, eta ama Josefina Sorregieta, Etzezaharreko alaba. Aita, lehen aldiz, Urruñan ezkondua zen familia nafar bateko alabarekin, eta bi mutiko izan zituzten. Maleruski, emaztea zendu zen eta Janbattitt Ibarburu, alargun gelditu eta bigarren aldiz ezkondu zen, oraingoan alargundurik zegoen bere koinatarekin, eta lau seme-alaba munduratu zituzten. Horietatik hirugarrena Mixel Ibarburu zen. Ibarburutarrak 1625ean Lesakatik Urruñara joanak ziren, eta orduz geroztik Lapurdiko aipatu herrian bizi izan ziren.  Mixelek oso harreman estua izan zuen beti amaren aldeko aitatxiarekin, Beñat Sorregietarekin, eta honek eragin handia izan zuen bilobaren hezkuntzan eta nortasunean.

Mixel Ibarbururen sendia, lehen erran bezala, laboraria zen lau aldeetatik, laboraria eta erro giristino sakonak zituena. Mixelek katixima Azkainenm jaso zuen, Ibarburu apezarekin, gainerako anai-arrebekin batera; eta lehen ikasketak Azkaingo eskolan egin zituen.

Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide
Mixel ezkerrean, aita-amak erdian eta Mattin anaia eskuinean

2.- Bigarren Gerla Handiaren garaia

1942an Lapurdin zeuden alemanek Mixel deitu zuten Atlantikoaren Murruan lan behartuak egitera joan zedin, eta horretan ari izan zen 1942ko azarotik 1943ko ekainera arte. Erromardia aldean hasi zen eta Donibane Lohizuneko Santa Barbara baselizaren mendixkan bukatu zuen. Halako batean, alemanek bera baino zaharragoak ziren Xan eta Beñat anai bizkiak deitu zituzten Hamburgo aldera, lan behartuak egitera joan zitezen. Mixelek, aleman batek kontaturik, jakin zuen Hamburgo alde hartan egunero bazirela tiroketak eta bonbardaketak, eta aita-amak eta anaiak hango lurretan zen arrisku handiaz ohartu zituen. Hori dela eta, bi anaiak Pausuko zubitik barrena Irunera pasatu ziren  eta ondoren, Lesakako kusien baserrietara.

1944ko abuztuaren 21eko gauean, alemanek Azkainetik alde egin zuten, Larrun mendian pilaturik zituzten munizioei su eman ondoren. Larrun osoa sutan zegoela zirudien.

Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide
Mixel Ibarburu soldadu. 1946

3.- Soldadu zegoela Jainkoa mintzatu zitzaion

1945eko maiatzaren 2an, frantsesek deitu eta armadara igorri zuten. Oraindik gerla garaia zen, armistizioa maiatzaren 8an izenpetu baitzuten, hau da, sei egun berantago. Bordelera eraman zuten eta, han Grazi adiskidearekin batera, trena hartu zuen Xartrailles-eko kasernara joateko. Artillerian zuten sartu eta Alsaziara soldadu igorri. Gerora, Alemaniako Saltzstadt aldera bidali zuten alemaniar preso eremu batera.

Han zegoela, 1945eko urriaren 24an, Jainkoa euskaraz mintzatu zitzaion lehen aldiz. Honela erran omen zion: “Beha zute ongi deneri. Egun batez horietarik batek egin bahau zerbeit, horrentzat izanen haiz hoberena!”  Hurrengo hilean, 1945eko azaroaren 15ean, bigarren aldiz mintzatu omen zitzaion honela erranez: “Jainko bat baduk edo ez duk?” eta Mixel Ibarburuk erantzun: “Ba, katiximan ikasi dut Jainko bat badela, zeru-lurrak egin dituena, gizonak eta emazteak egin dituena eta orotan dena.”

Hurrengo egunean ahots misteriotsuak berriz galde egin zion: “Hiri zer iduritzen zaik, Jainko bat badela edo ez dela?” eta Mixel Ibarburuk erantzun: “Erran zaitut atzo ikasi dutala nere katiximan Jainko bat badela, zeru-lurrak egin dituena, gizonak eta emazteak egin dituena, munduan orotan dena eta betidanik izan dena, hiru presunetan den eta hiruek bat egiten dutena.” Hurrengo bi egunetan, ahotsak galdera bera egin zion. Handik aitzina, abantzu egunero ahotsak zerbait galdetu edo erraten zion, beti euskaraz.

 

4.- Getariara ezkondu zenekoa

Mixelen aita Janbattitt Ibarburuk zerbitzu militarra Mattin Zozaiarekin batera egin zuen, eta biak onik itzuli ziren 1914-1918ko gerlatik. Janbattitt Gerla Gurutzea paparrean zuela itzuli zen etxera. Geroztik Ibarburu eta Zozaia beti adiskide handiak izan ziren.

Behin, Azkaingo Kaiet Karrere jaun erretorak Mixel deitu zuen eta Mattin Zozaia hilzorian zegoela aipatu zion. Haren azken nahia zera omen zen, Mixel bere alabarekin ezkontzea. Hori jakinik, Mixel Ibarburu Getariako Briketenea etxera joan zen neska ezagutzera, eta etxean sartu orduko ahots misteriotsuak honela erran omen zion: “Hik hemen hotela eginen duk!”  Eta horrela izan zen, ezkondu ondoren etxe hura hotel bilakatu baitzuen.  Mixelek bazituen bere zalantzak neska harekin ezkontzeko eta horregatik Jainkoari bere iritzia galdetu zion. Jainkoak honela erantzun omen zion: “Bai, hartzen ahal duk andretzat.”

Horrela, 1949ko apirilaren 28an Joana Zozaiarekin ezkondu zen eta orduz geroztik Getarian bizi izan ziren hotela kudeatzen. Bi mutiko ukan zituzten: Xan Filipe eta Mattin.

Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide
Briketenia etxea, gaur hotel bihurturik

5.- Mixel Ibarburu idazle eta lekuko

Bizitza osoan zehar eta zendu zen arte, Mixel Ibarburu Jainkoarekin, eta baita Ama Birjinarekin ere, maiz mintzatu zen, eta zenbait igarkizun egin zizkioten. Hori dena kontatuz Mixel Ibarburuk hiru liburu autobiografiko idatzi eta plazaratu zituen. Horra hor:

“Dieu existe, je l`ai vu, il m´a parlé.” (Jainkoa bada, ikusi dut eta hitz egin dit.) Jean Curutchet argitalpenak. Heleta, 2000.

– “Dieus est l´auteur de ce livre.” (Jainkoa da liburu honen egilea.)

Jean Curutchet argitalpenak. Heleta, 2001.

– “Dieu le Pêre, l´auteur de ce livre.” (Jainko Aita da liburu honen egilea.)

Mondarrain argitalpenak. 2006.

 

Mixel Ibarburu 2012. urtean hil zen. Eliza Katolikoak, eskatu dioten arren, ez du deus aipatu hiru liburu hauen balizko saindutasunaz. Dena den, Mixel Ibarbururen esperientzia mistikoaz jakin nahi duenak hor ditu  plazaratu zituen hiru liburuak, beraiek baitira Ibarbururen  lekukotasunak ezagutzeko biderik hoberena.

Mixel Ibarburu eta Joana Zozaia senar-emazteak. 1996
Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide Mixel Ibarburu, Jainkoaren mintzaide

Euskaltzalea eta irakasle-ohia