Mirrak, intsentsuak eta urreak zer esan nahi digute gaur?

Mirrak, intsentsuak eta urreak zer esan nahi digute gaur? – 

Eskuerakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra(Mt 2,11)

Ekin diezaiogun lehenik eta behin mirrari. Mingotsa oso dugu mirra, Handi den horretaranzko bidea nola, berau garratza baita hasiera batean. Bide honek asko du gainetik kentzetik, atxiki-atxiki ditugun zenbait eta zenbait gozamen, atsegin, ondasun, menpekotasun…errauztetik. Nolanahi ere, hastapenetako garraztasun horretatik pasa behar da derrigor. Edozein modutan ere, kentze-errauzte hori hasteko eta behin barne kentze bat da, atzo esanda moduan, barne menpekotasuna baita zinez gatibu eusten gaituena. Eckhart Maisuak zioen bezala, “Irrist egin behar du, subjektuan sustraitzen ez den guztiak igarotzen diren bezala. Bebil ura eta sendo egon bitez ontziak. Are atsegina ematen digun horri guztiari nolabaiteko des-atxikimenduzko begiradaz begiratu beharko genioke aurrerantzean. Ditugun ezin konta ahala menpekotasunek hiltzen gaituzte zinez egunean-egunean, izan gintezke horretatik, eta gertu izan genezakeen Handi ezin esanezko Horretatik, harian-harian aldenarazten, Herodesen aginduz hiltzen joan ziren ume horiek antzo.

Garratza da hortaz desatxikitze alderako bidearen hasiera hau. Askotan ez da izango ezta gerok kendu edo baztertutako zerbait, baizik-eta bizitzak berak, bere joanean, kendutakoa. Galera horien guztien berri mirraren garraztasunak ematen digu. Galtze horien onarpena bera gorago aipatu gako horren araberako izango da. “Ezerk ez gaitzala aztora”, zioen Eckhart-ek; gehiegitxo, nire ustetan, sikiera pixka bat gutxiago aztoratuko bagintu! Garratza, iluna, hustuta geratu izanaren irudipenezkoa dugu honelako gabetze bat, gehienetan ezin eutsizkoa; Hor izango dugu beti, esku-eskura. gure pentsamenduaren ondoeza, gure nahiak, desirak, beldurrak… isilarazteko eguneroko eskaintza anfetaminiko ezin agortuzkoa. Nork izango ditu bere nortasunaren araberako ihesbide antsiolitikoak.

Alabaina, mirrarenei eutsita, horren ostean, gerora, mirrari adaxka bat ernatuko zaio, intsentsu alea bere baitan daraman kimua, usain eta lurrin gozoa isuriko diguna.Sua, intsentsua ukitzerakoan, mihi antzeko bihurtzen da eta gozoki milikatzen du pozez eta samurtasunez hurrupatzeraino. Lastoaren balioa neurtzen da berekin duen alearen arabera. Hortik kanpo, lastairakegiteko erabiltzen da edo simaurtegirako.

Azkenik urrea, magoen hirugarren eskuerakutsia. Hemen urreak zera sinbolizatzen, zera jartzen digu erakutsian; aurrerantzean gure zinezko balio ez da gure gizarteko kanpo arrakasta eta merkatu balioen araberakoa izango, baizik-eta geure barnealdean zabaldutako zinezko askatasun bake eta maitasun emailearen araberakoa. Zabaldutako barne soilgune horretan baino ez dugu aurkituko jakintsu hauek bila zebiltzan jaiotza.

Mirrak, intsentsuak eta urreak zer esan nahi digute gaur?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude