Mintzairak sekretupean gordetzen duenaz….

Mintzairak sekretupean gordetzen duenaz…. – 

Mintzaiaren mugez aritu nintzen aurrekoan (zuzeu.eus/buruari-bueltaka/esanezinaz-mintzo);mintza eta mintza arituta ere, edo esan ahal izan genezakeen huraxe bere mugetara eramaten ahaleginduta ere, ezin esanezkoarekin egingo dugu topo atergabe, betiro. Ezin esanezkoa oso modu ezberdinez ager dakiguke baina; lauso edota zehatzago; haren bila-edo ibili eta gero, edota ustekabean halabeharraren patuaz; mintzaira edo hizketa beren semantikaren zedarrien kontra eramaten ditugunean, edo, hori gabe ere, jada aurrez hizketak eman liezazkigukeenak aurreikusirik, esan litekeen edozeren aurrean etsia ematen dugunean… Moduz askoz mintzo zaizkigu hitzak eta esaldiak, eta, halaber, modu askoz, argi ulertarazten edo lauso intuiarazten ere bere esate edo adierazte horietan guztietan derrigor isildu beharreko hori. Gure hizketa akaso gero eta finagoa izango da, inguratzen gaituen eta garen errealitate horren isla gero eta finduagoren adierazgarri. Eta halere, ezin sekulan betidaniko mugaz bestaldera iragan. Beti betiko mugaren aurrez aurre, beti berbera eta beti bezain iragangaitza. Horren aurrean planto egin behar derrigor. Mintzaira ezin bestaldeko horren berri onargarririk eman, ezin ganorazko deusik luzatu.

Non dago baina muga? Non ezintasuna? Mintzairak al du egungo egunean dexende oraindik ibiltzeko, aurrera egiteko? Ezgaitasun delako hori mintzairarena al da, bere baitakoa? Ez al da izango, aldiz, errealitatearen izaeraren muinak horrelakorik ezinezko bilakarazten duena? Ez al da izango bada, errealitatea, bere burua agerrarazte horretan, bere burua ezagutzera ematen duen horretan, beti beste horrenbeste agerrarazi gabe uzten duela?

Errealitateak beste horrenbeste agerrarazi gabe utzita ere, berebat, nola edo hala, estalita legokeen horren berri ere eman ematen du, lauso-lausoki bada ere, eta, hortaz, guk sumaz baino hazta ez badezakegu ere. Agertuaz arduratzen da mintzaira, agertutakoa “hitzetarazteaz”, ez baina ikusian dagerren ikusigabeaz, ez baina entzunean xuxurlatzen zaigun entzungabeaz, ez baina egon gabe hor bertatik bertara dagoenaz…

Izan ez dena,
edo guztiz bederik izan ez dena,
guztiz bailitzan trataturik,
zinez bere betera ailegatzen ez lagundurik,
egunean-egunean zenbat eta argiago genuelakoan,
egunean-egunean ezdeustuz zaigu labaintzen,
egunez egun zaigu urruntzen,
urrutiratzen,
orain arte izen zitekeenaren izena daramana,
izenkizun bilakatu zaigun oraindiko izankizun hori.

Noiz egoki agurtu, noiz egoki deitu?

Esanezinaz mintzo • ZUZEU

Mintzairak sekretupean

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.