Mikrobiota eta hesteen mintzoa

Mikrobiota eta hesteen mintzoa –

Mikrobiota eta hesteen mintzoaZer edo zer ahotan hartzen dugularik, izan irudipen arin formapean, izan iritzi, uste, are uste osoko konbizkoaren formapean ere, hau da, arinetik sakonagora botatakoetan, mintzora eramandakoetan, badago horietan guztietan nekez sekulan gainetik ezin kenduko dugun zerbait: botatako esan horietan guztietan une oro arrazionalak garelako uste-konbikzioa, alegia, uste izatea arrazoimena dugula gidari beti ere beti. Hein horretan, are irudipen itxuraz oso azaletik eta hortaz oinarri eskasekoetan ere, arrazionalak izateari sekulan uzten ez diogulako konbikzio guztizkoa hor atzean daukagunez, are itxuraz arinetik  ahotan hartutako hori ere, azkenerako, astun eta pisuzko, hau da, ezin dudazko sentitzen dugu guk.

Deskribatutako goiko honek ez du zertan hala izan beti. Joerazkoa da eta espero izatekoa, dudarik ez. Ez baina, gure ezinbestea. Dena dela, nor bakoitzaren esku dago esandako horren ohartun eta jakituna izatea, hau da, iritzi edo uste bat botatzen duen bakoitzean,  jakinaren gainean egotea ez dela guztiz arrazionala izaten ari, are, akaso, batere ez ere. Badakit diodan hauxe bera ere, konbikzio huts formapean ere botatzen dudan aldetik, kritikatzen dudan jardun horretan bertan agian ari naiz ni  neu ere lerratzen eta, hortaz, gurpil berberean sartzen.

Hala da, eta ezin ukatu nire kontraesan erabatekoa. Nere alde, dena den, mikrobiota eta heste kontuetan egindako ikerketa guztiek berrikitan zientziatik luzatzen ari zaizkigunak, edo, akaso norbere “auto-lekukotza”, sabel-heste gorabeherak izan dituen horietarikoa balitz, beroiek egunetik egunera bere iritzi aldaketetan izandako indar eta pisuaren testigu ziur izan den aldetik.

Apaltasunerako dei apal nire hau:

Ohar dadila nor bakoitza lepotik gorakotik lepotik beherako lokatzaren mintzoaz!

.

Goiko hausnarraren (animalia hausnar?) iradokigarri-edo, jarraian Iñaki Segurolaren “langa aurreko astoaren” irudian inspirazioa hartutako olerkitxo batzuk:

Lepotik gora gauzak argi edukitze aldera,

astoan langa aurrean bezala.

Lepotik gora munduarena konpondu nahian,

astoa langa aurrean bezala.

Lepotik beherako deia aditu gabe,

astoa langa aurrean bezala.

Lepotik beherako hestearen orroari ezohartuna egiten,

lepotik beherako bihotzaren garrasiari ezentzuna eginaz.

Lepotik gora betiro tema-tematurik,

astoa langa aurrean bezala.

…………………………………….

Lepotik gora betiro mundua ulertu nahian.

Lepotik gora betiro gure burua jada ezagutzen dugulakoan,

geuretik ariko bagina bezala,

lepotik beherakoaz umezurtzturik,

lepotik gora, zikiraturik, astoa langa aurrean….

…………………………………….

Arrantzaka ezagutu uste dugunaz mintzoka,

arrantzaka geure buruaz zer edo zer dakigulakoan,

arrantzaka norbaiti zer edo zer komunikatu geniezaiokeelakoan,

arrantzaka, baina, geure buruarekin berarekin komunikatu ezinean,

Arrantzaka, astoa langa aurrean…, marrumaka lepotik gora, umezurtz, langa aurrean…

…………………………………….

Nondik datorkizu baina tema hori langarekin?

Nondik datorkizu  aurrera eta atzera egiteari utzi ezin hori?

Sekulan zeharkatuko ez duzun langarekin tematurik,

sekulan begi-bistatik kenduko ez duzun langa beti helburu izanik,

Langarako zaude.

Bertantzeko ezindurik.

Kasik hormatzen zaituen odolbildu espiritualak asto-turik,

Burutik behera,

zikiraturik,

astoturik,

asto metafisiko izoztua bilakaturik,

Langa aurrean…

Ez atzera, ez aurrera…

Ezin bertanduaz

Mikrobiota eta hesteen mintzoa

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.