Mediku mintzoa

Mediku mintzoa –

Biziki ernegatzen nauen kontua da nola mintzo ohi zaion sendagile zenbait pazienteari. Minaz mintzo zaizkigu umeak bagina bezala. Dagoneko giltzurrun bi transplante egin dizkidatenez gero, badakit zertaz ari naizen: besteak beste, tutu bat zakilaren barnean jarri didate bietan. Anestesiaren eraginez, nola sartu zidaten ez nuen sentitu, baina ateratzeko tenorean, beldur nintzen, doike. Antza, ebakuntza egiten zidatelarik gernu-ihesak saihesteko zakilaren barnean tutu txiki bat sartu zidaten eta, ezin betiko utzi hor, erauzi behar zidaten.

Mediku mintzoa
Arg: Thirdman

Ea minik izanen nuen galdetu nion urologo gazteari: “Minik ez, molestia pixka bat”, ihardetsi zidan urologoak, bata zuriaren poltsikotik idazluma bat ateratzen zuelarik, bere eleak indartzeko edo, zeren ez zuen une horretan deusik idatzi beharrik.

Eskarmentuak erakutsi dit molestia hitza sendagileek darabilten eufemismo bat dela, ihesbide aizun bat sendagileen ahotik aise jalgi egiten dena min hitzaren gordina saihesteko. Zeren eta mina norberarena baizik ez da eta, beraz, urologo horrek ez badu sekula sentitu zer den tutu hori sartzea eta ateratzea bere zakilaren barrurantz eta kanporantz, ez luke esan beharko deusik ere, berak ez dakielako zer sentitzen den eta noraino den min jasanezina, min akutua, min jasangaitza edo eragozpen bat, traba txiki bat –molestia bat– baino ez.

Setatia naizenez gero, –edo nahiago izatera, tematia, burugogorra– bigarren galdera bat egin nion eragin behar zidan mina aurreikusi nahian, ene burua hobeki prestatzeko edo: “1etik 10era, zenbateko mina?”. Urologoak “bost” erantzun zuen, gehiegi pentsatu ere, eskuan darabilen idazluma altxatzen zuelarik, horrekin bere hitza indartu nahian edo. Lamy idazluma darabil, alemana, xaloa. Agian, beste Lamy bat, dotoreagoa, ematen ahal diot opari.

Eta heldu unea, urologoak orratz baten moduko tresna eskuan dakarrelarik –ez, ez da idazluma–. Azaldu dit puxika bat dudala tutuaren barruko aldean tutua berez atera ez dadin, eta anestesia jarriko didatela; beste tutu txiki bat sartu eta puxika hustuta, aterako dela tutua. Aise esan du. Zenbateko minaren emaitza, “bosta”, oso nota baxua iruditu zaidan pairatu dudan oinazerako; hamaika ikusteko jaioak gara, ez bost. Egia da ez dela oso luzea izan, baina eragin didan sufrikarioa ez diot inori desira.

Urologoari ez diot idazluma bat emanen opari, ezta hurrik eman ere.

Datorren astelehenean, hitzordua.

Mediku mintzoa

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude