Lopez eta Zelaaren gobernua Eskola Publikoaren aurka?
Eskolatik kanpo dagoenak ez du agian jakingo zer den eskolako lanpostuen zerrenda (RPTa) eta inoiz ez zuen galdetuko eskola baten antolaketaz, baina pentsatzen jartzen bada konturatuko da eskola batek funtzionatzeko irakasleek klasea ematea baino gehiago behar dela.
Lehen Hezkuntzako eskola batean irakasle tutoreak behar dira eta irakasle espezialistak (ingelesa eta gorputz hezkuntza eta musika) eta eskolako martxa antolatuko duten eta gainbegiratuko duten zuzendaritzako taldekoak eta jangelaz eta jangela garaian ikasleak zaindu behar dituzten begiraleez arduratuko dena, eta liburutegia kudeatuko duena, eta laguntza eta programazio berezia behar duten ikasleei laguntza emango diena eta eskolako baliabide teknikoez arduratuko den irakaslea. Horregatik eskola batek 32 ikasle talde baditu, 32 irakasle baino gehiago behar ditu. Irakasle talde hori zenbatekoa izango den urtez urte erabakitzen da ikasle kopuru eta eskolak dituen berezitasunen arabera. Urtetik urtera ez da aldaketa handirik egoten eskolako baldintzak aldatzen ez badira. Ikasturte bukaera aldean, ekainean hain zuzen, iristen da lanpostuen zerrenda.
Hori da, hain zuzen, lehengo asteazkena eskoletara iritsi zitzaiguna: datorren ikasturteko lanpostuen zerrenda. Eta murrizketak iragarrita zeuden arren, ezin genuen sinistu ikusten genuena: bi eta hiru arteko irakasle gutxiago 32 ikasgela dituen eskola bakoitzeko. Horrek esan nahi du %6 eta %8 arteko murrizketa egin digutela. Eta kasu batzuetan esan nahi du datorren ikasturtean ez dugula izango ikastalde guztiei derrigorrezko diren ingeleseko klaseak emateko irakasle nahiko izango. Edo ezingo diegula gelatik kanpoko laguntza eskaini zailtasun bereziak dituzten ikasle askori. Edo 110 ordenagailu finko eta 140 eramangarri denak sarean konektatuta ditugun eskolan ez dela egongo horien funtzionamenduaz eta proiektuaz arduratzen den irakaslerik. Eta hori bezalako beste arazo asko, ez baigara ailegatuko eskolak dituen beharretara.
Horregatik egin dute protesta zuzendariek, baldintza hauetan Euskal Autonomi Erkidegoko Eskola Publikoa porrotera doalako. Lopezen gobernuak egin du, Isabel Zelaa Hezkuntza Sailburuak egin du. Sozialistak?
OHARRAK (Post scriptum) 10/06/16: Badirudi Hezkuntza Sailak azken orduko aldaketak egin dituela eskola askotako lanpostuen zerrendetan eta aurreko urtetako egoerarekin parekatzen ez bada ere, gehienetan murriztu dira murrizketak; minus bider minus berdin plus?