Lauburua eskuinera
Lauburua eskuinera –
Bai, 1950ean entzun nuen lehen aldiz berba hura, gaztainadiak gaixotzen hasi zirenean: “zeozer pasetan da amosferan”. Orduan ez nuen ulertu gauza handirik, ez bainekien “amosfera” zer zen.
Orain, handik 70 urtera, etxe barruan nago, mundu guztia bezala. Orain ere ez dut ulertzen gauza handirik; txioak motroiloian heltzen zaizkit mobilera, eta eulitzar bat behar ez den lekura sartu eta, kristalaren kontra etengabe topeka ibili ondoren zorabiatuta jausten den moduan amaitzen dut neuk ere egunaren amaieran. Baina tira, berrogeialdiak urte guzti hauetan gertatu dena gogoratzeko beta eman dit.
Handik urte batzuetara, beste behin, erlea, erle talde oso bat, zoruan hiltzen ikusi nuen. “Pestizida” hori bota dutelako izango da, pentsatu nuen. Hobeto esanda, “belartzida”. Baina belartzidaren gertaera hartatik urte batzuetara, erle-eliak bere etxolatxoa utzi eta alde egin zuela ikusi nuen. Talde bata bestearen ondoren, bazihoazen etxe-aberetxo estimatuak norabaitera. Eta hurrengoan, beste behin, enara elaien hutsunea nabaritu nuen alanbregune gainean errenkadan, hantxe batzen baitziren euren denboraldiari amaiera eman eta bueltarako planak egiten. Eta enarek ere, kanpoko bisitari alai haiek, ez dute jada habiarik egiten gure atarteetan.
Hori dena egunez. Baina gauez ere, gero eta ipurtargi gutxiago nekusan. Haiek ere aldendu ziren norabaitera. Norat…? Kontaezinak dira munduan zehar desagertu diren espezieak, animalia, landare, sagarrondoak… Zientzilariek ikertu beharko dute eta azaldu zein animalia, zein molekula, zein atomo, zein haize kuantiko, zein tekla… izan den pandemia honetara ekarri gaituena. Zeren ez baitute sarritan bereizten epidemia eta pandemia. Duela 2.000 urtetik honantz hiru-lau epidemia latz gertatu dira: “izurrite beltza” Erdi Aroan; 1918ko gripea, populazioaren %40ak jasan zuena; eta “gripe asiatikoa” edo Hong Kong-nekoa, ume eta gaztetxoagoak jasan genuena 1.957an.
Baina pandemia, giza espezieak izan duen lehenengoa da, ezagutzen den lehena behintzat. Hots, gaitz planetarioa. Eta geuk, gizakiok, eragindakoa. Zeinek bestela hedatu du kutsadura kimikoa, zaborreria anitza, nolanahiko uhin elektromagnetiko demasa lurrazalean nahiz inguruan? Biosfera bera zauritu dugu. Eta ez pentsa “biosfera” hor kanpoan biraka dabilen satelite bat dela. Ez. Biosferak bere osoan funtzionatzen du: Amazoniako oihana suntsitu ahala, Australiako suteak gehitu dira. Eta arestiko izurriteak gerra eta miseria izan dute aurrekari: azkena, adibidez, “Hong Kong gripea”, Koreako gerra amaitu ostean, Vietnamgotik zetozen soldaduak ekarri zuten, AEBetan 116.000 hildako eraginez. Eta albo-ondorioak, langabezia, prekarietatea, klima aldaketa eta migrazio masiboak…
Berdin dit oiloak, txerriak edo saguzarrak kutsatu gaituen: haiek boomerang efektuz itzultzen digute kolpea. Naturaren ordena eraldatu dugu eta biodibertsitate babeslea hondatu. Ia-ia berdin dit kutsadura animalietatik, soroetatik, oihanetik edo “amosferatik” datorren. Bost axola honezkero Trump edo Trampen egitateak, hango edo hemengo enplastuak. Bai ardura zaidala zientzilariek, negozioen anparotik at, txertoren bat aurkitzea. Oi hala!. Baina zaila iruditzen zait gure artzainen bururako txertorik aurkitzea. Ez digute esan ba, pandemiatik irten bezain laster hemen Y grekoa eta tren magikoa dela urjentzia gehien duena orain? Halakoak entzuteko jaio gara. Hori bai, argi utzi dute beraien helmuga itsua; aurrekontuak denetarako ematen ez duenez, zementuak, Kapitalak, Bankuek (eta bitarteko txantxuiloek) dute lehentasuna.
Hala gertatzen dira gero tragediak: nabarmena Adinduen Egoitzetakoa; haietako langileek urtebetez greba egin ondoren bertako egoera hobetzearren (urtebete), lau hogerleko erregatatu dizkie, pandemiak babesgabe harrapatu dituen arte. Inork eskatuko ote die kontua fetxoria-egileei? Lehen Jainkoak, baina orain…? Batek daki.
Lehenengo lezioa ez dute ikasi. Zer egin orain eta hemen, bigarren lezioa datorren bitartean?. Jo dezagun euskaldunon pentsaera tradizionalera. Zer esan nahi du lauburuak?, galdetu zidaten behin. Eta ni, orduan, maisu: gure lauburua antzina-antzinakoa da, duela 6 edo 7 mila urtekoak ageri da Europa indigenako zibilizazio pre-arioan. Orduan lauburua eta koloreak elkarlotzen zituzten. Beltza edo arrea (lurraren eta ugaritasunaren sinboloa), Zuria (heriotzarena) eta Gorria edo Okrea (bizkundearen sinboloa, duela 100.000 urte Neandertalak zerabilena gorpuak margotzeko).
Lauburua ezkerrera, bizitzaren norabidea da: kolore beltza eta adur beltza: barne-energia. Lauburua beheko puntura heltzen zenean (Zurira), adur zuria zerien idi-probetako idiei: ahitzea, heriotza. Gauza naturala, bizi-legea. Atseden egin eta gero, Lauburua Gorrira pasetan da, itxaropenaren eta berpiztearen kolorera, eta gero buelta ezkerreko ziklora.
Baina behin, 2020ko martxoan, kukuak makur jo zigun egunean, Lauburua eskuinerantz biraka hasi zen. Lehenbizikoz lauburuen historian, kanposantu eta eskelari dagokion eskuineranzko lauburua bizidunen munduan matxan jartzea. Martia, martziala. Epaila, epailea…
Kontua da gure artzainek ez dutela aintzat hartu lezioa. Orain gainera, galdu dena berreskuratzeko, hazkundea biderkatu behar ei da. Ez dute konprenitu egoera berriak, orain eta hemen, des-hazkunde (Jesus!) programatua eskatzen duela. Hots, “Ekonomia Bio Ekologikoa”, ezen ez “Kapitalismo Berdearena”.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak laguntza handi bana eman beharko liokete Zuzeu-ri betetzen duen funtzio soziala saritzeko.
Beste moduan kalean obrak begiratzen edota parkean ahatei jaten ematen egongo liratekeen jubilatuak aktiboak eta entretenituta mantentzen baititu.