Larunbatean derbia, igandean auzolana
Larunbatean derbia, igandean auzolana –
Badago euskal matriarkatua bezain errotuta dagoen mito bat gure iruditerian: auzolana eta honen izaera euskaldun, berezi eta apartekoarena. Mito honen arabera, tradizio bitxi eta oso euskalduna da lankidetza sistema hau, non komunitate batek doako lanaren bidez denentzako onuragarria den zerbait egiten duen.
‘Mito’ diot, guztiz egia ez den kontakizun kohesio-eraikitzaile bat den heinean. Bi arazo dauzka kontakizun honek:
1) lankidetza ez da euskaldunen bitxikeria bat, gizakia gizaki denetik existitzen da eta, are, horri esker bizi da. Homo sapiens sapiens-on 200.000 urtetako historia luzean lankidetza eta elkar-laguntza dira ohikoenak, konpetizioa edo indarkeriaren gainetik. Gure egunerokotasuna ere adibidez josita dago: lan erreproduktiboa bera zer da ba, denentzako onuragarria den doako lana ez bada?
2) badago auzolanaren aurkakoa den eta oso errotuta dagoen beste tradizio arkaiko oso euskaldun eta oso jator bat: norgehiagoka. Herri-kiroletatik hasi eta mendizaletasunera, ondoko baserrikoa baino gehiago izate hori, gure buruak gainditzeko grina hori, ospatu, sustatu eta txalotu egiten dugu. Apustuek duten arrakasta ikusi besterik ez dago (‘odolean omen daramagu‘).
Geurean ez ezik, perspektiba hartuz gero ikusiko dugu kapitalismoa iritsi den toki guztietan dagoela norgehiagokaren gorazarrea. Hazkundekraziak hori behar baitu: hazi, edozein preziotan. Atzo baino gehiago izan, eduki, produzitu. Ingurukoak baino gehiago izan, eduki, produzitu.
Horretarako norgehiagoka onetsi eta erreproduzitzeko mekanismoak behar dira eta, esango nuke, kirola dela mekanismo nagusietakoa. Txiki-txikitatik irakasten digute kirolaren funtsa norgehiagoka dela (eskola kirolari buruzko artikulu honek dioen bezala). Horri gure gizarteetan kirolariek duten prestigioa gehitzen badiogu eta albistegi, prentsa edota espazio publikoan kirolak hartzen duen espazioaren tamainari erreparatzen badiogu norgehiagoka odolean izatea emaitza logikoa da.
[Gizontasun patriarkalaren ezaugarri bat konpetizioa izatea ere ekuazio honetan guztian sartu beharko litzateke, ez dakit non. Eta susmoa dut esfortzuaren kultura eta bere lehengusu American dream-a tartean dabiltzala baita ere, baina tira, hari luze horiei ez diet helduko hemen.]
Konpetizioa nonahi daukagu, ia ikusezina bihurtzeraino. Ez dakit zuek, baina nik behintzat desberdintasun gutxi ikusten ditut batzuetan futbol partidu bat, telebistako eztabaida saio bat eta kongresuko kontrol saio baten artean. Golak eta zaskak.
Auzolana, lankidetza eta elkarren zaintza ezinbestekoak dira bizitzeko. Norgehiagoka… ezetz esango nuke, noizbehinkako lagungarri moduan ez bada. Nola barreiatu eta puztu den ikusita, joko, dramatizazio, erritualetan txintxo-txintxo zedarrituta eta begia kendu gabe edukitzen badugu, hobe.
Auzolana sustatu nahian ez baitugu ikusi giza aharitoz bete zaigula mundua, eta dena da gol eta dena da zaska.
Ahari topeka. Joseba Sarrionandia, Ez gara geure baitakoak (Elkar, 1989)