Laputa

Laputa –

Kaixo, inuzenteen egunaz geroztik ez dut foro hau bisitatu, baina orduan idatzi nuen, eta ez da txantxa izan, antipodetara nindoala gure kontrako mundu hori aztertzera, non zeruko kupula beste bat den, neguaren ordez uda den eta, zehazkiago, helburu hartu dudan Zeelanda Berrian bederen, ezkerretik ere gidatzen den. Gure antipodak ezagutu nahi nituen, alegia.

Behin gure lurretara itzulita, Aotearoatik (lurralde horien maori izena), Gulliver bidaiariak bezala, bizitza haiek iradoki dizkidaten gauzen berri eman behar dudalakoan nago.

Gulliverren bidaietako azken liburuan, bere egileak (Jonathan Swift irlandar idazle ezin ironikoagorik) Laputa izeneko irla hegalariaz hitz egiten digu. Uharte harrigarri hark pirata batzuen eskutik askatu omen zuen Gulliver eta irla hartan arteen, musikaren, matematikaren eta astronomiaren erabilera ohikoa izan arren, horiek guztiak modu praktikoan erabiltzeko ez zirela gauza izan ohartu zigun. Han aurkitu zuen Laputak hiri errebeldeei harkaitzak botatzeko metodoa, haiek menderatzeko hain zuzen ere, eta badirudi, halaber, gaur egun gerra-sistema gisa ulertzen den aireko bonbardaketaren lehen aipamen literarioetako bat dela hori. Laputako Akademian baliabide izugarriak inbertitzen ziren ikerketa guztiz barregarrietan, hala nola pepinoetatik eguzki-izpiak ateratzeko, marmola biguntzea burko gisa erabiltzeko eta konspirazio politikoak aurkitzeko susmagarrien gorotzak aztertuz.

Laputa

Swiftek utzi zigun idazkia Europako gobernuei buruzko ikuspegi satirikoa da, erlijioek elkarren artean eta erlijioek zientziarekin dituzten alde txikienak islatuz. Ikerketa bat ere bada, ea gizakia berez usteldua den ala biziarazten dioten bizitzak usteltzen duen.

Aspaldikoaren eta modernoaren arteko eztabaida zaharraren beste azalpen bat izan da Gulliverrek ekarri ziguna.

Idazle espainiar batek honakoa utzi zigun aspaldi: «Nazionalismoa bidaiatzen sendatzen da eta sozialismoa, berriz, irakurtzen».

Bistan da ez naizela espainiarra, antipodetara bidaiatu arren eta irakurle amorratua banaiz ere lehen bezain abertzale eta sozialista segitzen naizelako.

Hori bai, Swiften Gulliver pertsonaia bezala, gero eta ironia gehiagoz ikusten dut inguruan dudan guztia. Laputa.

NAIZ-en argitaratua

Laputa

Idazlea. EHU-n eta UEU-n irakasle.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude