[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XIX

Langileriaren errogabetasuna XIX –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Herriko eskolaren helburua da lanari duintasun gehiago emaitea  bertan pentsamendua sarraraziz, ez eta langilea bihurtzea bi konpartimentuz osaturiko izaki bat, batzuetan lan egiten duena eta bestetan pentsatzen duena. Bistan da ereiten ari den laborariak botatzen duen bihiari arretaz pentsatu behar duela ez eta eskolan ikasitako ikasgaiari. Baina arretaren objektua ez da pentsakeraren eduki guzia. Ñiñi-arropa josten ari den lehenaldikotz haurdun den emakume gazte zoriontsuak, josteari pentsatzen du behar den bezala. Baina sabelean daukan umea ez du instant bat ere ahanzten.

Langileriaren errogabetasuna XIX

Memento berean, nunbait, presondegiko tailer batean, emakume kondenatu batek josten du, berak ere behar den bezala josteari pentsatzen du, baina zigortua izaiteko beldurra duelako. Irudika ginezake bi emakumeek momentu berean obra bera egiten dutela, eta zailtasun tekniko berak  duela okupatzen  bi emakumeen  arreta. Alta leizearen heineko diferentzia bat dago bi lanen artean.

Arazo sozial guzia datza  langileak oro  lan-egoera  batetik bestera pasaraztean

Beren edertasunen bitartez, mundu hau eta bestea lanaren egintzan present eta partzuer egon behar lirateke, ñiñi-arroparen fabrikazioaren kasuan sortuko den ñiñia present den bezala. Bi mundu horien eta lanaren arteko partzuergo hori egin liteke lehenbizikorik langilearen pentsamenduak presentatzeko manera bati esker zeinak pentsamendu horiek lan bakoitzaren jestu eta operazio bereziekin erlazio zuzenean jarriko bailituzke, bigarrenokorik langilearen izaitearen mami sakoneneraino sartzeko moduko lanaren asimilazio bati esker, eta hirugarrenekorik memorian inprimituriko ohitze bati esker zeinak pentsamendu horiek lanaren mugimenduei lotuko bailituzke[1].

Gauko egunean, ez gara gai, ez intelektuaki, ezta ezpiritualki ere,  horrelako eraldaketa bat egiteko. Anitz litzateke jada eraldaketa hori preparatzen hasteko gai bagina. Kontu horretan, eskola ez eiki litzateke nahikoa izango. Haurnarketaren antzeko zerbait gelditzen den gizarte-ingurune guziek eskua eman beharko lukete, hala nola elizek, sindikatuek, literaturaren inguneek eta zientifikoek. Zerrenda horretan, ez gara nekez baizik polika-inguruneak sartzera ausartuko.

Gure garaiak dauka misio propiotzat lanaren espiritualitatearen gainean oinarrituriko zibilizazioa eraikitzea. Bokazio horren aurre-sentimentuari  dagozkion gogoetak, eta Rousseau, George Sand, Tolstoï, Proudhon, Marx pentsalarien testuetan, Aita saintuen enzikliketan, eta beste hainbatetan barreiatuak aurkitzen direnak, gure garaiko gogoeta original bakarrak dira, Grekoei hartu ez ditugun gogoeta bakarrak. Gure baitan sortzen ari zen eraldaketa handi horren heinean izan ez baikara, sistema totalitarioetara jauzi egin dugu. Baina Alemania garaitua bada, gure porrota ez da beharbada behin betikoa. Beharbada  ahalbide bat badugu oraindik. Ezin dugu hersturarik gabe ahalbide horri pentsatu. Baina ahalbide bat baldinbadugu oraindik, hain mediokreak garenez gero, nola egin ahalbidea  ez huts egiteko?

Bokazio hori da idola totalitarioaren ordez proposa dezakegun proiektu aski handi bakarra. Proiektu hori ez badugu proposatzen bere handitasuna sentiarazteko moduan, jendea egonen da idolaren menpetasunean. Bakarrik idola gorriz pintatua izango da ilunez pintatua izan beharrean. Gizakiei kanoiak eta gurina artean hautazera emaiten bazaie, nahiz funtsean gurina urrundik nahiago izan, halabehar misteriotsu batek bultzatzen ditu ordea kanoiak hautatzera. Gurinari poesia gehiegi faltatzen zaio, batez ere gurina ba dugunean, zeren eta, ez dugunean,  halako poesia bat hartzen baitu. Haren aldera dugun preferentzia aitorrezina da.

Gaur egun, Nazio Batuek, batez ere Amerikak Europako populu gosetuei tagabe honako hau errepikatzen die: Gure kanoiekin gurina emanen dizuegu. Horrek erreakzio bakar bat sortzen du, hau da, asko presatzen ez direlako pentsamendua. Gurin hori emanen zaielarik, jendeek gainera jauzi eginen dute; gero, segituan  itzuliko dira edozein ideologiatan artoski jasotako kanoi ederrak erakutsiko dizkienen gana. Ez dezagun pentsa leher eginak izanez geroz ez dutela ongizatea baizik eskatuko. Berrikitako zorigaitz batek eragin zainetako leher egiteak ongizatean jartzea eragozten du. Horrelako zorigaitzak  jendea bortxatzen du ahanztura bilatzera , edo muturreko gozapen hordikeria batean, 1918an gertatu zen bezala, edo fanatismo ilun batean. Sobera sakon ausiki duen zorigaitz batek, guhaur eta urkoa zorigatzera jauzi egiteko joera eragiten du. Frogatzat Alemania dugu aurrean.

 Kontinente europearren populu dohakabeek ogia baino gehiago handitasuna behar dute, eta ez da bi handitasun mota baizik, hau da, egiazko handitasuna maila ezpiritualekoa dena, eta munduaren konkistaren gezurra. Konkista handitasunaren erzatza[2] baizik ez da.

Egiazko handitasunaren gaurko forma da lanaren ezpiritualitearen gainean eraikitako zibilizazioa. Den mendren esadostasun arriskurik gabe aurrera dezakegun pentsamoldea da. Ezpiritualitate hitzak ez du inolako subordinaziorik inplikatzen. Oraiko giroan, komunistek berek ez lukete seguraz ere ukatuko. Gainera, erraza litzateke aurkitzea Marxen obretan, gizarte kapitalistari zuzenduriko aipamenak, denak espiritualitate faltari buruzko erreportxuak direnak. Horrek inplikatzen du ezpiritualitatea egon behar dela gizarte berrian. Kontserbadoreak ez lirateke ezpiritualitatearen ideia hori ukatzen ausartuko. Ezta gizarte-ingurune erradikalak, laikoak eta framazonak ere. Kristauek ezpiritualitatearen ideia hartuko lukete alegerarekin. Ideia horrek adostasun orokor bat sorraraz lezake.

Baina ezin dugu ideia hori hunkitu ikaran arituz baizik. Nola hunkitu zikindu gabe, nola horretaz aritu gezurrik gabe? Izan ere, gure garaia hain da gezurrez pozoitua nun hunkitzen duen guzia gezur bihurtzen duen. Eta gu geuk gure garaikoak gara, eta ez dugu arrazoirik pentsatzeko gure garaia baino hobeak garela.

Horrelako ideia prekauzio infiniturik gabe arlo publikora botatzeak kalte konponezina eragingo luke; eta hitzak adierazitakoaren agertzeko esperantza ondar guzia galdua izango litzateke. Ez da lotu behar ez kausa batekin, ez mugimendu batekin, ez erregimen batekin, ezta nazio batekin ere. Ez diegu Petainek «Travail, Famille, Patrie» hitzei egin dien kaltea egin behar, ezta III. errepublikak «Liberté, Egalité, Fraternité» hitzei egin dien kaltea ere. Ez da kontsigna bat izan behar.

Proposatzen baditugu publikoki, pentsamolde berezi baten adierazpen gisa izan behar da. Pentsamolde horrek gaurko gizonak eta kolektibitateak urrundik gainditzen ditu, eta gauza guzietan umiltasun osoz  norabide gisa gogoan atxikitzea engaiatzen gara. Masak erakartzeko, modestia hori postura arruntagokoak baino gutiago eraginkorra baldin bada ere, berdin zaigu, izan ere hobe da frakasatzea gaizkia egiten lortzea baino.

Baina  ezpirituak piskanak piskanaka eragintzeko, pentsamolde hori ez litzateke espantuki bideratua izan beharko, zeren eta gaurko denen arrangurei erantzuten baitie. Hitz piskabat desberdinekin, jende guziak errepikatzen baitu  teknikaren garapen bakarrik materialagatik desoreka bat sofritzen dugula. Desoreka hori ezin da konpondu garapen ezpiritualarekin baizik  arlo bertan, hau da lanaren arloan bertan.

Zailtasun bakarra da masen mesfidantza mingarria eta zorigaitzez sobera ulergarria. Izan ere masa haiek ideia piskabat altuak oro begiratzen ditu beraiek engainatzeko zepo bat bezala.

Lanaren ezpiritualitatearen gainean osaturiko zibilizazio bat izango litzateke unibertsoan gizonaren erroztamendu gradu gorena, alegia orai gauden egoeraren kontrarioa. Izan ere gaurko egoera  kasik erabateko errogabetzean datza.

Horregatik, zibilizazio hori  gure sofrikarioari dagokion goihatsa[3] da izatez.


[1] Azken esaldi hau biziki inpartantea da.  Izan ere, SWek saiatzen da oinarri izpirituala emaiten  lanaren egintzari. Nola ez naizen segur nihaurrek ongi ulerturik,  ezta SW bera oso argia den ere,  ene burua mugatu  dut hitzez hitzeko itzulpen prudent bat  egitera.  Lagundu nahiko lituzkeenentzat,  hona  frantsesezko jatorrizko testua:

Cette association peut s’opérer par une manière de présenter les pensées qui les mette en rapport direct avec les gestes et les opérations particulières de chaque travail, par une assimilation assez profonde pour qu’elles pénètrent dans la substance même de l’être, et par une habitude imprimée dans la mémoire et liant ces pensées aux mouvements du travail.

Pasarte zail hau lanari buruzko bere hausnarketari dagozkio. . Zenbait urte lehenago industrian egin zuen esperientzia gogorrak inspiratua izango da. Zorigaitzez ez naiz segur ongi konpreniturik eta ondorioz ongi itzulirik. Ausartuko nintzateke aurreratzera SWek nahi lukeela, aprendizgo efikazari esker, produkzio automatisatuaren jestu hurrenkera aski erraztu eta asimilatu, lana aldibereko iharduera ezpirituala bilana dadien.

[2] Erzatz da alemanez produktu baten kalitate artifizial eta txarreko ordezkoa

[3] inspirazioa

Langileriaren errogabetasuna XIX Langileriaren errogabetasuna XIX Langileriaren errogabetasuna XIX Langileriaren errogabetasuna XIX Langileriaren errogabetasuna XIX Langileriaren errogabetasuna XIX

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua