Krak

Krak
“Momentu honetan gaizki datorkizu gaizki egotea”, dio Nerea Ibarzabalen idatziak Bizkaiko Hitzan; “Krak”.

Unikornioen marrazkiz apaindutako mezu positibodun karpetak, zoriontsu izateko agintzen dizuten pultserak –be happy, now-, uda eta poza eskutik doazela iradokitzen duten kanta planoak, eta bat-batean zu, denen erdian, jende zoriontsuak triste egoteko eskubidea ere baduela ahaztuta. Negar egiteko astirik ez duen pertsona klase hori, betebeharrak emozioen gainetik jartzen dituena, ordezkaezina, “ni erortzen banaiz, nork egingo du?”. Agendaren ortzi-mugak beteta, sentimenduak Drive-ko karpetatan ordenatuta, zure zaintza behar duten hamarnaka pertsona inguruan, bizitzako euri zaparradak ere inbututik pasatu nahi dituena ezer ez dadin hankaz gora jarri, zu, gogorra eta zoriontsua.

Jendea okerrago dagoelako ondo zaudela uste duzu eta Whatsappez indarra adierazten duten beso gihartsuak bidaltzen dituzu, bizitza errealean keinu hori ia inoiz egin ez baduzu ere. Lagun batek -sartu edozein esaldi mingarri edo begi-irekitzaile- esan dizu eta ez diozu erantzun, gorde duzu karpetan eta barruan daramazu orain. Momentu honetan gaizki datorkizu gaizki egotea.

KrakEta sendatu gabekoz, esan gabekoz, konpondu gabekoz betetako zure barruko presa erraldoi horrek izutzen zaitu, atea apur bat zabalduz gero kaka denak aldi berean irtengo lukeelako, erremediorik gabe, ezikusiarena egiteko aukerarik gabe. Eta orduan geldirik egon beharko zenuke derrigor. Hori ez. Botaka egin osteko sentsazio lasaigarria nahi zenuke, baina ez botatzeko unekoa, hain deserosoa eta kontrolaezina. Non botako dut, nork eutsi behar dit ilea, nola garbituko dut gero? Egon isilik, prezintatu presa, ez dadila inor gerturatu.

Baina bat-batean arrakalak, badakizu edozein momentutan izan daitekeela. Bakarrik eta tupperretik bazkaltzen zaudela agian, krak. Edo supermerkatutik bueltan plastikozko poltsa beteegia hautsi eta janari guztia kale erdian erortzen zaizunean. Edo tximeleta hori batek zure kotxeko kristalaren kontra jotzen duenean, klax; bere gorputz txikia lehertzen entzun.

Agian antzerki bat ikusten, agian iragarki batekin, agian udako iluntzeen nostalgia karga neurrigabearen ondorioz, ziurrenik laugarren zerbezatik aurrera, kratakrak, eta uholdea zure gainera. Ur ustel horiek ahazteko bete zenituen egunak gauzaz, eta denak estalita geratu dira orain. Bazenekien, baina triste egotea ez da produktiboa eta ez dago modan, eta orain ondo zeundela esan zenien guztiek begiratzen dizute urrutitik, kobazulora erretiratu den piztia nekatu horri, elkarri esaten dioten bitartean: azkenean, erori da.

Krak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.