Kazetari orojakilearen 5 albiste

Kazetari orojakilearen 5 albiste

Kazetari orojakilearen 5 albisteKazetari orojakileen akats handiena da, ez dutela gairik ganoraz ezagutzen eta irizpide zerutiar bidez erabakitzen dutela albistea zer den. What? Auskalo. Baina, han eta hemen sakabanatuta datu mordoa ditu orojakileak, zurrumurru batzuk eta mahaikidearen pista bat, eta horrekin gai da lotsa gabe ustez irakurtzeko ahalegina merezi duen artikulua idatzi baina benetan kalamidade bat den testua argitaratzeko. Orojakileak desinformatu zaitu, ez manipulatu nahi zaituelako kopadun sonbrerodun nagusi baten aginduz, baizik eta ezjakin hutsa izateaz gain, alfer madarikatua delako. Eta 1.100 eurogatik zer nahi duzu, egunean hamabi pieza on eta auzo marginaletako droga salerosketa merkatuaren erreportaje bat? Notiziak egiten ditu San Tomasetako txistorrak bezala. Azkar, gaizki, gordin, zikin eta, gainera, garesti. Zu pozik. Irakurle, zaude bizkor, eta leitu kazetari orojakilearen 5 albisteak. Berehala usainduko duzu Poynter Old Style 32aren atzean dagoen azalore kiratsa. Erraz jarriko dizut, bestela irentsiko duzu amua eta.

Alavesen entrenatzaileak hamaika jokalari jarriko ditu zelaian, Eibarren kontra

Mauricio Pellegrino Ipuruan egongo den hamargarren aldia da. Azken hiru norgehiagoketan estadioa betetzea lortu zuen. Armaginek azken hiru partidak berdindu dituzte, baina irabazteko gogoa dute, bestela bigarren mailara jaitsi daitezkeelako.

Macintoshen ondorengoa den iPhone 8aren kolorea urdina izango da eta bozgorailuak hobetu ditu

Ebay komertzio elektronikoan 2 milioi erreserba izan ditu azken 18 orduetan, “errekor historikoa”. Apple konpainiak dio telefonoaren kamerak “errealitatea inoiz ikusi ez duzun bezala” erakutsiko duela. Aditu batek dio, Michael Johnson informatikariak, “erosi, bai ala bai, kosta ala kosta”. 900 euro balio du gailuaren oinarrizko bertsioak.

Berri Txarrak musika taldeak ingelesez abestu du kanta bat, Oreretako jaietan

Euskaraz abesten duen Nafarroako musika talde ezagunak, kitarra, baxua, ahotsa eta bateriarekin osatutako rock gogorrarekin zaleak gozarazi ditu Oreretako plazan. Txalo gehien jaso ditu “Denak ez du balio” abesti zaharrarekin. Ingelesez ditu esaldi batzuk. Eszenatokiaren albo batean kamisetak saldu dituzte.

James Newton-Howard: “Bilboko Euskaldunan jotzea plazera da, entzuleak oso kultuak dira”

“Euskal Herriko musika klasikoko entzuleak esker oneko jendea dira, oso kultuak, badakite zeren aurrean dauden. Asko maite ditut”. Hori esan du Hollywoodeko soinu banden izarrak, besteak beste, Campus Band eta Major League filme ospetsuen musikaria. Euskalduna jauregian joko du orkestra kontzertu bat, asteburu honetan, musikari mordoa izango ditu aldamenean.

2009ko bertsolari onena Gasteizko Aihotz plazan egongo da

Andra Maria Zuriaren jaietan Gasteizko Aihotz plazan bertsolariak izango dira egunero eguerdietan, doinu prestatuekin hitzak bat batean botatzen. Horien artean egongo da 2009an Euskal Herriko txapelduna izan zen emakumezko bertsolaria, Maialen Lujanbio izenekoa. Berarekin batera kantatuko dute Amets Arzallus frantziarrak, Julio Soto nafarrak eta Andoni Egaña euskaldunak.

Kazetari orojakilearen 5 albiste
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude