Katalanitisa daukat

Katalanitisa daukat –

Apirilean bi autobus atera ginen Debatik (Gipuzkoa) Reusera abiatzeko (Tarragona, Herrialde Katalanak). Harremana hartzea eta ematea bada (edo Jagoba Errekondok babesten duen bezala, lehenik eman eta ondoren hartzea, baratza ardatza lege), oraingoan bertakoei tokatzen zitzaien txangoa egitea Euskal Herrira. Garai berrien adierazgarri, harrera beroa egin zieten foruak ebatsi baino lehen gure mugetan sartu bezain pronto: Tutera bueltan beso zabalik hartu zituzten guardia zibilek.

02:00etan iritsi behar ziren 350 lagun inguru, baina 04:00ak pasa ailegatu ziren Debara. Ez zetozten, gainera, edozein egunetan: beraien herriak, beraiek, Errepublika aldarrikatu berri zuten hurrengo egunean. 

Gutxi samar lo egin eta frontoian gosaldu eta gero, beraientzat antolatutako aktibitate ezberdinetan parte hartzeko aukera izan zuten: gazte asanbladaren ibilbidea, presoen egoera (Ibon Meñikaren eskutik), euskal dantzak, EH zein Debaren historiaren inguruko tailerra… Bestalde, Reuseko Xiquets taldeak castell tailerra antolatu zuen umeentzat. Behin gauza serioak amaituta olgetarako tartea ireki eta kaxarranka dantza zein castellez gozatzeko parada izan genuen. 600 lagun bazkaltzen, poteoa, zezen suzkoa, kontzertuak… Igande eguerdian Reuseko militanteek osatutako mahaingurua moderatu zuen Martxelo Otamendik.

Egitarau ofizialaz gaindi, asko eztabaidatu zen taberna zuloetan, eta bakoitzak bere herriak zer dioen jakin nahi badu egiazki, bere inguruak zer pentsatzen duen, ez da aski UEU-ko ikastaroetan izena eman, JAKINera harpidetu edota ZuZeu bisitatzea (propaganda egitea dohainik da,ezta?). Usu, egia mozkor elkarrizketetan azaleratzen da.

Egunean zehar euskaldunekin, reustarrekin eta reuskaldunekin (Reusen bizi diren euskaldunak) aritu ginen berriketan, eta antzeko inpresioa genuen askok: katalanitisak jota gaude. ZuZeu ikustea besterik ez dago. Hurrengo erredakzioko bileran joko bat proposatzeko asmoa daukat: txupito bat Kataluniaren inguruan hitz egiten duen testu bakoitzeko.

Lehenago herri mugimenduan zeuden katalan askori adarra jotzen zieten (genien) euskaldunek, baskitisa zeukatela esanez. Tesi politikoaren berritasuna da funtsezkoa bertan, ene ustez.

Ezker Abertzaleak, baita beste sektore batzuek ere, bete-betean asmatu zuen Franko hil osteko koiuntura aztertzerako garaian: hor ez zegoen trantsiziorik, hura erreforma hutsa zen. Hemen masa mugimendu batek babestu zuen tesi hori, eta EHtik kanpo lau katuk. Azken hamarkadetan gauza asko egin dira gaizki; ibilean dabilenak egiten du soilik estropuz. Baina gauza asko ere ondo egin dira, eta ez dakit ez ote den azken aldian hala moduzko konplexu bat zabaltzen ari, ez ote garen sinesten ari sinestu beharko ez genituzkeen kontu asko.

Kataluniak ibilbide berriak mahaigaineratu ditu. Aurrera doaz, eta bejondaiela; asko daukagu ikasteko. Baina ezin dira tximu bat, zaldi bat eta arrain bat zuhaitz batera igotzeko daukaten gaitasunarengatik epaitu; ezin dizkiogu jo eta su gure buruari makilkadak eman pentsatuz katalanek egiten duten guztia, guztia, ondo dagoela, eta gu kaiku kuadrila bat garela. Iruditzen zait geure burua astintzeko ohitura sakon errotua daukagula. Zerrak eta aizkorak egurra mozteko balio dute, baina ezin gara ibili zerrarekin kolpeka eta aizkorarekin atzera eta aurrera.

Katalanitisa daukatOroitu duela zenbait urte kataluniar batzuek zeukaten baskitisa; eta orduan, euskaldunak ez ginen dena ondo egiten ari, ezta gutxiagorik ere.

Agian Bizkaiko zahar etxeetako greba oharkabean pasa zaigu; akaso, ez gara ari merezi duen arreta eskaintzen Ibon Iparragirreri, edo Erreharriari, edo aste honetan bertan Alemanian izan diren atxiloketei, ezker-eskuin “Ni ere Jordi naiz” entzuten dugun bitartean; beharbada AHTren aurkako Iruñeko mobilizazioa ez da portada izango. Apika, pixka bat gehiago begiratu beharko ginateke ispilura; sentsazio bat besterik ez da.

Argi gera dadila Kataluniari elkartasuna erakutsi eta Errepublikaren aldarrikapena ospatzen genuen bitartean izan genuela eztabaida hau.

Katalunian gure etorkizuna ere jokoan dago. Baina inon ez da jokatuko hemen bezainbeste.

Katalanitisa daukat  Katalanitisa daukat

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.