Karramarroaren bizkarra

Karramarroaren bizkarra –

Dagoeneko ez ditut udak gogoratzen. Ez dakit zenbat pasatu diren zutabe hau idazten hasi nintzenetik. Hamar? Hamabi? Hamabost? Soilik dakit udak etorri eta joan egiten direla paseko hegaztien antzera, bizi garen artean, behintzat.

Egutegia ahaztu daukazu, ez dakizu zein egunetan bizi zaren ere, baina abisu bat etortzen da telefonotik: hauxe duzu azkena udako oporrak baino lehen, Iraila bitartean ez duzu idatzi beharko besterik. Ondo ibili.

Zutabegileak beti du burua beteta. Hustasunak bertigoa eragiten dio. Gai bat behar du beti buruan erabili, gutxienez, goitik behera ez amiltzeko. Neke iraunkor baten moduko zerbait izaten da, karramarroaren bizkarrean ezarritako lapa baten modukoa. Ez daki hori gabe bizitzen. Horregatik pozten du telefono deiak: ez duzu pixka batean besterik idatzi beharko. Kendu egingo du pare bat hilabeterako burua betetzen dion zaborra, edo, bederen, hori usteko du zutabegileak, konturatu ere egin gabe jada ezin duela bizimodu horretatik libratu. Bizitzeko bere era dela hori. Hainbeste izan direla pasatu diren udak, ez dagoela orain atzera egiterik. Nahi gabe ere, arretaz joango zaizkio begiak titularretara, belarriak zutituko zaizkio ikus-entzunezko albistegiekin. Perbertsioz betetako bizimodua da zutabegilearena, iruditzen baitzaio aditua dela zerbaitetan, ibiliaren ibiliz, ezagutza itsasten zaiola, nolabait.

Karramarroaren bizkarraBaina uda joan eta uda etorri, zutabegilea konturatuko da ez duela milimetro bat ere aldarazi mundua. Eman dituen mila aholkuetatik, inork ez duela bat bera ere segitu, egin dituen hamaika pronostikoetatik, bat ere ez duela asmatu, ez dakiela fitsik edo, bederen, ez dakiela ezer inork baino gehiago. Soilik dela lotsagabe manierista bat, iritzia letraz txukun xamar janzten saiatzen den jostun debaldeko bat.

Zutabegilea etzango da toaila baten gainean, hondartzan, piszina ertzean edo mendian, eta lokartuko da ingurukoen zaratak sortzen duen hipnosiarekin. Erabakiko du ez duela gehiago politikaz idatziko. Alferrik dela. Horretarako hobe poesia, edo hobe ezer ere ez. Baina karramarroak bezala, bere modura bakarrik asmatuko du ibiltzen, eta pentsatuko du bere herriko politika ez dela egon sekula gaur adina korapilatuta. Ehunka gai dituela konpontzeko, mila irtenbide bururatzen zaizkiola… Pentsatuko du bake prozesuari ez diola inork benetan heldu nahi, alderdien gobernu akordioak pitzatuta daudela zeharo, ausardia eta erabaki falta ikaragarria dutela politikariek, betikoan edo okerrago daudela gauzak, nahitaezko aldaketak atarian direla… Jarriko da pentsatzen konbinaketetan, balizko gertaeretan…

Eta nahi gabe ere pasatuko du uda arazo horiei guztiei buruan bueltak ematen, yonki bat dosiaren ondotik ibiltzen den bezala. Zutabegileak ez dauka erremediorik, eta Irailean itzuliko da, betiko moduan, betiko gaiekin jira eta bueltaka. Alfer-alferrik.

Hasier Etxeberria. El Mundo.070630

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)