Kanpai hotsak

Kanpai hotsak

Dilin-dolon!

Mugikorrera begiratzen dut. Zortzirak dira. Duela bost minutu jo behar zuen alarmak. Lokartuta nago oraindik eta beste kuluxka bat egitea erabaki dut ze oraindik denboraz soberan nabil.

Dilin-dolon!

Berriro. Zortzirak eta laurden izan behar dira jada. Azkar batean arropa eranzten hasi eta dutxara abiatu naiz, ur beroa topera jarri eta lentilak jarri ditut ura prestatzen den bitartean.

Toaila bustia bere lekuan utzi dut. Sukaldera bidean noa, horrela kafea martxan jarriko dut janzten naizen bit… Dilin-dolon! Putza! T´erdiak dira dagoeneko?

Kafea bi tragoetan edan eta ziztu bizian etxeko atea zabaldu eta igogailuari eman diot. Zerbait entzun dut. Laurden gutxiak joko zuten jada.

Orain bai, orain denboraz larri nabil.

Kanpai hotsak

Donostiako Alde Zaharrera bizitzera joan nintzenetik, hiriko eliza zaharreneko kanpaiek laurdenero ateratzen dituzten hotsak entzuten ditut nire etxetik. Hasiera batean gogaikarriak nituen arren, egun gida-lagun kuttunak ditut. Auzo masifikatu bateko kotxe zaratei ohitura kentzea kostatu zitzaidan baina.

Halaber, orain kanpai hotsen beharra dut. Mugikorreko ordulari digitalaren minutuen zehaztasunaren diktaduratik askatu nautelako. Eta kanpai hotsen denboraren pertzepzio lauso eta libreagora lotu naiz, hamabost minuturen bueltan, leun-leun eta presarik gabe ohartarazten nautelako, bizitzari nion presa kendu didatelako.

Zorte handia dudala sentitzen dut. Inoiz pentsatuko ez nuen lasaitasuna ekarri baitidate orduko lau aldiz hots egiten duten kanpaiaren soinuek.

Kanpai hotsak