Jolasa eta jostailuak

Jolasa eta jostailuak –

Gabonak gainean ditugun honetan, aukera ezin hobea etorri zaigu jolasa materialez hornitzeko, eta gutxiago edo gehiago, gutako askok horretan jarriko dugu arreta datozen egunotan. Aukera zabala da eta ez da erraza erabakiak hartzea.

– Jolasa eta jostailuak –

Jolasa eta jostailuakJostailuen merkatuan, logika ekonomikoak agintzen du batik bat, eta fenomeno kuriosoak ekartzen dizkigu, kontraesanez josiak. Adibidez, ikerketek esaten dute sinbolizatzea, edo imajinatutako esanahia objektu bati egoztea ume txikienentzat zailagoa dela handienentzat baino. Hala ere, merkatuan objekturik amorfoenak txikienentzat dira, eta errealitatearen erreplika leialenak ume handientzat.

Umeek zer eskatuko duten asmatzeko, telebistako iragarki edo jostailu-etxeen katalogoak ikustea besterik ez dago, beharra kanpotik sortzen delako. Aldez aurretik jakin dezakegu umeak zer eskatuko digun. Baina jakingo dugu zer behar duen? Eskatzen diguna eta behar duena gauza bera ote dira? Sarri gertatu ohi da eskatutako opariarekin gutxi jolastea eta gutxien espero denarekin orduak pasatzea. Argi dago umeak esaten duenetik baino askoz informazio baliagarriagoa atera dezakegula benetan jolasten duen horretatik, hau da, zerekin dabil, ze gai irudikatzen ditu, ze rol hartzen ditu, ze erabilpen egiten die jostailuei…

Kolore, forma, soinu, misio, helburu… ezberdinetako jostailuak daude. Denetarik dago: jolas sinbolikorako tramankulu batzuk hain dira sofistikatuak, non umeak funtzionamendua deskubritzen bakarrik nahiko lan izaten duen. Adibidez, denda-jolaserako kutxa erregistradoreak (soinu, botoi, argi, txanpon, diru handi, diru txiki…). Jostailua sofistikatuegia bada, jolasa eragozten du maila batean, funtzionamendua bihurtzen delako jakin-min iturri, eta ez jolasa bera; irudimenari atea ixten dio.

Bestalde, badira jostailuak jolaserako gaia zuzenean ematen dutenak, eta aldaketa gutxi onartzen dutenak (adibidez plastikozko janari txikiak). Badira umeei edukiak irakatsi nahi dizkieten jostailuak ere. Edota, beste era batera esanda, badira helduak, umearen jolasa probestu nahi dutenak edukiak irakasteko. Azken jostailu hauek ez dira Olentzeroren zerrendetan ohiko eskaerak izaten, helduari gehiago gustatu ohi zaizkio umeari baino.

Azken ideia horri garrantzi berezia eman behar genioke, helduoi zein jostailu eta zein jolas gustatzen zaizkigun garrantzitsua baita. Hori izango delako azkenean aukeraketaren irizpidea, kontzienteki edo inkontzienteki, materialaren aukeraketa gure gustuen arabera egingo baitugu. Zer gustatzen zaigu gehiago, eraikuntzak? Ipuinak? Antzerki edo dramak? Horrek baldintzatuko dugu neurri handi batean gure eskaintza.

Zorionez, esan dezakegu gure neskatoei printzesa soineko arrosak erostea gero eta gehiago kostatzen zaigula. Baina zer gertatzen da hiru urteko neskatoak printzesa soineko arrosa eskatzen badigu? Hor sortzen dira gure dilemak, ez diogu hori opa nahi, hortik babestu nahi dugu, eta ez zaigu gustatzen. Zer erosiko dugu sorginaren soinekoa ala printzesa arrosa? Zergatik?

Argi dago merkatuaren logikak ez daukala zertan umearen beharretara egokituta egon beharrik. Badu bere logika propioa. Musika horretan dantzan aritu beharko dugun arren, interesgarria da umea bistaz ez galtzea, bere benetako beharrak identifikatuta, oparia egiteko aukera aprobetxatzea jolasari ate berriak irekitzeko. Aukera ezin hobea da umearen jolasari begirada bat botatzeko, iaztik zenbat aldatu den ikusteko, behar berriak antzemateko, eta zergatik ez, beraiekin tartetxo batzuetan jolasteko eta gozatzeko.

Jolasa eta jostailuak  Jolasa eta jostailuak
Jolasa eta jostailuak
haurtzaroa, hezkuntza, irakaskuntza, irakasleak, jolasa, Jolasa eta jostailuak, jolasak, Jostailuak, pedagogia
Itziar Arregi

Irakaslea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. HAZITEGI ikerketa taldeko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude