? Jainkoak bere buruaz beste egin zuen
? Jainkoak bere buruaz beste egin zuen –
Duela gutxi ? Jainkoa ezagutu nuen, azken jainkoa. Jainko horrek gorputzen askatasunari buruz hitz egiten zuen. Jainko horrek jarraitzaile asko zituen. Jainko horrek diskurtso politiko liluragarri bat defendatzen zuen. Jainko hura erradikala baino erradikalagoa zen. Jainko hura maitagarria zen eta maitatua izateko beharra zuen. Maitatua izateko beharretik diskurtso politiko bat eraiki zuen. Maitatua, ez ahaztua, goretsia, famatua, inportantea, inbidiagarria, ederra. Guzti horiek ideia desiragarriak baino ez dira. Batzutan baliagarriak, bestetan baliorik gabekoak. Ideia horiek eraikuntza sozialak egitera bultzatzen gaituzte. Nik nire burua eraikiko dut, ideia hau edo beste hori une honetan garrantzitsua baita eta gero beste hau nire poltsiko diskurtsibora sartuko dut, NEURE BURUA NIK NAHI DUDANMODURA eraikitzeko. Eta jolas horretan ea nor den interesgarriagoa, modernoagoa, erradikalagoa, ezkertiarragoa. Filtro horretatik pasatzen dena eta sozialki altxatuko dena, orduan, jainko bat izango da.
Milaka urtez gizakiok mito eraikitzaileak izan gara. Figura mitikoen bitartez mundua ulertu eta eutsi egiten dugu. Jainkoen beharra daukagu. Jainko horiek gure bizitzaren gidari bihurtzen ditugu hala kontzienteki nola inkontzienteki.
Tamaina askotariko jainkoak daude: txikiak, ertainak, handiak. ? jainkoa handia zen eta boterea zeukan. Maitatua izateko beharretik bere botereaz abantaila hartu zuen eta gorputzaren askatasuna buruaren kaiolan bihurtu zen. Gorputzaren teoriak diskurtso bat osatzen zuten, diskurtso ederra, feministetatik feministena, erradikaletatik erradikalena. Diskurtso mentala, diskurtso ustela, engaño bat. Diskurtso hori jauzi zen, eta ? Jainkoa berarekin batera, intimitatean, gertuko mundu txikian, esandako guztiak balioa galdu zuen. ? jainkoak bere botereaz baliatu zen, diskurtsoa bortxatu eta bere figura mitikoaz beste egin zuen.
Ideia potoloek, hitz bihurturik, nortasuna loditzen dute, harrotzen eta goratzen gaituzte. Horrelako figurekin mimetizatzeko beharrak jota norberaren benetako grina entzutetik aldentzen gara, agian, maitatuak ez izateko beldurrez. Ez esan, mesedez, zer pentsatu behar dudan. Ez esan, pink elefanteanez pentsatzeko (segituan pink elefantean pentsatuko baitut). Ez jarri hesirik pentsamenduari. Pentsamendu iheskor bat imajinatzen dut, identifika ezina, malgua, moldakorra, mutantea, rizomatikoa, isila edota gehiegizkoa, inoiz finkoa ez dena, inpermanentea, jostalaria eta basatia, hesirik gabekoa, taburik gabekoa, bene-benetazkoa: ezezaguna.