Izenordainak baino ez

Izenordainak baino ez –

Oroitzen naiz udarako goiz batetan zeharkatu nuen ekilore zelai batetaz. Gogoan dut, ezkutaketan jolasten genuenean, ehun eta hogeira arte kontatzeko kokatzen ginen zuhaitzaren larruaren zakartasuna…

Gero eta sarriago galdetzen diot neure buruari ea zer -demontre- garen. Horri dagokionez, gogoangarria da bikote bati buruzko txistea: bietako batek besteari galdetzen dio: zu eta biok, maitea, zer gara? –Izenordainak, laztana -erantzuten dio besteak. –Izenordainak baino ez? -dio beste bikotekideak, pitin bat etsiturik. -Bai, noski, izenordain pertsonalak… Irakurri ditugun liburuak gara, amestu ditugun ametsak eta maite izan ditugun pertsonak. Hori gara. Edo hori behintzat da Googlek erantzuten diguna bere leihatilan “somos los…” tekleatzen baldin badugu. Oso esaldi ederra bada ere nik, errespetu osoz, esango nuke, batez ere, oroitzapenez eginak gaudela; oroitzapenak, memoriak eraikitzen gaituela. Izan ere, ezerk ez gaitu dsekribatzen gogoratzen dugunak baino hobeto; ezerk ez gaitu iraganeko irudiak, ispilu hautsi horiek -Borgesek deitzen zituen legez- baino hobeto deskribatzen; berriro -modu kaotikoan- berbistaratzen ditugun uneek, objetuek, eskarmentuek. Oso jende gutxik, esate baterako, egin du “multikopia” bat eta nire ikasleoi “papel carbón” zertarako erabiltzen zen azaltzen diedanean flipatu egiten dira. Oroitzapenek -eta “porsiakasoek”- hartzen dute lekurik handiena gure motxilan, gure maletan.

Joe Brainardek 1970ean idatzi zuen I Remember, memoria zatikatuak osatzen dituzten oroitzapenen inbentarioa. Geroago, George Perec ere txantiloi horretatik abiatuko da Brainardi eskainiko dion Gogoratzen naiz bere lana idazteko. Horrela, ariketa hori memoriaren garapen gisa sendotzen dute, literatur sorkuntzaren funtsezko iturri gisa. Klasean behin baino gehiagotan ikasleoi proposatzen diedan oso narrazio-proposamen ona da, eta horren adibide bikainak ditugu. Muñoz Molina aipa dezakegu (Gogoan dut nire aitonak, aretoko erlojuari giltza eman ondoren, giltza poltsikoan gordetzen zuela, denboraren administratzailea balitz bezala)

Ni neu saiatuko naiz…  Gogoratzen dut matxinsalto bat ikusi nuen lehenengo aldia, nire etxean batzen genituen Starluxeko puntuak. Gogoratzen dut nire aititeren panazko praka beltzak. Oroitzen naiz udarako goiz batetan zeharkatu nuen ekilore zelai batetaz. Gogoan dut, ezkutaketan jolasten genuenean, ehun eta hogeira arte kontatzeko kokatzen ginen zuhaitzaren larruaren zakartasuna. Gogoratzen dut kotxe matrikula bat BI-159456, Franco Belgako trena eta zapaburuz beteriko kristalezko ontzi bat. Gogoratzen dut -de esta su hija que lo es- nire amaren kaligrafia, Jabatoren komiki batzuk. Gogoratzen dut urritik otsailera arteko etenbariko sirimiria, txikitan taloietan nabaritzen nuen mina; “crecederas” amamak deitzen zuena; EGBko lauzpabost klasekideon izenak, EGBko bizpahiru maisuen izenak, soldaduzkako hogeiren baten abizenak, telebistako Carta de Ajustea eta behin eta berriz urik edota argi indarrik gabe geratzen ginela etxean.

Hori bai, Woody Allenen Otra mujer filmearen pertsonai baten zalantza berbera daukat: ea oroitzapen bat daukagun zerbait den edo betiko galdu dugun zerbait… baizik. 

En fin

Izenordainak baino ez

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude