Itzala, simetria eta maitasuna
maitasuna
Abuztua da, eta urtean zehar ez dugu inoiz entzungo orain bezainbeste itzala dela eguzkiak dakarren onena; kito, onartu egin behar da batzuetan eguraldiaren inguruko hitz aspertuak saihestezinak direla, eta horrekin bizitzen asmatu. Kontua da itzalarena erreduretatik babesteko esaten dela, nik uste, baina itzalek ere badute beste funtzio bat: horrelako argazki ederrak lortzea.
Argazki honi segika iritsi naiz Bellagio delako web orri honetara. Asko gustatu zait web diseinua, eta bertan agertzen diren gaiak batzuen atseginekoak izango direla pentsatzen dut: dekorazioa, moda, diseinua eta gisakoak.
Irudira itzulita, iradokitzen didana helarazten saiatuko naiz: irakurketa, heldutasuna, maitasuna, uda eta eguzkia. Kultura. Perspektiba eta simetria. Dena baita perspektiba; dakizuen bezala, bihotz hori kontrako noranzkoan ikusiko bagenu, ohartuko ginateke ipurdi bat dela, ezta?
Irakurzaletasunarekiko maitasuna isla dezakeen irudia ere bada, ezta? Edo bihotza, maitasunaren ikono gisa, bista akats bati esker ikusi daiteke? Hau da, apur bat itsututa egon behar al gara maitemintzeko?
Azkenaldi honetan nire koadrilan bikote mordo bat apurtu dira, eta diskurtso berdina ari da errotzen gure inguruan geroz eta gehiago; duela urte batzuk marginala zena, egun hegemoniko bihurtzen ari da. Geroz eta gehiago aitortzen diogu geure buruari ez garela monogamoak izango; harreman irekiak behar direla, bata ez bada besteaz nazkatuko. Ez daudela laranja erdiak, elkartzen diren laranja osoak baizik. Tamaina ezberdineko laranjak, heldututa edo berde daudenak, jateko edo zukutarako, hangoak edo haruntzagokoak…