Isiluneak egongo dira, baina ez isiltasunik

Isiluneak egongo dira –

Beti besteengana geure burua emanda bizitzen irakatsi zaigu, hortik dator norberarekin, norebere buruarekin, bakarka egotea horren gogorra izatea maizenean, areago, horretan aurretiazko ezein trebakuntzarik ezean. “Azkenerako, nork bere buruari ezin tranparik egin” izenburuko artikuluan horri buruz niharnuen. Oraingo honetan baina, ez horri buruz, baina bai hori eman ahal izan dadin ezinbesteko aurrebaldintzaz, isiltasunaz.

Isiluneak egongo dira

Beharrezko agian bezain eskasa dugu egungo egunetan isiltasuna. Norberak bere-berea, eta soilik berea den bide hori urratze aldera isiltasuna du aurrebaldintza. Zer da baina isiltasuna? Zarata, hots, ahots zein edotariko bibrazio akustiko ezarekin lotzeko arriskua dugu, horren berri ematen ahalegintzen garenean. Ez da hori baina, nahiz eta aipatu hots-lasaitasun horrek girotu eta lagun dezakeen isiltasun intimo horretarako. Bestalde ere, isiltasun akustikoak, analogikoki besterik ez bada ere, lagun diezaguke, era figuratu moduan besterik ez balitz ere, benetako barne bakearekin besterekin parekatu ezin daitekeen norbere isiltasun kasik ezin partekatuzko hori ulertzen. Alabaina, guztiarekin ere, bestelakoa dugu benetako isiltasuna… Doazela segidan aipatu isiltasun berezi horri buruzko nire hausnarketatxo batzuk, beti nireak, eta, agian, apika ziur, nire intuizio lauso eta, nork jakin, ez-zuzenak izan daitezkeen aldetik, aipatu isiltasun horren itogarri eta beorren katerako; irakurleak esango.

Isiltasuna eta isiltasunak omen daude, esan beharko genuke aurrena. Halaber, txanponekin antzo, benetako isiltasunak zein faltsuak, gezurrezkoak ditugu. “Hiltzen (erailtzen?) duten isiltasunak” daudela esan ohi eta, egia aitortzera, ezin uka hala denik. Izanez ere, isilune horiek, isilik egotea bainoago, hitzik ere ez ahoratzea bainoago, mututasun hutsa baino ez ditugu, zaraten kontrol guztiz programatua baino ez, tentsio eta zurruntasun-zorroztasuna baino ez, ez hitz egite alderako auto-ezarritako mozala baino ez, estualdian emaniko emozioen kontrola baino ez…Isiltasun suerte hauek, isiltasun faltsu hauek, komunikazioa ezintzen dute, berorretarako behaztopa-harri baino ez dira, eta elkabizikidetza zakartzen dute. “Erailtzen duten isiluneak dira”, zinetan erailtzen dutelako, gure barnekoa ez ezik, inguratzen gaituen guztia ere. Tentsioa eta ezinegona sortzen dituzte, lagun urkoekiko harremanak gogortzen eta idortzen dituzte, baita norbere buruarekikoak ere, eta horretara, norbere sormen-gaitasuna itotzen, norbere maitasun gaitasuna usteltzen…

Isiltasuna, zin-zinezko isiltasuna, benetako altxorra dugu, eta aberastasun eremu baztergabe bat digu zabaltzen. Misterioren igurtziak ukitzen du, norbera den misterioarenak, edota, baztergabeko errealitatearenak, are, nork hautematen duen, Jainko dei genezakeen horrenak, edota, are horrelako hitz potoloari uko egin nahi izanez gero, tamalez historikoki ideologiaz edo ideologiez gain-kargatuagatik-edo, bere izendaezintasuna bere horretan utzi nahirik, inoiz eta inolaz ezin gerturatu dakiokeeneko “hitzik gabeko” horrenak.

Altxorra dugu, gorde-gorderik dagoen altxorra. Norberak bilatu behar du bere barren-barrenetik, ez soilik bere barrenean dagoelako, bai baina ezinbestez bere barrenetik abiatu beharko lukeelako, egarri-egarrituak ur bila edalontzi bila hasten den modutsuan.

Zinezko isiltasuna baztergabea da, baina bere sinpletasunean, bere bertatik bertarakotasunean da baztergabea. Hemen eta orain, dugu isiltasuna, isilgordeka orain eta hemen, gure ideia guztiez harago, gure joan-etorriez harago, edo honago. Isiltasun delako hori gure barneko kezka eta bakarrizketez askoz harago dago, edo honago, gure emozioen gorabeherez askoz harago, edo honago, gure eguneroko egoerez askoz harago, edo honago… Gure egunerokoaren erdigunean egon ohi da beti aipatu isiltasuna, beti hor, bertatik bertara bezainbat ikusezin, kaleetako zein gure etxeetako gertakari guzti-guztien erdi-erdian.

Aipatu isiltasuna gure hitzez eta gure isilunez askoz harago ere dago, gure eguneroko bizikidetzaz harago, eta, paradoxikoki, berorren erdigunean, ezen, egia aitortzera, agitzen den ororen sakonean dago, agitzen den orok du barne-biltzen, berau du aurre-baldintza. Den-denok dugu beraren intuizio gutxienez lauso, denok dugu berorren  xuxurla kasik ezin hautemezkoa…nik uste. Beraren zer-nolakoa nolakoa ote? Puff. Ez dakit merezi ote duen berorren zer-nolakoaren berri zehatzik ematea, ez dakit horretan ahaleginez gero tupustean ez genukeen berriz ere gure ohiko isiltasun-faltaz urrunaraziko… Ez dakit… Doala baina honaino esandakoa berrorren bila ahalegintzeko gonbit huts eta soil gisa, nor bakoitzak egin beharko lukeena, nor bakoitzak senti-probatu beharko lukeena.

Isiluneak egongo dira  Isiluneak egongo dira  Isiluneak egongo dira

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude