Inspirazio izpien zain
Aparkatzea nahi baino gehiago kostatu bazitzaidan ere, barruan nintzen jada, ordenagailua prestatuta eta kamera eskuan, Beltzenia pilotalekuan izango zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketan argazkiak ateratzeko listo.
Bertsolariak zuzenean kalera ematen duen alboko ate batetik sartu behar zirela jakin eta bertara jo nuen, ea fundamentuzko zerbait topatzen nuen: eguzkiak zuzenan jotzen zuen pareta zuri bat, itzalean geratzen zen galipotezko zoru beltza, itzal gogorrak…
Bertsotan aritzekoa zen seikotea azaldu zen, gaiak jartzeaz arduratuko zen Alaitzekin batera. Burumakur zetozen, bakoitza berean sartuta, elkarrekin baina bakarrik bezala, ni han hasi nintzen poliki KLIK, KLIK… gauza handirik ikusi gabe, baina giroan sartzeko ariketak egiten. Iñakik, Amaia besarkatu zuen bat batean, eta nik KLIK, KLIK, lasai baina momentuak eskapo egin ez ziezadan ahaleginetan. Mikel azaldu zen gero, jarraitu beharreko irizpideak ematera, Kapitan-General, komandante edo antzeko zerbait balitz bezala; zerbaitegatik da Mariskal. Denak bere inguruan bildu, adi aditu esan behar zituenak eta berriro sakabanatu ziren, bakoitza bere trantzean murgiltzera.
Soto, goitik behera ilun jantzita, pareta zurian jarri zen, bizkarra paretaren aurka, jaka eskuetan eta hanka bat jasota. Eguzkiak aurpegiaren eskuin aldea argitzen zion, paretan itzal luzea utziz… Hasia nintzen zerbait ikusten. Eguzkiak pareta eta 50 zentimetroko tartea bakarrik argitzen zituenez, besteak itzalean geratzen ziren, hara eta hona bueltaka. Iñaki gerturatu zitzaion, zerbait esatera. Hor hasi nintzen ni KLIK eta KLIK. Bai eta ez; Bazen zerbait, baina oraindik ez. Julio eskubi aldean enkoadratu nuen, ni frontoiko atetik ari nintzan, mugitu gabe, beraien transzendentzia guzi hura ez puskatzeko edo… egia esateko, lurra horizontal utzi eta Julio berarengan arreta guzia jarria nuelaz konturatu eta egoera ez puskatzeko ez nuen beste aukerarik; Gainera besteak, gehienak ezkerrerago neuzkan, harantz eta honantz, beraien pentsamendutan murgilduta.
Ederra zegoen eszena, batzuetan koadroa jendez betetzen zitzaidan eta segidan ustu, bat azaltzen zen, buelta eman eta desagertu… ni KLIK, KLIK, KLIK, han nenbilen, egoera hark ematen zuen lasaitasunarekin, baina jada handik zeozer atera behar nuela esaten zidan irrizki horrekin. Urdangarin zebilen parean, koadrotik atera gabe eta ni, KLIK eta KLIK, bina ez erabat konforme. Zikinagoa nahi nuen argazkia, jende gehiagorekin. Zubia Sartu eta atera egiten zen, baina ez nuen konposizio egokirik atzematen. Halako batean, hirurak neuzkan enkoadratuta, konposizio txukun batekin eta keinu egokiarekin. KLIK egin nuen, listo, kontent nintzan. Kamera begi paretik kendu eta barrura jo nuen, bertso saioari argazkiak egiteko toki bila.
Jada, ia edozer egiten nuela ere, ni gustura nintzen. Julio Sotok pixka bat lagundu eta saioko protagonista bera izatea bakarrik falta zitzaidan, eta nola ez, berak bere alea jarri zuen.