Inpassean
Hiztegian begiratu dut impasse hitza eta “ez atzera ez aurrera” esan nahi du. Bestela ere erabili izan dut nik, zerbaiten zain nagoela adierazteko, edo hobeto esanda, zerbaiten zain nagoenean sortzen diren esanahirik gabeko tarteak adierazteko: inpassean. Ez dakit hitza ez ote datorren “in pasa” (egin pasa) espresiotik, horrela joaten baitzaizkit orduak egoera horretan nagoenean.
Inpassean egon naiz behin baino gehiagotan. Eta, ingurura begiratuta, ez naiz bakarra batzuetan inpassean egoten naizena, itxaroten dudana iritsi bitartean geratzen den denbora atzerako kontaketa bilakatuz. Horrela egoten gara ere maiteminaren larrienean maiteari adioak egin eta berriz elkartu arteko orduetan. Edo gertatzea nahi duguna gertatuko ote den esperoan, bitxilorea orriuldutzen dugun bitartean. Oraina oso serio bizi behar da inpassearen eskutan ez erortzeko. Eta gizaki gehienok ez gara oraina serio bizitzen espezialistak.
Oraingoan ere horrela nagoela konturatu naiz. Gertatzea nahi dudan hori nahi dudan bezala gertatzeko impasse batean… Eta horretaz jabetu naizenean, balkoiko loreak goxo ureztatzen hasi naiz.