Hebron hiriko Ibrahim mezkita Israelgo "ondasun nazional" izendatua

MTU5Nw==

Gauza berria ez bada ere, azken asteotan Israelek Palestinako herriaren kontra -eta bide  batez elkartasuna adierazten dion orori- ezartzen duen jazarpena gero eta larriagoa da.  Jazarpen honen azken adibidea, Hebron hiriko Ibrahim mezkita Israelgo “ondasun nazionala”  izendatzea izan da, nahiz eta nazioarteko legediaren aurkako okupatutiko lurralde  palestinarrean egon.

Tenplu honetan Abraham patriarkaren hilobia eta hori dela eta judu, kristau eta musulmanentzako leku sakratua da. Juduen Patriarken Hilobia deitzen diote. Israelek Hebron 1967an okupatu zuenean, kolonia sionista ezarri zuen hiriaren erdian mezkitaren kontrola izateko. Ondorioz, Hebrongo Alde Zaharreko populazio palestinarrak kolonoen jazarpena jasan behar izan dute ordutik. Karrika guztietan sareak paratu dituzte eraikinetako goiko pisuetan bizitzen diren kolonoak sotoetan dendak dituzten palestinarrei botatzen dieten harriak, pixa eta kaka eurengana iritsi ez dadin. Egun, tenplua bitan zatituta dago. Erdia mezkita da eta erdia sinagoga. Palestinarrek izugarrizko kontrolak pasatu behar dituzte mezkitara heltzeko. AEBtako Brooklyn jaiotako kolono sionistak, ordea, pasabide zuzena dute.1994an Baruch Goldstein kolono estatubatuarrak otoitzean zeuden 29 palestinar hil zituen mezkitan.

Hebrongo Ibrahim mezkita (eta baita ere Belengo Rakelen Hilobia, musulmanentzako sakratua ere dena) Israelgo “ondasun nazionala” izendatzea Estatu sionistak Palestinako lurraren judeizazio prozesuaren pausu berri bat baino ez da. Jerusalemen ere jarduera hori pairatu dute. 1967an nazioarteko legediaren aurka okupaturiko lurralde horretan, bertan bizi diren palestinarren etxeak ereitsi egin dituzte, Israelen legearekin bat etortzen omen ez direlako. Aldi berean, ordea, kolono sionistek palestinarrak kanporatzen dituzten auzo horiek berberetan ez dute eraikitzeko arazorik.

Helburua argia da, auzo horiek palestinarrez hustutzea haien ordez kolono sionistak jartzeko. Horrela, indarrez eta nazioarteko legediaren kontra okupaturiko Jerusalem “Estatu sionistaren hiriburu judu eta banaezina bilakatzea”.

Mossadek -Israelgo zerbitzu sekretuek- Dubain Hamaseko buruzagi Mahmud al-Mahbuhren kontra buruturiko heriotza argi eta garbi utzi du Estatu sionistaren jarrera. Ekintza hori burutzeko Europako Batasuneko estatu zenbaiteko pasaporteak erabili ditum artean batzuk diplomatikoak. EBko estatu horien erantzuna oso epela izan da. Protesta egin dute eta kitto. Israelgo Atzerri ministro Avigdor Lieberman Bruselara bisita egin berri du eta jarrera erasokorra izan zuen. Espero zen bezala, noski, ez zuen ez barkamenik eskatu ez gertatukoa onartu. Argi dauka horrela aritzeak Israelentzako ez duela inolako kosturik.

Kontuan izan behar da Britainia Handiak hikamikatxo bat izan berri duela Israelekin. Estatu sionisteko agintari zenbaitek -artean Atzerri ministro ohi Tzipi Livnik- bertan behera utzi behar izan dituzte Londresera aurrikusita zeuzkatzen Gazako azken sarraskian zuten erantzukizuna zela eta atxilotuak izan zitekelakoan. Hori gerta ez dadin, Londres bere legea aldatzeko prest azaldu da eta horretarako negoziaketetan zebilen Israelekin. Dubaiko atentatuan Britainia Handiko pasaporteak erabili izana ez da negoziazio hori gelditzeko arrazoi nahikoa izan. Israel aho txikiarekin kondenatu dute, baina ez dira hitz antzuetatik haratago joan.

Askapenak ongi dakien bezala, Palestinari elkartasuna zigortzea da Israelen beste helburuetako. Azkenaldian Palestinara joatea gero eta zailago bilakatzen ari da nazioarteko elkartasuna aurrera eraman nahi dugunontzat. Hemen ere jazarpena areagotu da eta Israelentzat nazioarteko legedia ez dela oztopo ageria gelditu da. Palestinaren zatiketa areagotu zuen Osloko Hitzarmenak Israelgo Armadak Ramallahn ezin dituela atzerritarrak atxilotu adierazten du. Halere, Isralego Armadak Ariadna Jove katalaniarra eta kide australiar bat atxilotu eta Israelen epaitu zituen. Haien deliktu bakarra Estatu sionistak nazioarteko legediaren aurka -beste behin- eraikitzen ari den Apartheidaren Harresiaren kontra protesta ekintzetan parte hartzea izan zen. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea baino ez, finean. Honekin batera, deportazioak eta mugak zeharkatzearen ukatzeak gero eta maizago ematen dira.

Guzti honekin Israelek indarra erakutsi nahi badu ere, agerikoa baino ez da hori.Mendebaldeko gobernuek Israelekin bat egiten badute ere, herri horietako gizarteakbestelako jarrera dute. BDS (Boikota, Desinbertsioa eta Sanzioak) ekimenak gero eta indar gehiago hartzen ari du, Israelek Palestinako herriari apartheida ezartzen diola salatzeko. Hori da bidea.

Irudia | palestina askatu! | askapena | LGPL
elkartasun politikoa, Palestina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude