Inozenteen eguna, inuxente eta inozoen eguna

Inozenteen eguna, inuxente eta inozoen eguna – 

Gaur, abenduak 28, Inozenteen eguna dugu, eta jada oso gizarteratu eta laikotutako eguna badugu ere, berez jatorri erlijiosoa duen ospakizuna dugu. Herodes I.a Handiaren ekimenez Judeako Belenen 2 urtetik beherako umeen erailketa gogoan hartzen duen eguna, biblia-hagiografiak ekarritako gertakaria aintzat hartzen duen eguna, ospatzen da Santu Inozenteen eguna dugun honetan. Kale mailan, gurean, zertxobait ospatzen bada, betiere Espainiaren eraginez da, ezen, berez, soil-soilik Espainia eta Hego Amerikako ospakizuna dugu egun honetakoa.

Oso gurea ez bada, ondo sartua eta ezarria dugun ospakizun honen zipriztinak aspaldikoak ditugu jada. Hori horrela, aukera ona iruditzen zait, egun hau dela edo ez dela, egunak darabilen inozente termino delako horren harira, zein itxuraz kideko baina guztiz kontrako zentzuzkoak geneuzkakeen inozoaren edota “inuxentearen” harira ere, inozentzia edo inozokeriaz hausnarketa batzuk egiteko.

Gurean zabaldua egon den ospakizuna bada ere, egia esatera, oso behera egin du azkenaldi honetan, eta gero gutxiago dira kalean egiten ikusitako txantxak eta Inozenteen Egun honen berri ematen dizkiguten zantzu-seinaleak. Besterik da, baina, hedabideetan gertatzen zaiguna. Horietan bai ahalegintzen dira, batera edo bestera, modu sinesgarriagoan edo zabarxeagoan, txantxa-ziriren bat edo beste sartzen; sartuko digute baten bat azkenerako egunean zehar. Egia izango ez den aza bat (“berza” bat) sartuko digute, eta berau, egia izan gabe ere, ezin izango da gezurtzat ere jo; izan ere, zerbait gezurra izan ahal izateko engainatzea, zinez, ez soilik gaurkoan, baina bihar ere, izan beharko luke xede, eta gaurko “berza” horiek kasik bihar baino lehen gezurtatuko zaizkigu, eta aurrera normalitatearekin!

Normalitatearen etentxo txiki bat baino ez al dugu gaurko egunekoa? Olgetako etenalditxo bat baino ez, hurren, berehalakoan, normalitatera bueltatzeko, gezurretik, txantxatik, deusik ere, ustez, ez duen informazio seriora bueltatzeko, beharrezko eta beti ere geure hobe beharrez luzatutako hori jaso ahal izango duguneko normalitatera bueltatzeko (normalitate bat La Polla Records-en “controlamos su seguridad” delakoa gogoarazi diezagukeena).

Lehendabiziko kolpe batez, zera eman lezake, badagoela su-eten modutsuko bat egun berezi honetan, atsedentxo bat hedabideetatik “beti egia esan behar izate horretan”; urte oso-osoan zehar, 364 egunetan etenik gabe egia esan eta esan ibili ostean, bizkarrean pilatutako hainbesteko nekeari, bada, atsedenalditxo bat eman diezaioke honelako egun batek, umorez hartu beharreko honelako egun batek. Ez gaitezen baina horrenbeste engaina. Urte osoan zehar egia esan eta esan ibili ostean? Ba al dago horrelakorik sinetsiko al duenik? Ez dakit nik bada! Urtean zehar botatako hori, izatekotan, gehienera jota, praktiko den edo zaien hori baldin bada egiatzat dugun hori, orduan, tira… baina ez inolaz, ez inondik, egia potoloa, egia sakon eta pisutsu geneukakeen horixe, ez inolaz seinalatutako erreal horrekiko adaequatio gisa ulerturiko egia. Izanez ere, Iñaki Segurolarekin esanda, “hemen egiarekin bakarrik ez duk inor bizi…ez politiko, ez enpresario ezta eskalerik ere”. Hedabideek luzatutako hori, “egi itxurazko hori” izatekotan, gehienera jota, informazio koherentea, informazioa praktiko, lasaigarri, nolabait edo besterako biziraute baterako, informazio eraginkorra izan dugu, hori izango da 364 egun horietan zehar luzatzen digutena. Xede guztiz praktikoko lasaigarri hauei “gezur politak” ere deitzen die Iñaki Segurolak.

Hau guztia esanda, zer gertatzen da orduan Inozenteen Eguneko balizko “inozentada” direnak direlako horiekin? Zer dira horiek? Bada, ezer ez, ezertxo ere ez, txantxa tontoak baino ez, bota eta segi-segidan gezurtatuko direnak. Berehala esango digute, dena den, botatako hori ez dela egia, inozentada hutsa izan dela eta, hortaz, egi-egia esango digute. Agian egun hori, ziri-txantxa moduan sartutako albiste horiei dagokienean behintzat, egi-egia esaten deneko urteko une garbi bakarra izango dugu, aitortzen zaigu-eta ez dela egia bota zen hori; halere, alperrikako egia, inozentadaren osteko hau, ezen, behin gezurtatuta inozentada, bada, egia esaten bada ere, azkenerako, desegite bat baino ez dugu hori, eta, albistegirik gabe utziko gaituzte finean.

Ikuste dut, hartaz, bene-benetan egiarako uzten diguten urteko egun bakarra dugula Inozenteen Eguna, egia guztiz “inokuo” baterako baldin bada ere. Urteko gainontzeko albisteak…zer ditugu? Bada, jasotzen dituen hori nor den, gauza bat edo bestea. Gehienontzat, gezur-gezurrak agian ez, bai baina, izate-izatekotan, “jakinaren gaineko gezur” beharrezkoak (batzuentzat behintzat), edo “ez-egia praktikoak”. Beste batzuentzat, kontrara, gutxiengoan daudenak (espero dut), egi-egiak dira urtean zeharreko gainontzeko albisteak, egia borobilak, erraz eta samur eta listu askorik gabe irensteko modukoak.

Errealitate bana talde batek eta bestak bizi duena. Eta talde bakoitzak izen bana ere beharko luke. Talde bakoitza izendatze aldera, oso egoki deritzot Iñaki Segurolak hiztegi formal-kanonikotik pixka bat aldenduta, egin zuen hitz-bereizteari: Beretzat, “inuxentea”, inuxente ona edo sanoa deitzen duena, ez da “edozer gauza sinesten duena”, baizik-eta “edozer gauza sinesten EZ duena”. “Inozoak”, aldiz, edozer gauza sinesten duen informatu horiek ditugu (I.SEGUROLA, Nire gorringotik, 47. or). Gorago “ez-egia praktikoen” aurrean egon uste duten horien taldekoak inuxenteak ditugu; bigarren taldekoak, jasotzen duten hori egi-egia delakoan dauden horiek, aldiz, inozoak. Eta bai batzuk, bai besteok, den-denok, inozenteak, errugabeak gara, inor ez da-eta bere baitako. Ospa dezagun hortaz guztion eguna den inozenteen egun hau.

Inozenteen eguna, inuxente eta inozoen eguna

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude