Inor ez da bere buruaren jabe
Inor ez da bere buruaren jabe –
“Nor bere buruaren jabe izatea” esamoldeak zera dakar berekin, pertsona delako horrek, izankizun den gizaki den aldetik, bere bizitza, bere bizitza-proiektua garatze aldera, behar adinako askatasunik duela. Euskal hizketa espresio jator horrek oso bat egiten du XX. mendeko filosofia molde pertsonalista zein existentzialistekin. Horien adierazgarri, besteak beste, Xavier Zubiriren pertsonaren ulerpena: bizitzaren joanean, erabakiz erabaki, bere izatea, urratsez urrats zizelkatuz, bere izatea eraikitzen eta garatzen duen izaki hori. Eta noski, aitorpen horrelakotik puska bat gehiago tira eginez, jarraiko hauxe ere aitortzea litzateke zilegi; gizaki orok bere bizitzaren egile-edo den aldetik, egiletzaz besterik ez balitz ere, bere bizitza den horren jabetza duela, eta hortaz, bere jabe dela.
Nolanahi ere den, nor bakoitza bere buruaren jabe izate hori, oso entzuna gure euskaran, baina gaztelaniak ere bere “ser dueño de sí mismo” delakoarekin bere berdinkide duena, badirudi hastapenetako, hasiera-hasierako, jatorrizko jabetza-mota batekin duela lotura, eta ez ibiliaren ibiliz gure bizitzaz egikaritu dugun horren egiletza izatearekin. Edota, jatorrizkoa izan gabe ere, eta, aldiz, unean unekotzat joko bagenu ere norbere jabetza hori, badirudi nork bere buruaren jabe dela esatea eta nor bere senean dagoela esatea atzetsukoak liratekeela. Eta, egia esatera, esamoldea ez geneukake horren-horren existentzialista azkenerako, edo ez bederen gorago esan moduan. Gai izatea, buruz ezindua ez egotea iradoki lezake berez esamoldeak, hau da, zer eta, izango zaren, eta izan ahal zaitezkeen, hori izateko antze izatea.
Jabetza delako hori egitear edo eginkizun duzun horrekin lotuta egon liteke (prospektiboki), edota jada eginaren eginez sortu duzun harako horrekin (atzera begira edo erretrospektiboki), zein bietakoekin. Alabaina, badirudi badagoela gizakiaren baitan muin-muineko zerbait egiletzaz ere salbuetsi dezakeenik eta zera da; zorrotz-zorrozki, are zerbaiterako, zuren bizitzan zerbait egiteko, gutxi-gutxieneko askatasun hori izan ez-eta ere, patuaren halabeharrak erauzita duzulako, edota besteren batek edo batzuek erauzita duzulako, are muturreko ezintasunezko egoera existentzial horretan ere, existentzialki galarazitako bizitza-egiletza horren aurrez aurre, gutiziatutako egiletza ezinezko horren aurrez aurre, etsia emanda ere, nork bere buruaren jabe izaten jarraituko luke, ziur askoan, aukeran ez lukeelako inondik egoera horrelakorik onartuko.
Egile-jabetza, egiletza-jabetza, baina, sakon-sakonean, jabetza-titulartasunik, jabetza etorkizkorik, zin-zinez nork leukake? Nork leukake, eginak egin, egitekoak egiteko, edo egin ezinak egin ezin, bere niaren jatorrizko titulartasunik, bere niaren titulartasun-jabetzarik? Izan al naiteke neroni benaz neure “niaren” jabe? Hala balitz, nola liteke? Jabego batek jabego horretaz besteko batek eduki lezake soil-soilik. Hortaz, ni neurearen jatorrizko jabea banintz, zein naiz ni orain jabetza horren aurrez aurre, edo zein nintzen ni jabetza horren aurretik, edota zein izan ote ninteke ni, neure azkenak emanda, ustezko jabetza horren ostean?
Ni ez naiz neure buruaren jabe,
baina ez ni berez ez naizelako,
inor ez da-eta bere buruaren jabe,
inor ez,
jaiotako ezein gizasemerik ez.
Nola izango da nor bere buruaren jabe?
Jabetasuna erosi egiten da.
Jabetasuna zerbaiten trukean lortzen da.
Jabetasuna… ostuz ere lor liteke…
Nork bere sorkuntzaren gainean, bere kaxa berak berorrek sortutakoren gainean izan daiteke bat ezeren jabea…
Baina nik ez dut nire burua erosi.
Ez dut neure burua aurrez neuk, ni neu izan aurrez, nuen ezeren trukean lortu.
Ezin izan dut neure bizitza ostu nonbaitetik edota norbaiti…
Eta…sortu al dut neuk neure bizitza…?
Bai eta ez, ez eta bai…
Sortuz joan naiz neure nortasuna,
zizelkatuz nire nortasuna,
irudikatzen izango nintzen edota naizen hau.
Neure bizialdia urratzen joan naiz,
eta sortzen, nola ez!
Ez baina benetako sortzaile moduan,
ez baina hastapenetik.
Sortzen joan naiz, nola ez, naizen hau, eta egun naizen gisakoa,
Sortu eta zizelkatu naizen hau,
baina ez hasieratik,
ez hastapenetatik.
Nire bizitza hartu bainuen gomendio,
Artzain batek artalde bat gomendio har lezakeen bezalatsu.
Halaxe hartu nuen neuk neure bizitza, gomendio,
eta nork berea,
eta horrela eta horrenbestez da neure bizitza neurea,
bere gainean nik dihardudalako.
Eta horrexegatik hain justu da nirea,
nire eta neurea berorren jabegoa izan gabe,
neurea, ni eta bakarrik ni naizelako bere ez-jabea,
ni eta soilik ni naizelako bere ez-jabetza duena,
ni naizelako neure bizitzaren ez-jabea,
neure buruaren ez-jabea naizen nola.
Hartu nuen bizitza gomendio.
Hartu nuen nire bizitza gomendio,
ez hastapenetik baina,
jada banengoelako berau hartu orduko,
zaintze aldera, urratze aldera, hartzerako banintzelako jada hartu beharreko huraxe.
Izan ere, zein da bada hartzaile hori? zein zen?
Izan ere, hartzekodunik ez zegoen.
Jasoko zuenik ez zegoen.
Izan ere, hartzekodun izatea, hartzaile izan ahal izatea zen hartu beharrekoa,
eta halan, hartzailea izatea izan zen hain justu ere opari emana,
ez, baina opari eman zitzaidana,
bai, baina, opari eman zena,
opari eman zena ni sor nendin,
eta horrela, gerora, itxura batean, eman izan zitzaidalako irudi ahal izateko.
Baina denok dakigu, finean, bizitza ez zitzaigula eman,
ez geunden-eta,
ez ginen-eta inor.
Eman zen, eman zen gu geu izateko.
Eta emanak izan ginen…
Emanak izan ginen.
Emana izan nintzen.
Bizitzara emana izan nintzen,
bizitzara emana, nire bizitza propioz,
Geroztik neronek eginkizun eta zaintzapean dudan neure-neure bizitzaz,
neurea baino ez dena,
Eta neurea izanik ere, ni ez naizelarik bere jabea…