Inoiz ez da berandu
Inoiz ez da berandu –
Txikitatik maite izan ditut puzzleak. Orduak pasatzen nituen osatzea lortzen nuen arte.
Sarritan, ohera sartu eta jartzeko falta zitzaidan piezarekin egiten nuen amets, amets-gaiztoa gehienetan.
Orduan, ixil-ixilik ohetik altzatu eta ama esnatu gabe egongelara joan, pieza zegokion tokian jarri eta ohera bueltatzen nintzen.
Zaindu ere, kontu handiz zaintzen nituen, pieza bat bera ere galdu ez zedin. Baina batzutan, saihestezina zen, eta oraindik ere gogoan ditut galtze horrek sortzen zizkidan nahigabeak.
Urteak behar izan ditut ulertzeko ni eta puzzleen arteko lotura estu hau. Orain argi daukat.
Urte askotan zehar puzzle osatu gabea sentitu naiz, eta horrek tristura ugari sortu dizkit, eta ez dizut ukatuko, askotan zu, pieza galdua, momentu latz horien erruduna izendatu zaitudala.
Baina bizitzak aukerak eskeintzen dizkigun moduan, nik ere aukera berri bat eskeini diot neure buruari, eta konturatu naiz ez naizela puzzle osatugabea, orri txuriz osaturiko kuadernoa baizik.
Eta hemen ez dago errudunik, bakoitza da bere bizitzaren erantzule bakarra, eta kuaderno txiki honen gidari bakarra ni naiz, beraz, alde horretatik lasai egon zintezke, nire asmoa ez baita zu beste piezen artean enkajatzea.
Kuaderno txiki hontako kapitulu asko jadanik ezin dira aldatu, baina berriak idazteko aukera irekia uzten dut, beraz, gogoratu, inoiz ez da berandu.