Inmunitate ideologikoa

Inmunitate ideologikoa –

Kolektibo -edo artalde- immunitatea infekzio-eragile baten aurrean populazioaren portzentaje altua immune izatean datza, non immunizatutakoek suebaki funtzioa egingo luketeen, kutsatzearen zabaltzea itoz. Covid-19aren kasuan, beharrezkoa omen den % 60-70etik oso urrun gaude, R0 kutsatze-adierazlea <1 dela egunero erakusten badigute ere.

Inmunitate ideologikoa
Arg: Engin_Akyurt (Pixabay)

Populazioaren kutsaduraz jardunez, maiz etorri zait burura ea botere esparruetan halako kontzeptu epidemiologikoak erabiliko ote dituzten ideologia ihardukitzaileak neutralizatzeaz ari direnean. Izan ere, ezarritako ordena kolokan jarri eta beste eredu sozioekonomiko bat proposatzen duten ideologiak gaixotasun bezala irudikatu dituzte historikoki. Marxek eta Engelsek 1848ko Manifestu komunistan iragarritako komunismoaren mamutik, AEBek eta gobernu odoltsu askok komunismo hedatzearen kontra garatutako estrategia krudeletik igaroz, egia-osteko garai hauetaraino, sistema kapitalista eta bere itzalpean eraikitako estatu-egiturak sustraitik ordezkatzea bilatzen duten ideologiak gaixotasun kutsakortzat hartu dituzte. Estatu menderatzaileen kontrako herri zapalduen borroka independentista ere gaitz kutsakorren kategorian sartua izan da, munduan zehar baita Euskal Herrian ere (“dena ETA da” teoria kriminalizatzailea eta Ezker Abertzalearen hautagaitza “kutsatuak” ez dira hain urrun geratzen…).

Disidentzia politikoa kontrolpean mantentzeko, populazioaren talde-immunizazio ideologiko handia ezinbestekoa da. Hots, botererako arriskutsuak izan daitezkeen ideia eta proiektuen influentzia populazioaren gehiengoan eraginik ez izatea, nahiz eta, objektiboki, bere beharrekin bat egin. Ideologia eraldatzaileen aurrean immunizatuta dagoen sektore zabal horrek egingo luke oharkabe suebaki lana, ideia horien zabaltzea oztopatuz. Isolatze sozialaren estrategia ixil honek ideia askatzaileen R0-a ahalik eta gehien gutxitzea dauka helburu. Gramscik teorizatutako nagusitasun kultural horretan, klase menderatzaileak sektore esplotatuen atxikimendua lortzen du bide ezberdinen bidez. Horrela azaltzen da, neurri handi batean, langileez osatutako jendarteetan, Euskal Herria barne, eskuina nagusi izaten jarraitzea, berniz sozialarekin bada ere.

Populazioaren immunitate ideologikoa lortzeko estrategia moldakorra eta dimentsioaniztuna da, elementu ezberdinak konbinatuz. Zigor zuzenaren mehatxua (erailketa, gartzela, tortura, borra-kolpe ala isun administratiboaren eran; momentu soziopolitiko bakoitzak eskatzen duen posologiarekin) zabalki erabiltzen da izuaren bidezko txerto moduan. Ideia politikoengatik lan-esparruan baztertua izateko edo garapen profesionala eteteko beldurrak bere efektu ezkutu baina eraginkorra dauka ere, artaldearen immunitatea etsipenez onartzera eramanez, arazoak ez izateko, infektatuaren etiketa gainean ez eramateko… Baina txerto motarik efizienteena manipulazio mediatikoak eta aisiari loturiko kontsumoak osatzen duten distrazio-tratamendu prebentiboa da. Izan ere, etengabeko dosietan administratuta, errefortzu txertoak egunero jasota, immunitate ideologikoa oso portzentaje altuetara eraman daiteke, ageriko gaixotasun arrastorik gabe. Oharkabetasun eta autoiruzurraren erosotasunaren artean murgilduta, pertsona askoren bizitza aisialdi-industriaren produktuz gainezkatzean eragile kutsakorretatik urrun mantenduko dira. Segurtasun-distantzia ideologikoak hain handiak izango dira kutsatzea ezinezko egingo dutela. Ezinbestekoa dugun aiziaz haratago, agerikoa da Netflix, milaka bideojoku, reality eta telesail, baita premia handiz berrabiarazten diren futbol profesionalaren lehiak, oso elementu baliagarriak direla ideia eta ekimen arriskutsuen kutsatzearen kontrako suebakia indartzeko. Distrakzio-tratamenduak ez du tarterik utziko beste jendarte posible hori irudikatzeko.

Ideologikoki immunizatzeko nonahiko eta noiznahiko kanpainaren efektua ez da homogeneoa pertsonen artean, gogamenek tratamenduari era ezberdinetan erantzunez. Batzuengan txertatze-saiakerak ondore txikia dauka eta erreaktiboak eta kutsakorrak izaten jarraitzen dute. Beste askoren kasuan efektua erabatekoa da, errefortzu txerto jarraituekin bizitza osorako immunitatea ziurtatuta. Eta beste batzuekin, immunitate partziala edota aldi baterakoa lortzen da, baldintzen arabera ideia eraldatzaileez kutsatzeko posibilitatea mantenduz, bidegabekoaren aurrean erreakzionatzeko gaitasun bat gordeta.

Herrien immunitate ideologikoa kalkulatzea ia ezinezkoa da, eta posible izango balitz, ez lukete inoiz datua emango. Ez dut zalantzarik Euskal Herrian beste jendarte askotan baino baxuagoa dela, historikoki garatutako borrokei esker. Egoera berezi honetan ere, zailtasun praktikoen gainetik, herri ekimen ugari burutzen jarraitzen dira konformismo, geldotasun eta indibidualismoaren pandemiaren aurrean. Aldiz, ziurgabetasun egoera aprobetxatuz, burgesia beste neurri batzuk burutzen saiatuko da kontrol soziala eta bere hegemonia sendotzeko, klaseen gainetiko zeharkako mezuekin apainduz (“guztiok gaude itsasontzi berean”, “birusak ez du ezberdintzen hiritarren artean”, “honetatik guztiok batera aterako gara”…).

Hurrengo hilabete eta urteetan, “normaltasun berri”ra helduta, miatuko dugu zein puntutan lortu duten populazioaren immunitate ideologikoa igotzen. Era berean, ikusiko dugu zein neurritan ideologia askatzailez kutsatutako herri sektoreak egoerara moldatzeko gai izan diren, beharrezko mutazioak garatuz beren birulentzia handitzeko baita populazioaren uztezko sektore immunizatu gehiago aktibazio politikoaz kutsatzeko ere. R0>1 helburu.

 

Berrian argitaratua

Inmunitate ideologikoa
Inmunitate ideologikoa

Internazionalista. EHUko irakaslea