Infernura joan behar badugu, joango gara, baina ez gaitzatela izutu!

Infernura joan behar badugu, joango gara, baina ez gaitzatela izutu! –

Titulua Mesatxeri zor diot, nire eskualdeko pertsonaia handiari, zeinak, diotenez, apaizek eliztarrak heriotzarekin, bekatuarekin eta infernuko zigorren espektroarekin beldurtzen zituzten ariketa izpiritual haietako batetik irtetean bota baitzuen, orain dela ez asko.

Mesatxek antzinako kultura bat irudikatzen zuen, indigena, bizitzen eta hiltzen zekiena. Nik maisu onak izan nituen, eta beraien ikasgaiak ez ahaztea espero dut. Gure aitona izenkideari elkarrizketa bat grabatu nion Karonteko txalupan sartu baino ordu batzuk lehenago. Haraindikoaren beldur ote zen galdetu nion, eta bere erantzuna bere biderakoa izan zen: “Ze beldur izango dut bada, mekaguendios!, nire bizitzan lana besterik ez dut egin-eta!”. Nire aita berdina zen. Familiako inork ez zuen berarekin joan nahi ehorzketetara, umore beltza baitzuen, eta horrek barrez lehertarazten baitzuen gaubeila osoa. Pandemia honetan txisteak egiten imajinatzen dut. Nik beti uste izan nuen aita funtsik gabekoa zela, harik eta minbizi goiztiar batek amaiera iragarri eta txapela azpian Seneka bat zuela erakutsi zigun arte. Azken muturreraino barre eginaraziz oroitzen dut, kanpoko beilatan egin zuen bezala. Ez zuen bere inguruan sotanarik nahi izan –”Jainkoaren eta nire artean ez da bitartekaririk behar” esan zigun-, amari galdetzen zion bitartean: “Maria, zein aldetara nahi duzu ni hiltzea, eskuinera ala ezkerrera?”.

Infernura joan behar badugu, joango gara, baina ez gaitzatela izutu!

Nire aita ez zen salbuespena izan hiltzerakoan inoiz uzta biltzera iritsiko ez ziren olibondoak landatzen zituen zaharren gizartean, zeinetan ongi zekiten bizitza dela heriotzatik soberan dugun apurra. Tximista bat gau amaigabean. Bi adarren arteko kliskada bat. “Hil egingo naiz? Izorratu beharko! Hor dauzkazue sei erreal praketako poltsikoan”, esan zuen Lorea nire herrikideak bere azken ahokadan.

Heriotza hain zen onartua, non, bere osasunari buruzko gezur errukitsuetatik edo gaur egun hildakoei ematen dizkiegun animo faltsuetatik urrun, txaloka ari zirela esaten baitzitzaien. Gogoan dut nire lagun Erramun Martikorenari galdetu nionean nola hil zen bere amatxo Baigorrin, esan zidala: “Arras ongi! Berak erran zautan: leihoa hertsi”. Izan ere, Nafarroa Beherean, norbaiti gutxi falta zaionean, nahiz eta kontziente egon, gelako leihoak ixten dizkiote, behin betiko itzalaldia iragarriz bezala. Anak, Otsobiko etxandrak, azken muturreraino baserriko andereak, berak agindu zuen ixteko. Nire herrian, prosaikoago, ilunabar bat gogoratzen da, hilzorian honela esan zutena: “Hara aita, hil zaitezke, egina dago-eta gastua!”.

Gure hildakoak akordura ekarri ditut; izan ere, pandemia, arrisku eta hil-usain egun hauetan, uste dut zerbait ikasi beharko dugula gure zaharrengandik, gure antzinako kulturatik. Ondo daude, eta bete egin behar dira, segurtasun-neurriak, distantziak, maskarak eta, batez ere, sen ona. Baina birusa bezain kezkagarria da herrixkaren zati batean ikusten duzun izu hori, begietako beldur hori; kontrako espaloira ihes egite hori, Pedro Boteroren galdaretara eraman nahi gaituen deabrua bizitza osoko bizilagunarengan ikusiko bagenu bezala. Are txarragoak dira, beren bertute koldarraz baliaturik, hiritartasunez beterik, hedabideek jazarrita, edozein poliziari deika aritzen direnak, ohartaraziz pinudi batean sei gazte baino gehiago daudela edo auzokoek iloba gehiegi bildu dituztela urtebetetze batean.

Edozein agintarik agintzen dion guztia egingo duen jendea, menpekotasun oro txalotuko duena, edozein urratze salatuko duena eta egunetik egunera ikaratuago, dohakabeago, esklaboago ohean sartuko dena. Prestatzen ari diren jendea, hemendik ateratzen garen egunean inor ez dadin kalera irten oihuka: behera kapitalismo harraparia; aski da planeta izorratzeaz; aski da osasuna, hezkuntza, guztion lurra pribatizatzeaz; aski da gorputzak eta buruak pozoitzeaz! Munduko anabasa hau zuzentzen duen sistemak izutu egin behar du, beldurra, batez ere klase ertainena, beti izan baita faxismoen parterorik onena. Anaia Handiak milioika anai ditu beldurtuta, berarentzat lanean.

Giltzaperatzea, lagunengandik aldentzea, lana bertan behera uztea, jai egiteari uztea, hori egin beharko da, egiten ari gara, baina diziplina militantearekin eta ikuspegi iraultzailearekin. Tristurari, beldurrari, etsipenari, konformismo sozialari ardite bat utzi gabe. Entzierroko ordu bakoitzak, apalak antolatzen edo alazenak garbitzen ditugun bitartean, aldaketak amesteko balio behar du; hesiak hausteko; pertsonak eta herri libreak, eta ez bankuak, planetaren erdian jarriko dituzten etorkizuneko matxinadak ikusteko. Maskara ez da zimarroientzako muturrekoa, ez ditu ahotsa eta ideiak estaltzen. Beste akuilu bat da. Kentzen dugunean, tiraniaren aurka konspiratzen jarraitu beharko dugu, are indartsuago.

Kontrolik gabeko beldurra, pandemia eragiten ari den hildako bizidunak, neurri sanitario logikoetatik haratago, zerbait induzituak dira. “Beldur gutxiagoko heriotzak bizitza gehiago ematen du”, esan zigun Fidelek, konpromisora bultzatuz. Mesatxek, nire herriko filosofoak, beste era batera esaten zuen: “Beldurrak hiltzen duenari kakazaharrez egiten diote hilobia”.

* Erredakzioan itzulia

Infernura joan behar badugu, joango gara, baina ez gaitzatela izutu!